Andoni Olariaga

Gauzak horrela dira, gauzak ez daude horrelaxe

Andoni Olariaga filosofoa

I

 

XXI. mendeak bete du laurden bat. Gero eta urrunago ditugu, jada, Berlingo Harresiak eta SESBen erorketak ezkerrari ekarri zizkion noraeza estrategikoaren ondorioak. Margaret Thatcher eta Ronald Reaganekin 80ko hamarkadan hasitako garai neoliberalak 2007ko krisian jo zuen goia: merkatu librea zen paradigma, eta oinarrizko kontzeptu gakoa, askatasuna. Neoliberalismoaren aroak mende bukaeran eta XXI. mende hasieran pribatizazio eta prekarizazio basatia ekarri zituzten, ehundura sozialen atomizazioa eta instituzio publikoen pribatizazioa. Ongizate estatuak hamarkadak daramatza gainbeheran, eta neoliberalismoaren hegemoniaren ostean, hegemonia horren arrakalak ere ikusten ari gara gaur. Paolo Gerbaudoren iritziz, estatuaren itzuleraren aurrean aurkitzen gara.

Beraz, ekonomiaren finantziarizazioa, iraultza digitala, globalizazioa, zaintza kate globalen krisiak, gerra erregimena, eskuin muturraren gorakada eta erreakzio autoritarioa, krisi klimatikoak… ez dira jada analisi sozialaren jo puntuak edo iritsi beharreko ondorioak. Aitzitik, gure analisien abiapuntua dira. Hortik abiatzen gara azterketa sozialak egitera, zientzia politikoaren izpirituari jarraituz, garaiko fenomeno eta gertaera nagusien erroetara joaten saiatuz. Hontzak ilunabarrean astintzen ditu hegalak, Hegelek esan bezala; alegia, analisi politikoak egitea autopsiak egitearen parekoa da.

Aztergaia, ordea, oso bizirik dago eta ez du okerrera joateko sintomarik adierazten. Izan ere, eskuin muturra gorantza doan fenomeno sozial eta politikoa da. Zein dira fenomeno heterogeneo horren goraldia ulertzeko gako historiko, politiko eta sozial inportanteenak? Non daude bere arrakastaren gakoak? Zerk sortzen du gaurko eskuineko erreakzioaren dimentsio anti-politiko, libertario eta autoritarioa? Nola lortu du diskurtso eta praktika oso bat jendartearentzat erakargarri eta transgresore bilakatzea? Galderen bitartez kipulari geruzak kendu eta oinarrizko galderetetara bueltatzea tokatzen da, bidezidorrak alboratuz eta kipularen lehen geruzara bueltatuz. Zein da fenomeno honen erroa? Historikoa (gerra-arteko faxismoaren oinordekoa da), psiko-soziala (bizi kalitatearen galeraren aurreko inpotentzia eta herra), izpirituala (modernitatearen berrezarpena garai postmodernoen aurka?), ekonomikoa (pribatizazioa, babes sozialaren kamustea, desarautze finantzarioa), filosofikoa (historiaren bukaera eta indibidualizazio prozesuak, pentsaera distopikoa, askatasun neoliberala, auto-ekintzailetzaren gizartea)?

Eskuin muturra da gaur errebelde aurkezten dena, askatasuna ardatz, izaera espontaneoa adieraziz (funtsean arrazista, supremazista eta neoliberala izanik ere)

Eskuin muturraren gorakada arrazoimen neoliberalaren hegemoniaren baitan eman da. Arrazoimen neoliberala izan baita azken hamarkadetako jokaleku kultural, politiko eta izpirituala. Arrazoi neoliberala faxismo europarraren itzalpean jaio zen, haren oinarrian gizartearen eta eremu sozialen aurkako kritika eta erasoa zegoelarik. Friedrich Hayek ekonomialariaren hitzetan “gizartea arriskutsua da, eta beraz, justiziak arrisku horren tamainako erantzuna eman behar du”. Ezaguna da, bestalde, “gizartea ez da existitzen” Thatcherren esaldia, gizarteak merkatuaren eta moralaren arteko erlazio espontaneoa apurtzen duela adieraziz, eta justizia sozialak askatasun liberala kamustu. Beraz, gizartea ezin da politikaren eskala izan, norbanakoa baizik. Bide beretik doaz estatuaren esku-hartzearen kontrako eraso guztiak. Izan ere, arautze orok askatasun indibiduala kamusten du, eta merkatuak, aldiz, proiektu edo askatasun indibiduala ahalbidetu. Hori da, hain zuzen, Javier Mileiren ideologiaren oinarria.

Neoliberalismoa sistema ekonomiko bat baino gehiago da, beraz. Batez ere, arrazionalitate bat da, bizitza arautzeko eta balioztatzeko mundu ikuskera bat. Marxentzat ideologia interes partikularren mesedetan dauden egien konbentzimendura bideratutako ideia, kontzeptu eta sinesmen multzoa da, klase menperatzaile gisa aurkezten den klase partikular baten interesen mesedetan egina. Alienazioaren ikuskera marxistan munduaren konbertsioa ematen da. Arrazionalitate neoliberalean, ordea, munduan egoteko modu bat da produzitzen dena, zentzu komun oso bat. Eta hor sartzen da, hain zuzen, Gramsciren hegemonia, Makiaveloren boterearen ikuspegi duala (biolentzia eta zibilizazioa) bateratuz; hegemonia koertzioaren eta kontsentsuaren arteko sintesi gisa aurkeztuz. Azpiratuak ez dira subordinazio ideologiko bidez menderatzen, “borondatezko” morrontzaz baizik; azpiratuari dagokion lekua naturala dela sinetsarazita. Alegia, gauzak horrela dira, gauzak ez daude horrelaxe. Klase pribilegiatuak beren interesak jendartearen interes orokorrekin mihiztatzen dituzte, zuzendaritza ideologiko eta moral ikusezina ezarriz; manipulazioa baino, menderakuntza kultural etengabeko baten (ber)eraikuntza da, hortaz. Frederic Lordonen hitzetan, “morrontza boluntarioa” da neoliberalismoaren oinarri kultural eta soziala.

Beraz, neoliberalismoaz baino, arrazionaltasun neoliberalaz hitz egin behar dugu: giza erlazioak eta esparruak elkarlan sozialetik zein justizia sozialetik atera, eta guzti horiek ekonomiaren eta kontsumoaren logiketara ekartzen ditu, errendimenduaren gizartea sortuz. Arrazionaltasun horrek giza erabakiak eta desirak erabat moldatzen ditu. Neoliberalismoa gobernatzearen artearen mutazio bat da, Foucaulti jarraituz, jakintza, teknologia eta praktiken multzo bat zeinak arrazionalitate tipo berri bat adierazten duen. Ezin da, hortaz, soilik “goitik” egina dela pentsatu, botereak behetik eta goitik aritzen baita aldi berean. Neoliberalismoaren berrikuntza da “askatasun” inpultsoen bitartez gobernatzeko forma berri bat sortzen duela.

 

 
 

Deskargatu aldizkaria PDF formatuan

 

 

Lehen ideia ondokoa da, beraz: mundu ikuskera edo zentzu komun hegemoniko horretan arakatuz, kipularen geruzak kenduz, eskuin mutur berrien argudiategi eta emozioetara nola jotzen duten aztertzen badugu, olatu erreakzionarioaren oinarrian arrazoimen neoliberala dagoela ikusiko dugu.

 

II

 

Azken hamarkadetan arrazionaltasun neoliberala zabaldu eta hedatu den heinean, estatuaren esku-hartze saiakeren aurrean askatasun liberala babesteko erreakzioa bortitza izan da. Berdintasun, birbanatze eta aitortzaren aldeko politiken kontrako ekintza eta jarrerak erabat barreiatu dira: askatasunaren izenean egiten dira, eskuinetik “politikoki zuzenaren diktaduraren” kontra; eta ezkerretik, mugatzaileak diren “interklasismoaren eta klasearen formulazio atomizatzaileen” kontra, mugagabeko eraldaketarako subjektu unibertsal baten alde eginez.

Nondik dator istorio horien atzeko historia? 50eko hamarkadatik aurrera ezkerraren kontzeptu gakoa askatasuna izan da: imajinario popularrean, ezkerra zen errebeldea, sistemaren kontrakoa, zapalkuntzen aurkakoa, herriaren eta norbanakoen askatasuna aldarrikatzen zuena. Ezkerraren garaiko iruditerian askatasuna da kontzeptu giltzarri nagusia. Baina irudi hori atzekoz aurrera jarri da azken hamarkadetan. Izan ere, eskuin muturra da gaur errebelde aurkezten dena, askatasuna ardatz, izaera espontaneoa adieraziz (funtsean arrazista, supremazista eta neoliberala izanik ere). Eskuin muturrak storytelling bat inposatu du arrakastaz: ezkerrak politikoki zuzenaren diktadura ezarri du, askatasuna bahitua dago eta mendebaldeko balioak (familia, «bizitza» eta nazio «etnikoak») arriskuan daude, globalismoaren, multikulturalismoaren eta migrazioaren eraginez.

Kontsentsu neoliberalaren krisi betean, prekarizazioa areagotzen ari den honetan, eskuin muturrak pasio sakonak mugiarazten asmatu du, pasio horiek askatasunaren diskurtsoaren pean artikulatuz. Eskuin muturraren estrategia diskurtsiboaren oinarria min materialei eta klase erresumin zein herra desberdinei erantzun identitario indartsuak ematea izan da. Bide horretan, arrazionaltasun neoliberalaren mundu ikuskera hobeto ordezkatzen jakin izan duela esan daiteke. Geert Wilders, Donald Trump, Marine Le Pen, Javier Milei edo Giorgia Melonik anti-stablishment jarrera eta kasta politikoaren kontrako diskurtsoa izan dute ardatz, eta askatasuna kontzeptu giltzarri. “Beste” konstitutibo nagusia, horrekiko oposizioan garen “beste” hori, globalismoa defendatzen duen kasta politiko “aurrerakoia” izan da, Mileiren “zurdo” zikinak, Carterren atzoko eta Trumpen gaurko “komunista eta marxista” arriskutsuak, Bruselako “autoritarioak”, globalistak, multikulturalistak, migrazio masiboa… Eskuin muturrak arrazionaltasun neoliberalaren taupadak ezkerraren ohiko kontzeptuak hackeatuz harilkatu ditu, garaiko haserreari narratiba sendo bat eskaintzen asmatuz. Horrez gain, gerra arteko transfugismoa oroimenean (alderdi komunistetatik faxismora jauzi egiten zuten buruzagi politiko zein herritarrak), gaurko transfugismorako pasarela desberdin berriak eraiki ditu, ezkerreko sektore batzuetan zatiketak eraginez (Alemaniakoa kasu). Egoera ez da xamurra.

Finean, eskuinak askatasuna (neoliberala), segurtasuna (militarra) eta nazioa (xenofobo eta baztertzailea) lotzen ditu arrakastaz, garaiko krisi zibilizatorioari erantzun “koherente” bat emanez, etxe sinboliko eta material indartsu bat eskainiz. Eskatzen dituen kontzesio “bakarrak” gutxiengoen zapalketa eta eskubide sozial eta politikoen galera onartzea da; ordainean, segurtasuna, egonkortasuna eta “askatasuna” (merkatuena). Ezkerrak, ordea, askatasuna (gutxiengoen aitortzari lotua), berdintasuna (nazio ireki eta pluralak) eta justizia / ongizate soziala lotzen asmatzen dituen bezala, zailtasunak ditu gaur segurtasunaren auzia narratiba eraldatzaile indartsu batean txertatzeko, kontraesanak sortzen zaizkiolako.

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude, dio Gorka Urbizuren kanta batek. Gauzen egoera aldatzeko errealitatea beste era batera imajinatzea da lehenengo pausua. Hor dauka ezkerrak erronka, mundu ikuskera berri bat harilkatzen, arrazionalitate neoliberalaren ordez beste giza erlazio eta antolamendu bat proposatuko duena, goitik behera eta alderantziz.

Andoni Olariaga
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri