Bizitzak erdigunera ekartzeko urgentziak eta aukerak

Amaia Zufia Erdozain

Euskal Herriko Bilgune Feminista

 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aspaldi diagnostikatu zuen kapitalismo patriarkalaren birfundatze zikloa, eredu hau sostengaitza dela ohartarazita. Agertoki arrakalatu honetan mobilizazio gaitasun handia erakutsi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken urteotan. Horretarako indar-gunerik egon bada, komunitate, sare edota afektibitate sendoak sortzeko gaitasuna izan da, subjektibitate propioa eta GUa trebeziaz harilkatuta. Berriki Bilgune Feministan antolatutako Araka ditzagun gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetan berretsi genuen moduan, Mugimenduan barne mailako aliantzak zein  elkarrizketak, eta jendartean eragiteko agendaren artikulazioa uztartzen jarraitu beharko dugu datozen garai ilunetan. Baliteke aukeraz beteriko garaiak izatea ere, jendartean hitzarmen eta gehiengo berriak sortzea ahalbidetuko dizkigutenak, bizitzak erdigunean jartzeko antolaketa sozialaren norabidean.

 

Izurriteak egoera sozial eta politiko latza utzi du agerian: urruntze soziala, zaintza lanen pribatizazioa, zerbitzu publikoen eta lan baldintzen amiltzea, telelana eta lanaren intentsifikazioa, beldurraren erabilera, sare komunitarioak ahultzeko neurriak e.a. Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak, esaterako, merkatuarekiko dugun menpekotasuna, zerk duen egiturazko lehentasuna eta, horrez gain, agerian geratu da askotariko indarkeriek zeharkatutako gure jendarte desorekatu eta injustuaren izaera. Gainera, kolpe batean agerian geratu dira orain artean ezkutuan konpontzen ziren zaintza lanak, bizitzari eusteko funtsezko garrantzia duten jarduerak direla.

 

Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak

Lehertu zaiguna, beraz, zaintza krisi sakona da, eta aurreko krisietan moduan, emakumeak* gara kolpatuenak. Izan ere, bizitza sostengatzeko lan erreproduktibo guztia esparru feminizatuetan ematen da eta horietan klase gatazka oldartu egin da, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan, zaintza kate globalak duen eragina dela kausa. Soldatapekoak diren zaintza lanen kasuan, etxeko langileen egoera bereziki kezkagarria da, krisialdi honetan inolako babesik gabe geratu baitira. Emakume hauek dira, azken urte hauetan, bereziki, pertsonen arreta eta zaintza premiei erantzun diotenak etxeetan, sistema publikoaren gabeziak betez. Etxeko langile egoiliar asko kale gorrian daude orain; edota sasi-konfinamendu egoera iraunkor honetan, etengabeko lanaldiak egitera behartuta, beraien lanpostuan konfinatuta geratu direlako. Modu berean, erresidentzien egoera lazgarria da, doako zerbitzu publiko eta unibertsala beharko lukeena azpikontratatuta baitago, baldintza prekarioetan eta ezegonkorretan. Urteetan metatutako pribatizazioek eta murrizketek kolapsora eraman dituzte egoitzak, bertako langileak eta erabiltzaileak arriskuan jarriz.

 

Honezkero, sexuaren araberako lan banaketan sakontzen ari da. Izan ere, emakume* asko lan merkatutik ateratzen ari dira. Lanaldi murriztuak eta telelana hautatzen gehiengoa dira, eremu publikotik berriro pribaturanzko norabidean doazela. Bereziki kezkagarria da familiarizazio prozesuaren areagotzea. Zaintza-zama arintzen laguntzen duten zerbitzuak ixten joan ahala, karga horiek familiako emakumeengana* itzultzen ari dira. Euskal demokrazia patriarkala (2020) liburuan argi azaltzen denez, ezin liteke ulertu emakumeek lan ordainduan duten kokapena, lan ez ordainduan duten pisua kontutan hartu gabe. Horregatik, sindemia1 honi aterabide feminista bat emateko prozesua, dimentsio bikoitzekoa izan behar da: bizitza eusteko jardueren desmerkantilizazioa eman behar da, baina baita desfamiliarizazio prozesu erradikal bat ere.

 

Ezin liteke ulertu emakumeek lan ordainduan duten kokapena, lan ez ordainduan duten pisua kontutan hartu gabe

Bizitzen degradazioa areagotzen ari den garai honetan ere, kapitalaren akumulazioak aurrera egin dezan, gorputz zehatz batzuk azpiratzen ari dira. Marko horretan kokatu behar dugu Covid19aren aitzakiaz azken hilabeteetan harturiko erabaki politikoek gordinki azaleratutako arrazakeria, prekarietatea, emakumeen aurkako bereizkeria eta herri burujabetzaren galera. Horren adibide dira, besteak beste, muga eta kaleen militarizazioa; abusu polizial eta instituzional arrazistak; indarkeria matxistaren gorakada; burbuila hetero-nuklearrak, euskal preso politikoen bakartzea eta bisiten mugak; gure lurraldean erabakiak hartzeko ahalmenik ez izatea edota  euskararen atzerakada erakundeetan eta zerbitzu publikoetan.

 

Langileon esplotazioa larriagotu da, batez ere “oinarrizko” gisa izendatutako esparru feminizatu horietan

Langileon esplotazioa larriagotu da, batez ere “oinarrizko” gisa izendatutako esparru feminizatu horietan. Lan ordu luzeak, baldintza kaxkarrak, segurtasun neurri eskasak eta tentsio psikologiko sostengaezina dira nagusi. Baina gobernuek ekonomiaren salbazioa lehenetsi dute. Hala, enpresen erreskatean, AHTak sortzen duen zulo beltzean edota produkzioa jaitsi ez dadin inbertitzen jarraitu dute. Argi geratu da gure bizitzak sostengatzea ez dela errentagarria kapitalismoarentzat eta hauen gordailu diren CONFEBASK, CEN, Eusko Jaurlaritza edota Nafarroako Gobernuarentzat. Nola uler daiteke bestela Gasteizko eta Nafarroako Legebiltzarretan bizitza erdigunean jartzeko eta zaintza krisiari aurre egiteko hainbat neurriei uko egin izana? Edota Donostiako Inpernu Fabrika desalojatu izana? Aldi berean, estatu frantziar eta espainiarraren proiektuak bizi duten krisia agerian da inoiz baino gehiago, bere egiturak,  gobernantza eta lurraldetasun eredua edota identitatea barne. Hasieran aipatu bezala, argazki hau gure alde baliatu genezake feminismotik paradigma berrietarantz trantsitatzeko.

 

Urgentzia bihurtu da zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak sozializazio bidean jartzea

Azken aldian, feminismotik aldarrikatu dugu euskal zaintza sistema publiko komunitarioa. Antolaketa oso bati erantzuten dion proposamena litzake, ongi ezaugarritzeke dagoena, baina ezagutzen dugun eredua irauli ahalko lukeena. Helburu horretara iristeko mapan, hainbat koordenada ditugu. Zaintza lanen berrantolaketaren bidean, iparra guztiontzako zaintza eskubidea da. Bada, hori bermatzeak, gizonek eta estatuak erantzukizuna hartzea dakar, baita komunitateak. Halaber, zaintza zerbitzuen berrantolaketa, dibertsifikazioa eta publifikazioa eskatzen du. Bestalde, zaintzaileen lan eta bizi  baldintzak hobetzea ezinbesteko urratsa da eta, horretarako hitzarmen kolektiboak lortzea egoitzetan, etxez etxeko zerbitzuan edo etxeko langileen esparruan.

Bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte eredu baterantz urratsak emateko proposamen politiko kolektiboa behar dugu, heteropatriarkatuaren, pribatizazioaren, kapitalismoaren eta kolonialitatearen arrakaletatik haratago doana. Urgentzia bihurtu da zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak sozializazio bidean jartzea. Prozesu hau, noski, kokatua izan behar da, alegia, Euskal Herriko errealitate eta borroketatik abiatu behar da.

 

Oharrak

1 Sindemia bat pobreziak edo egiturazko indarkeriak eragindako osasun ekitaterik gabeko egoeran garatutako gaixotasunen epidemien edo agerraldien batura da, dimentsio anitzeko osasun eta gizarte krisia eragiten duena..|Itzuli

Bizitzak erdigunera ekartzeko urgentziak eta aukerak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri