(Prekarietateak) Opor APPartak!

Maddalen Dorador Rubio

LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako arduraduna

 

Badator uda eta horrekin batera lan eskaintza oparoa. Oparoa bezain prekarioa. Hori bai, denon ardura da hiri desiragarriak egitea, irribarretsu agurtzea Euskal Herria ezagutzera etortzen den orori.

Atzean gelditu da Euskal Herri industriala. Munduaren errotazioarekin batera, gurera ere iritsi da industriaren gainbehera zerbitzuen mesedetan. Jada ez omen da errentagarria bertan torlojuak egitea, zer esanik ez kotxeak. Zoritxarrez ordea, errentagarritasun eza hori ez da planetaren muga biofisikoengatik. Potentzia handien diru goseak lur berriak esplotatzeko anbiziogatik baizik.
Egun, zerbitzuetan dagoela errentagarritasuna gehitxo esatea litzake. Errentagarritasuna baino, prekarizazioa, eskulan eskaintza merkea, esklabutzaren muga fineko lan baldintzak daudela esan beharko litzake. Noski, horrek, negozio borobila egiten du: gutxi ordainduz, diru asko atera.

Uda garaiarekin batera, lanpostu mordo bat ateratzen da eskaintzara. Aurten, bereziki. Bi urteko udaldi apalaren ostean, aurreko garaietara itzultzeko ahotsak daude edonon. Gainera, bi urte hauetan azkar zabaldu den abantaila batekin: edozer mugikor bidez eskuratu dezakegu. Zerbitzuen eskaintza berria martxan da.

Munduaren errotazioarekin batera, gurera ere iritsi da industriaren gainbehera zerbitzuen mesedetan

Pizza bat nahi duzula? eskatu mugikorretik. Ezagutzeke duzun hiri horren historia jakin nahi zula? Eskatu mugikorretik. Txalupatxo bat alokatu nahi duzula, txirrinda, motorra? Eskatu mugikorretik. Lo lekua behar duzula? Eskatu mugikorretik. Zure ingurukoak bakarrik utziko dituzula oporretan eta zaintzaileak behar dituzula? Eskatu mugikorretik.

Hauxe da udararako plan APParta. Dena eros eta sal daiteke mugikorreko APPen bidez. Bidaiatu dezagun pertsonei aurpegira begiratu gabe, guztia mugikor bidez kontratatuz, langileekin hitz egin gabe, ezta ordaintzeko ere. Hori bidaiatzeko aukera dutenek. Gainontzekoak, gurean geratuko gara, mugikorrari begira gure txanda noiz iritsi zain, gure jakintza eta esperientziak bi xoxen truke sarean eskainiz.“dena aldatu da, denak berdin jarraitzeko, gure bizitzak beti salgai”

auxe da udararako plan APParta. Dena eros eta sal daiteke mugikorreko APPen bidez.

Langile bezala eze ezik, herritar nahiz kontsumitzaile bezala, arretaz begiratu behar diogu zerbitzuen eskaintza honi. Gu geu baikara askotan, hainbeste kritikatzen dugun balore neoliberaletan erortzen garenak, langileen interbentziorik gabeko zerbitzuak eskuratu nahi ditugunak, orain eta hemen. Baina horren guztiaren atzean, negozio borobila dago: datuen salerosketa masiboa.

Amazonek esaterako, ez du garraio zerbitzurik egiten. Soilik logistika lanak egiten dituela esaten du. Guztiok ikusten ditugu, ordea, egunean milaka furgoneta irribarre urdinarekin. Gidari horietako bakar batek ere ez du amazonekin kontratua, nahiz eta Amazon izan furgonetarako errotuluak jartzera behartzen duena, zein pakete garraiatu behar duen agintzen diona, egiten duen ibilbidea ordenagailuz kontrolatzen diona, kontsumitzaileen balorazio noten arabera sailkatzen duena...

Amazonek esaterako, ez du garraio zerbitzurik egiten. Guztiok ikusten ditugu, ordea, egunean milaka furgoneta irribarre urdinarekin.

Antzeko zerbait gertatzen da APP bidez eskuratu dezakegun edozein zerbitzurekin. Ez dago langilerik hauen atzean, ez lan kontraturik eta ondorioz ez eskubiderik. Langileak autonomo gisa alta ematera behartuak daude, zerbitzua eskaintzeko behar dituzten materialen jabe dira, izan bizikleta, izan garbiketa produktuak... baina ezin dute zerbitzua aukeratu, are gutxiago zerbitzuaren prezioa. Hori dena, nagusia den adimen artifizialak ezartzen die. Horrek dakarren guztiarekin, negoziatzeko aukerarik ez, kexatzeko aukerarik ez.

Honen guztiaren atzean, datuen jasotze eta salerosketa masiboa dago. Gure gustu, anbizio eta desioak adimen artifizialaren esku, doan, eurek marketin negozio borobila egiten duten bitartean.

Gure imajinarioa oraindik iristen ez den eremuetan zabaltzen ari dira negozio hauek. Eta hala ere, azken hilabetean, hainbat mezu distortsionatu eta arriskutsu iristen ari zaizkigu komunikabideetatik mantra gisa:

- Gazteriak ez du lan egin nahi, bakarrik parrandan pentsatzen du
- Ez dago langilerik ostalaritzarako ezta eraikuntzarako ere
- Pertsona migratu edo arrazializatuek nahiago dute diru-laguntza jaso lan egin baino
- ...

“Esan gezur bat mila aldiz, errepikatu hitzez hitz, handik gutxira ikusi egi bihurtzen”

Argi geratzen ari da milaka langile, lan egiteko prest gaudela baina ez edozein preziotan.

Baina gezurrak hanka laburrak dituela esaten da eta seguruenik, ez da udarara iritsiko. Euskal herriko kaleak konfliktibitatez beteak daudelako, mobilizazio eta grebak edonon. Argi geratzen ari da milaka langile, lan egiteko prest gaudela baina ez edozein preziotan. Ez gaude prest langileon eskulana adimen artifizialei musutruk eskaintzeko.

Aurtengo udaldian ere, zerbitzariok, garbitzaileok, zaintzaileok, riderrok, merkatariok.... ezinbestekoak izango gara, gure herri eta hiriei bizia ematen diogunak garelako, herria egiten dugulako. Horretarako, gure lan baldintzak ere duinak izan behar dira, eskaintzen dugun zerbitzuaren eta enpresen irabazien pareko baldintzak nahi ditugu. Dagokiguna nahi dugu, ez gehiago ezta gutxiago ere.

Eskaintzen dugun zerbitzuaren eta enpresen irabazien pareko baldintzak nahi ditugu. Dagokiguna nahi dugu, ez gehiago ezta gutxiago ere


Beraz, udaldi honetan ere bada argirik. Langileontzat ere garai APParta delako elkar antolatu eta borrokatzeko. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzearen alde lerrokatu eta aktibo izan behar gara bizitza bizigarrien alde, pertsona guztientzat. Euskal Herri erakargarri bat egin dezagun lan baldintza duineko zerbitzuak eskainiz. Euskal Herri erakargarri bat egin dezagun lan baldintza duineko zerbitzuak kontsumituz. Egin dezagun posible!

 

(Prekarietateak) Opor APPartak!
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri