Oraindik ere hautsak harrotzen dituen eztabaida

Joan den ostegunean, azaroaren 23an, labetik atera berri dugun “Talaia 03: lanaren eta aberastasunaren banaketa” aldizkarian landutako eztabaidan sakontzeko antolatutako mahainguruaz gozatzeko aukera izan genuen.

 

Talaia 03

 

Zita Donostiako Ibaetako Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean izan zen, hain zuzen ere. Talaiaren azken ale honetan ekarpena egindako hiru lagun izan ziren, bakoitza bere posiziotik, eztabaidarako elementuak aurkezteko ardura izan zutenak. Alde batetik, Edurne Larrañaga Celada, LAB-eko Ekintza Sozialeko Antolaketa Idazkaria; bestetik, Ruth López Herrero, Erletxeako eta Baladdre Koordinadorako kidea; eta, azkenik, Eduardo Garzón Espinosa, Madrileko udalean gai ekonomikoetan aholkulari eta Attac-eko kidea.

 

Argi dago lana eta aberastasuna nola banatu ez dela arratsalde batean askatzeko korapiloa. Hizlariek ere argi zuten. Proposamen desberdinak ezagutu, eta bakoitzak eskain diezazkigukeen onuren, ahulguneen eta euren artean egon daitezkeen lotuneen inguruan hausnartzea zen helburua.

 

Eduardo Garzon

 

Edurne Larrañagak ireki zuen saioa. Gai honi dagokionez LAB-ek izandako garapena azaldu zuen: enplegua banatzeko, lanaldiaren murrizketaren aldeko apustua, eta soldata soziala enplegua bermatuta ez duten pertsonentzako. 1997-2000 urteen artean euskal gehiengo sindikalak eta  mugimendu sozialek burututako borrokaldia eta bere ondorioak ere azaldu zituen: 35 orduko lanaldia sektore publikoan, eta nahiz eta gerora Jaurlaritzak proposamena desitxuratu, beharrezkoa zutenentzako oinarrizko errenta bat (egungo DSBE-ren aurrekaria).

 

Eduardo Garzónek gero eta entzutetsuagoa den Bermatutako Enpleguaren proposamena aurkeztu zuen. Proposamen honen arabera, Estatuak lan egin ahal eta nahi duen herritar orori enplegua bermatzeko betebeharra edukiko luke. Horretarako, gaur egun ezkutuan eta ordaindu gabe garatzen diren lanak edo merkatuan errentagarriak ez direlako sortzen ez diren baina sozialki beharrezkoak diren lanak enplegu bihurtuko lituzke. Gainera genero ikuspegia, parekidetasuna, sostengarritasuna, naturaren zaintza… kontuan hartzeko irizpideak jarriko lituzke. Enplegu programa publiko horren diseinuaren ardura, ordea, komunitateak egingo luke, bere beharrizanak oinarri gisa hartuta.

 

 

Ruth Lopez

 

Ruth López-ek oinarrizko errenta proposamen desberdinak bereiztuz hasi zen, baldintzatutako Gutxieneko Errentak (DSBE EAEn, Bermatutako Errenta Nafarroan) alde batetik; Oinarrizko Errenta Unibertsala bestetik; eta, azkenik, Baladrek proposatzen duen (pertsona) Berdinentzako Oinarrizko Errenta. Azken honetan, per capita errentaren kopuruaren erdia jasoko luke herritar orok pertsona izate hutsagatik, bere adina edo jatorria edozein delarik ere. Kopuru horren zati bat, gainera, funts komun bat osatzeko erabiliko litzateke, komunitateak erabakitako helburuetara bideratzeko. Beste bi proposamenekin alderatuta, honetan bizitzeko oinarrizko beharrizan materialak bermatzeko bide nagusia,  edo bakarra, ez dira lanetik eratorritako errentak.

 

Behin proposamen guztiak aurkeztuta, eztabaida eta galderetarako tartea zabaldu, eta berehala iritsi zen bukatzeko ordua, galdera eta ekarpen uholdea etorri zen eta. Ezin esan hurrengo urteetarako bide-orri batekin atera ginenik, baina zalantzarik gabe, hausnartzeko ideia askorekin bai.

 

Oraindik ere hautsak harrotzen dituen eztabaida
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri