Andoni Egia | Donostiako maizterren sindikatua

«Jabe eta errenta ordaintzen dugunon arteko antitesia ikustarazten dugu, klase gatazkaren beste espresio bat»

talaia11 andoni egiaAndoni Egia, Geografian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen. Giza Garapen Iraunkorra, Garapen Lokala eta Globalizazioan masterra (UdG) eta Lurralde-Plangintza eta Ingurune-Kudeaketan masterra Bartzelonako Unibertsitatean. Maizterren Sindikatuko kidea.
 

Zer da Maizterren Sindikatua eta zertarako sortu zen?
Donostialdeako Maizterren Sindikatua bizilagun antolatuen asanblada bat da, etxebizitza alokairuari loturiko arazoei kolektiboki aurre egiteko helburuarekin osatua. Alokairu duin, eskuragarri eta egonkorren alde egiten dugu lan, gizarte mobilizazioa sustatuz horretarako. Epe luzera begira, etxebizitza eskubidearen defentsa eta etxebizitzaren desmerkantilizazioa ditugu helburu.
Alokairu prezio altuen, etxe-kaleratzeen eta putre funts zein jabe inmobiliario handien gehiegikerien aurka borrokatzeko tresna da sindikatua. Uste dugu pertsona guztioi etxebizitza izateko eskubidea bermatu behar zaigula, eta  etxebizitzen gizarte funtzioa eta erabilera-balioa lehenetsi behar direla, espekulazio eta turismo erabilerari loturik ematen den truke-balioaren ordez. Horregatik, alokairu prezioen erregulazioa, gizarte alokairu publikoen handiagotzea eta etxe hutsen mobilizazio urgentea eskatzen ditugu, gentrifikazio zein turistifikazioaren aurka egiteaz gain.
Etxebizitza eskubidearen defentsak jendetzak mobilizatzen ditu mundu osoan zehar. Donostialdean ere erantzun bat antolatzea oso beharrezkoa ikusi genuen, gizarte mobilizazioa, elkartasuna eta elkar-laguntza konbinatuz. Horrela sortu genuen Maizterren Sindikatua.

Lan mundutik haratago doan, baina langileon bizitzetan nabarmen eragiten duen gai bati (etxebizitzarena), logika sozio-sindikal batetik erantzuten diozue.

Alokairu duin, eskuragarri eta egonkorren alde egiten dugu lan

Bai, lan mundutik haratago doa, baina bete-betean kokatzen da kapitala vs bizitza talka horretan. Esan dezakegu lan munduaren B aldea dela. Horrenbestez, sindikatu forma hartu izana ez da kasualitatea.
Sindikalgintza klasikoak lan munduan ekoizpenerako baliabideen desjabetzetik eratortzen diren mozkinak disputatzen dituen bezala (lana vs kapitala talka), guk jabe eta errenta ordaintzen dugunon arteko antitesia ikustarazten dugu, klase gatazkaren beste espresio bat bezala. Gatazka hau, ikuspegi intersekzionalitatetik ulertzen dugu, genero arrakalak, arrazismo estrukturalak… are eta larriagoa bilakatzen baitute jada larria den etxebizitzaren arazoa.
Horregatik, klase bezala, elkarlan eta kolektibotasunaren bidez, jabetza duten horiekiko gatazkak sortuaz, gure eskubide kolektiboak defendatzea bilatzen dugu. Horri begira, negoziazio kolektiboak ahalbidetzea dugu helburu taktikoa. Dena den, gure azken helburuak jabe eta ez-jabe horien arteko harreman sozialak gainditu eta  gure hiriak desmerkantilizatzea eta sozializatzea lirateke.
Horretarako, uste dugu sindikatu forma (Euskal Herrian indarra eta zeresana duena),  eredu aproposa dela. Sindikatu izaerak berak ikustarazten baitu jabe eta ez-jabeen arteko harreman sozial hau klase gatazkaren beste espresio bat dela, etxebizitzaren eremuan erreproduzitzen dena.
Sindikatu batekin elkarrizketan ari garela aprobetxatuz, argi utzi nahi dugu zeharo irekita gaudela lan munduko sindikatuekin aliantza estrategiko bat garatzera, txanpon beraren bi alde islatzen baititugu. Askotan, lan eremuan sindikalgintzaren bidez irabazten ditugun eskubide horiek, etxebizitzaren eremuan galtzen baititugu, espekulazioaren eta errenten igoeren bidez. Klase jabeek, etxebizitzaren propietate forman (enpresa propietate forman bezala), guk sortzen dugun balioa xurgatzen dute.

 

Donostiako maizterren sindikatua talaia 11

Donostiako maizterren sindikatua maizterrensindikatua.eus

 

Zein dira, momentuz, garatzen dituzuen lan-ildo nagusiak?
Lan eremu ezberdinak dauzkagu. Batetik, eta nagusiena, aholkularitza kolektiboarena da. Normalean maizterrok etxebizitzarekin ditugun arazoak modu indibidualean bizi ditugu. Arazo horiei kolektiboki erantzuteko, aholkularitza puntu ireki bat daukagu, bi astean behin batzen dena. Horietan, web orriaren edo emailaren bidez jasotzen ditugun arazo edo kasu zehatzei erantzuten diegu. Baditugu horretarako baliabideak, abokatuak, adibidez. Horregatik aldarrikatzen dugu afiliatzearen beharra, afiliazioak eskaintzen dizkigulako gure borroka garatzeko ezinbestekoak diren tresnak: erresistentzia kutxa, baliabide ekonomikoak, juridikoak… Hemendik ere animatu nahiko genuke jendea maizterren sindikatura afiliatzera.
Hori, esan dezagun, gatazka indibidualei dagokionez. Baina, lehen esan dudan bezala, etxebizitzarena arazo estruktural bat da, eta, beraz, estrukturalki ere eragin nahi dugu. Horri loturik daude, funts putreen aurkako borroka edo SAREBekin ireki dugun gatazka.
Horrez gain, borroka hauek lurraldean hedatzea ere bilatzen dugu, hiriaren inguruan lan egiten duten beste eragileekin artikulazioak bilatuz eta hiriaren desmerkantilizaziorantz elkarlan esparruak sustatuz.

Euskal Herriko beste herri batzuetan ere badaude etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduak  antolaturik. Zuena Donostiakoa da. Errealitate espezifiko horren diagnostikorik baduzue? Zein ezaugarri bereizgarri ditu? Zein eragin du Donostia turismo hiri izateak?

Kapital metaketarako esparru nagusienetakoa bihurtu da espekulazio urbanistikoa, etxebizitzarako daukagun eskubidea jomugan jarriz

Ezaguna da Donostia dela estatuan alokairu metro karratua garestienetakoa duen hiriburua. Eta hau ez da kasualitatea. Donostia betidanik egon da turismora oso bideratuta, baina azken urteetan  turistifikazio masibo bat ematen ari da. Kapital metaketarako esparru nagusienetakoa bihurtu da espekulazio urbanistikoa, etxebizitzarako daukagun eskubidea jomugan jarriz.
Honek guztiak  oso politika zehatzak dauzka atzetik. Hor kokatzen ditugu azken urte hauetan turistifikaziora begira garatu diren politika publiko guztiak. Helburu nagusi gisa Donostia nazioarteko mapan jarriz turistak erakartzea izan dutenak. Horrek ezinbestean dakar etxebizitzaren garestitzea.

Azken aldian funts putre deiturikoen gaia sarritan entzuten da. Hauek Donostian ere badute presentzia. Zer dira edo nola funtzionatzen dute? Eta zein eragin daukate etxebizitzen alokairuetan?
Funts putreak nazioarteko inbertsio funtsak dira, zeintzuek etxebizitzaren merkatuan jokatzen duten.
Daukaten inbertsio gaitasuna baliatzen dute, eraikin osoak erosiz merke daudenean (sarritan bankuen jabetzakoak direnak, etxe kaleratzeen bidez eskuratuak, edo SAREBek bezala aktibo toxikoak erosiz lortutakoak) ondoren horiekin espekulatzeko. Funts hauek badaukate gaitasuna zain egoteko, merkatuko prezioak igotzen direnean hauek salduz espekulatzeko. Esan dezakegu, kapital inbertsio funtsek jabetza handiak eskuratu eta hauekin merkatua beraien zerbitzura jartzeko mekanismoak direla funts putreak.

Azken urteetan alokairuen prezioek etengabe gorantz egin dute. Alokairuen prezioen igoera horri aurre egiteko, zein erantzun eman daitezke zuena bezalako mugimenduetatik?

Gure buruak salbatzeko baliabideak eta indarrak sortu eta partekatu behar ditugu

Erantzun nagusi eta zentrala, kaltetuen eta biztanleen auto-antolakuntza prozesuetan kokatu behar dela uste dugu. Gure buruak salbatzeko baliabideak eta indarrak sortu eta partekatu behar ditugula. Mobilizazio sozialaren bidez, botere establezitua gainditu eta desbordatzearen bidez bakarrik egin ahal izango baitugu aurrera.  Bide horretan, bat egiten dugu bai nazioartean, bai estatu mailan eta bai Euskal Herriko beste tokietan lanean ari diren eragile guzti horiekin.
Badaude horretarako tresna ezberdinak, adibidez alokairuen greba, baina baita ere etxegabetzeak geldiaraztea. Helburua, orain arte ikusezinak ziren gatazka guzti horiek mahai gainean jarri eta, borrokatuz, presio sozialaren bidez, egoerari buelta ematea litzateke.

Eta, zer espero daiteke instituzioez? Zein pausu eman daitezke?
Esango nuke guk presionatzeko daukagun indarraren araberakoa dela instituzioetatik espero daitekeena. Dena den, instituzioentzat etxebizitzarena nolabaiteko marra gorri bat izan beharko litzatekeela argi dugu, osasuna, hezkuntza etab. diren moduan. Giza eskubide bat den heinean, mundu guztiak bermatua izan beharko lukeena.
Hori jendartearen mobilizazioaren, antolakuntzaren eta baliabideak lortu eta partekatzearen bidez etorriko dela uste dugu, botere publikoetatik gehiegi espero gabe. Hala ere, guk ez dugu inongo borroka esparrurik alde batera uzten, eta eremu instituzionala ere borroka esparru bat da. Bertan ere presente egon beharko gara beraz, baina beti ere jarrera desbordatzaile baten bidez, negoziazio taktiko eta politikeroetan erori gabe.

Etxebizitza eskubidearen defentsa eta etxebizitzaren desmerkantilizazioa ditugu helburu

Lan parlamentarioaz gain (eta lan parlamentarioa ere ezinbestekoa da, zeren eskubide sozial hauek legez bermatu behar dira) pauso bat haratago joan eta etxebizitzaren desmerkantilizazioa  aldarrikatu behar dugula uste dugu. Hiriak bizitzeko direla eta ez negozioa egiteko. Eta aldarrikatzeaz gain, hori posible egingo duten borrokak eta autogestiorako  espazioak sortu beharko dira.
Bukatzeko azken dei bat egin nahiko genioke jendeari, sindikatura gerturatzeko, afiliatzeko eta edozein arazo edukiz gero gurekin harremanetan jartzeko. Eta, beste dei bat ere LAB eta gainontzeko sindikatu guztiei, elkarlanerako esparruak sortu eta aliantza estrategiko bat martxan jartzeko. 

 

 

Andoni Egia | Donostiako maizterren sindikatua
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri