Alazne Intxauspe Elola

Elikadura eta honen ekoizpena, euskal herriko oraina eta etorkizunaren giltza

alazne intxauspe elola Alazne Intxauspe Elola (Andoain, 1984). Gizarte Zientziak eta Enpresa ikasi eta telebistan lanean hasi arren, bizimodua aldatzeko apustua egin, eta baserrira itzuli zen, aiton-amonen bidea jarraituz. EHNE eta Etxaldeko kide da, eta iazko udan Derion burutu zen Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentziaren prestaketan aritu zen burubelarri.
 
 

 

Euskal Herriko elikadura burujabetza, horixe da hain zuzen ere, nekazarion ekarpena herrialdea eraikitzeko. ETXALDE-Nekazaritza iraunkorrak helburu bezala Elikadura Burujabetzan oinarritutako Euskal Herri bat eraikitzea du. 2011. urtean Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko baserritarrak, proposamenezko eta aldarrikapenezko nekazal sindikalgintza baten inguruko militantziak elkartuta, mugimendu honen artikulazioari ekin genio, honela estrategia bateratu bat abiatzeko asmoz.

Elikadura burujabetzatik ekonomia eta gizarte eraikuntzarako gure proposamen politikoa elkartasunari, justizia sozialari, lanpostuen sortzeari eta ekoizpen eskubideen banatzeari, gizon eta emakumeen arteko eskubideen berdintasunari, lehengaien erabilera jasangarriari, biztanleria guztiarentzako elikadura osasuntsuari eta Euskal Herri osoan ekoizpen eta nekazal aniztasunaren errespetuari eduki praktikoa ematearen norabidean definitzen dugu.
Elikagaien ekoizle gisa nekazaritza jasangarria eta agroekologia gure eredu eta zientzia dira, gure jarraibidea. Mugimenduaren karakterizazioa duen gaur egungo nekazal sektoreko antolamendu maparekin bateragarri izanez , baina batez ere beste borroka dinamika, antolakuntza eta proposamen lokalizatuago edo konkretuago batzuetan iragazkorra izateko gaitasuna bilatuz.
Badakigu eraikuntza hau ez dela posible soilik nekazal sektoretik abiatuta eta hori dela eta gure estrategian lehentasunezko gaia mugimendu sozial eta sindikaletan parte hartzea da. Gure ekimenak, analisiak eta proposamenak gure isla izatea nahi dugu siglen gainetik, eta  udaberri honetan  aurkezten dugun dokumentu honen bidez, ETXALDEk bere hausnarketa eta proposamenak aurkeztu nahi ditu, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako.
 

Elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorra elikadura eskubidearen berme bezala.

Pertsona orok elikadura osasuntsua izateko eskubidea duela aldarrikatzerakoan, giza eskubide batez ari gara. Edozein herriren eraikuntzarako oinarrizko ekarpena da hau, baita jendartearen beharrei erantzungo dien gizarte justu eta berdintsuagoa artikulatzeko ere. Elikadura osasuntsua izateko eskubidea ziurtatu ahal izateko orduan,  elikadura burujabetza da proposamenik eraginkorrena, bai baserritarrei, elikagaien ekoizle moduan, etorkizuna bermatzeko, zein biztanleriarentzako elikadura osasuntsuaren eskubidea bermatzeko eta baita Euskal Herri parekide baten eraikuntza ahalbidetzeko ere.
Elikadura burujabetzaren eraikuntza, burujabetza ekonomiko eta sozialaren artikulaziotik ulertzen dugu, lanak eta ardurak mugimendu sozial eta sindikalarekin elkarbanatuz. Eta bertan, Euskal Eskubide Sozialen Kartan aurkeztutako elikadura osasuntsu baten aldeko eskubideen manifestua kokatzen dugu.
Mugarik gabeko bide produktiboen logika eza gero eta argiago ikusten da eta zentzu berean  bi abiaduretako nekazaritza ekoizpena bultzatzea ez da posible; ekoizpen intentsibo eta industrial bat eta ekoizpen osasuntsuago bat (ekologikoa). Aspaldi aitortu genion gure buruari baserritarron funtzioa elikagaien ekoizle eta zerbitzari izatea dela, eta ez beraz industriarentzako lehengai merkeen hornitzaile.  Elikadura burujabetzak, ekoizpen lokalarekin lotura izateaz gain, ekoizpen eredu bati lotutako izaera du, tokian tokiko kontsumoaren beharrizanak asetzeko bideratua, eta ez da nekazaritza intentsibo eta industrial batekiko bateragarria nahiz eta berau lokala izan.
Nekazaritza iraunkor batean oinarritutako eredu batekin soilik ahalbidetu liteke elikadura burujabetzaren printzipioak artikulatzea, eta zentzu honetan, barneratzen dituen baloreak azpimarratzen jarraitu beharra daukagu. Hain zuzen ere,  ekoizpenaren banaketa ahalik eta baserritar gehienen artean egitea, ingurumena errespetatuz kalitatezko elikagai nahikoa ekoiztea gizarterako eta ekoizpen prozesuan gehiengo autonomiara heltzea. Era berean, kontsumitzailearentzako gardentasun osoa bermatzea produkzio, eraldaketa, merkaturatze eta bukaera prezioaren eraketa prozesuan eta gure ekoizpena bertako merkatuetara bideratzea, kanpo merkatuen konkistetatik ihesi. Elkartasunean, osagarritasunean eta merkataritza justuan oinarritutako beste harreman ekonomiko batzuk probestea eta gure herri eta herrialdeetako garapen lokalaren parte aktiboa izatea. Hala nola, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko erlazioetan gardentasuna, konfiantza eta etika bidaide hartzea.
Balore guzti hauek beste parametro orokor batzuetan oinarritzen dira eta kontutan hartu beharra ditugu, elikagai osasuntsu eta kalitatekoen probesle izatea, nekazaritza industriak sorturiko elikagaien alarmak ekidinez eta planetaren osasuna agroekologiaren bitartez bermatuz eta Hegoaldeko herrietako nekazariek beraien bizia duintasunez berreskuratzea ahalbidetzea, pobrezia eta gosea ezabatuz.
Urte askotan mantendu da, nekazaritza industrialak soilik bermatu dezakeela munduko biztanleria elikatzeko elikadura hainaren diskurtsoa, kopurua kalitatearen aurretik jarriz, prezio baxuko produktuak kontsumitzaileari eskainiz. Errealitateak ordea, datuak eskaintzen ditu argudio hauek ezeztatzeko. Gero eta industrializazio eta intentsifikazio handiagoa nekazal sektorean, hare eta gose, pobrezia, desplazamendu, desertifikazio, aktibitate uzte… gehiago. Modu esponentzialean biderkatzen dira. Honek dagoeneko iritzi publikoan ere badu oihartzuna, gero eta gutxiago baloratzen baita lehiakortasun printzipioan oinarritutako garapen modelo hori, eta beroni buelta emateko argudioak trinkotu behar ditugu.
Egun bizi dugun momentuan, ezin dugu Nekazaritzako Politka Bateratuari (NPB) erreparatu gabe pasa. Argi dugu posible dela bestelako NPBa bat artikulatzea, non Elikadura politikak protagonismo argia izango duen proposamen eta ezarri beharreko neurrietan. Europar instituzioak, kide diren estatuak barneratzeaz gain, gobernu eta entitate lokalak ere aintzakotzat hartuko dituena. Tokian tokiko errealitateetatik abiatu beharreko diseinuarekin, non lurraldeek elikaduraren inguruan beraien helburuak diseinatzeko ahalmena izango duten (osasun gaiak, lana, ondasun naturalen kudeaketa, kultura…) eta biztanlegoaren beharrak asetzen dituena.
Laburbilduz, enplegu tasa gorena, kalitatezko ekoizpena eta kantitate nahikoan lurralde eta biztanleriaren zerbitzura gako bezala duen kuadro lokala. Eta europar mailan, elkartasun eta jasangarritasunak garapenerako justizia soziala deritzona gorpuztuko duena.
Ekoizle, kontsumitzaile eta biztanleria orokorraren zerbitzura dagoen Elikadura eta Nekazaritza Politika mantendu eta bultzatzeko, Europak tresnak artikulatu behar ditu garapen ekonomikorako gakoan (ekoizle gehiago), garapen sozialari erreparatuz (biztanleria elikagai osasuntsu eta kalitatekoekin elikatu, ondasun naturalen kudeaketa egokia) eta baita garapen kulturalari begira ere.
Maila berean, Euskal administrazioak ere bi abiaduretako nekazaritzaren menpe daude. Tokian tokiko ekoizpenari lotuta finantzazio neurri garrantzitsuak ematen diren bitartean (sor marken inguruan edo marka edo kalitate ziurtagirietan), ez dira gai mekanismo eraginkorrak aktibatzeko erosketa publikoetan eskuhartzea ahalbidetzeko. Kasu honetan, baserritarrek errenta duin bat izatearen eskubidea, norbanakoak elikagai osasuntsu eta kalitatekoa prezio justu batean izatearekin alderatu dezakegu. Ezin dugu onartu elikagai lokalen kontsumoa luxu bat bezala ikusia izatea ezta bere kontsumoa momentuko ekintza folkloriko bat izatea ere. Ezinbestekoa da administrazio publikoei azpimarratzea oinarrizko beharrizanenak bermatu behar dituela, eta beharrizan horietan elikadura osasuntsu eta kalitatekoa egon behar da, bai produktu galkorretan zein freskoetan ere. Beharrezkoa da beraz, tokian tokiko elikadura politika publikoen bizkarrezur moduan aurkeztea.
Tokian tokiko apustua, merkatu lokal eta denda txikietan ere izaten ari da oihartzuna. Espazio hauek indartzen jarraitu beharra dugu, produktu lokal eta garaikoei lehentasuna emanez, eta kontsumitzailearen aldetik konplizitate handiagoa bilatu behar dugu promozio mekanismoetaz baliatuz eta ekonomia sozialean beharrezko aktibitatea dela onartuz.

Indarrak biderkatu nekazaritzara jende berri gehiago gehitzeko

Gizarterako elikagaiak sortzearen lana gure ardura dela dakigun moduan, argi daukagu, ekoizpen lanetara pertsona gehiago gehitu behar direla Elikadura Burujabetzaren erronka aurrera eraman nahi badugu. Lan honetan,  emakumearen lanaren inguruan defizit historiko bat daukagu hala ere, emakumearen jakinduria eta dedikazioaren aitortza egiten nekazaritza iraunkor eta osasuntsu batean mantentzean.

Onarpen honen eskura, azpimarratzen dugu biolentzia matxista deusezteko eraiki beharreko baldintzetan egin beharreko lana, emakumeen bizia eta duintasunaren kontra baitoa. Nekazal aktibitateetarako edozein txertatze beti emakume eta gizonen arteko ekitatean oinarritu behar da. Mekanismoak bermatzea beharrezkoa da emakumeen benetako txertatzea ahalbidetzeko, bai ekoizle moduan zein ordezkaritzan. Honetarako informazioa eta formazioa hartu behar ditugu ildo estrategiko moduan, eta laguntza neurriak aldarrikatu dependentzia eta kontziliazio familiarraren inguruan, baita lan egoeraren eta lan mundura txertatzearen erregularizazioa ere. Administrazio publikoetatik artikulatutako instrumentu legalak (emakume baserritarraren estatutua) baliabideetaz osatuta egon beharra dute hauen garapena ahalbidetzeko, eta nekazal politika eta elikadura politiken parte izan behar dute, zeintzuetan ekitatea eta justizia soziala oinarri delarik.  
Herrigintza honetan, ezinbestekoa da nekazal aktibitatean txertatzean aurki daitezkeen oztopoetan lanean jarraitzea, eta oinarrizkoa da lurraren eskuratzean dauden trabak deuseztea. Historikoki, lurra gure lan ardatza izan da, Lurralde antolaketarako jarraibideetatik hasita, udal antolaketa planekin jarraituz, Lurren bankuak,… Lehenetsi beharra dugu lur emankorra nekazal jardunera txertatzen diren pertsona berriei eta aktiboan dauden esplotazioei iraunkortasunera bideratzea.
Mugimendu honek zentzu praktikoa eman nahi die baloreei eta gure proposamen teorikoa praktikan oinarritua egotea gehigarri bat da zentzu honetan,  gai honetako lehentasunak mantentzeko eta markatzeko adierazgarririk onena delarik. Bide honetan, perspektiba eta pazientzia nahikoarekin aritu beharra daukagu gure proposamena alor kualitatibo eta kuantitatiboan baloratu ahal izateko.
Alazne Intxauspe Elola
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri