Liburu erreseina | Estallidos

Eztandak

ESTALLIDOS 
Estallidos. Revueltas, clase, identidad y cambio político (2021)

Jule Goikoetxea eta Albert Nogueraren “ESTALLIDOS. REVUELTAS, CLASE, IDENTIDAD Y CAMBIO POLÍTICO” liburuan iraultza, matxinada, klase soziala, identitatea, subjektu historikoa, eta aldaketa politikoa bezalako kontzeptuak lantzen dira, azken aldiko gertaerek ezkerraren marko kontzeptual guztia nola eraldatu duten aztertuz. Jarraian Irati Sienra eta Ander Bilbao LABeko kideek idatzitako erreseina duzue.

 

Inongo spoilerrik egin gabe liburu hau gomendatzeko arrazoi nagusia “gaur egungo mundu globalizatu eta indibidualista honetan, nola egin?” galderari bueltaka burua hormaren kontra kolpatzen gaudenontzat erantzun interesgarriak dituela da. Topatzen ditugun korapiloak askatzen ditu? Ez, noski, teoria liburu bat da, eta, beraz, teorizatu egiten du. Baina liburu honek estrategia diseinatzeko, korapiloak askatzen hasteko, bidea egiteko pistak eman eta bideorri bat markatzen lagun dezake.


Eta pasarte batzuetan filosofian murgiltzen bada ere, orokorrean oso modu ulergarrian garamatzate euren hausnarketetan barrena, egunerokotasuneko paralelismo eta adibideen bidez. Une askotan déjà vu sentsazio bat dugu irakurtzean, liburuak norbere burutazio eta kezkak antolatzen laguntzen digulako.
Beste batzuetan, ordea, orain arte kontziente izan ez garen hainbat kontu argitara atera, eta “klik” desberdinak eragiten dizkigu. Eta norbere pribilegioez ohartzeak azkura eragiten du. Pentsamendu monoteista eta androzentrikotik aldendu eta askoz ere ikuspegi aberatsago eta konplexuago batetik aztertzen du eraldaketa. Erronkaren konplexutasuna ezkutatu beharrean korapiloa azalera ekarri eta agerian uzten dute gaur egun iraultza egitea XIX. mendean baino zailagoa dela. Beraz, tamainako atakari heltzeko estrategia eraginkorra identifikatzea da tokatzen zaiguna.


Laburbilduz, gure ustez, mundua eraldatzeko marko teoriko ez berria, baina bai gaurkotua eskaintzen du liburuak, epe luzeko estrategia baten koordenadak finkatu eta eguneroko lana oinarritzeko irizpideak emanda.


Honaino, liburua eskuartean hartzeko interesa piztu dizugula espero dugu. Hala ere, gure bizitzak maiz denborari dagokionez prekarioak dira, eta askok, gogoa izanda ere, ezingo duzue egin. Zuentzako beraz, gure ustez, liburuaren ideia nagusiak biltzen dituen erreseina hau. SPOILERrik nahi ez baduzu, ez jarraitu!

 

1. Errebolta edo iraultza

Tunez, Egipto, Frantziako Txaleko horiak, Txile, Baltimore, Iran, Iruñeko “La manadaren” auziaren kontrako mobilizazioak. Zergatik ugaritu dira azken hamarkadetan eztanda bezala definitu ahalko genituzkeen fenomenoak? Zerk bihurtzen du eztanda bat iraultza edo errebolta? Galdera horietara hurbilpena egiten du liburuaren lehenengo atal zehatz bezain konplexu honek.


Garai bakoitzak bere iraultzaren ideia propioa garatu behar duela azpimarratzen dute, garaian garaiko baldintzei erreparatuta. Ildo horretatik tiraka ideia interesgarrietan sakontzen du liburuak: egungo iraultzen denboren birpentsatzea, dominazioa forma multidimentsionalean egituratua dagoela kontuan hartuko duen estrategia konstanteen garatzea, borroka ezberdinak artikulatzeko gaurdanik eman ahal ditugun pausoak edo XXI. mendean eraginkorrak izango diren barrikadak sortu bai, baina barrikada horien atzean nola bizi eta harremanduko garen pentsatzearen beharra.


Egun ematen diren eztandek ez dute iraultzaren iruditegi klasikoarekin bat egiten: ez ditu masa homogeneo batek garatzen, alderdi edo antolakunde politiko batek gidatuta, alternatiba politiko konkretu baten baitan. Ekimen espontaneoak dira, sumindura batek hauspotuta hasten diren leherketak, norabide argirik gabeak. Baina horrek ez die aldaketak eragiteko gaitasuna kentzen: prozesu baten parte dira.


Iraultza vs erreforma paradigma eraldaketa vs erreforma paradigmarengatik aldatzea proposatzen digute. Izan ere, gure jendarte eredua hain da konplexua, egiturazko eraldaketa ezin dela berehala eta epe-laburrean, matxinada bakarrarekin gauzatu. Boterea aspaldi ez dago Neguko Jauregian. Ondorioz, nekez irudika dezakegu eraldaketa prozesu sakon bat trantsizio eratzaile konplexu bezala ez bada, eta horrek beste erritmo eta gertaeren sekuentzia bat eskatzen du. “Emantzipazioa egun, eraldaketa (ez erreforma) desberdinen batuketa edo akumulazioaren bidez soilik lor daiteke, jendartea osatzen duten instituzio desberdinetan (familia, lantokiak, eskolak, Estatua, unibertsitatea, komunikabideak, etab.) gauzatuta, bakoitzak eskatzen dituen erritmoen arabera, borrokan ari diren subjektu anitzen artean, eta hori, ezinbestean, denboran zehar soilik gerta daiteke”.


Denboraz gain, iraultza non irudikatzen dugun ideia ere berritu behar dugu: eztandak zein borrokak deszentralizatuak dira, eta halakoak izan behar dute deszentralizatuak diren menperatze sistemak konfrontatzeko. “Arazoa da sistema horiek behetik deszentralizatuta daudela, baina aldi berean goitik oso ondo koordinatuta, monopolioak ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Hori da oraindik eztandek eta borrokek ez dutena: deszentralizatua baina koordinatua dagoen artikulazio eraginkorra”.


Mugimendu antolatuetatik ohikoa izan da eztanda horiei mesfidantzaz begiratzea. Inoiz antolatu ez den jendeak parte hartzen duelako, erroko aldaketa eskatzen duten mezuak ez dituztelako... edo besterik gabe, euren atzean hariak mugitzen nor dagoen eta zein interesen arabera ez dakigulako. Bat-batean indarra hartzen duen elementu batekin (dela argindarraren faktura, demokrazia falta, feminizidioak edo aldaketa klimatikoa) identifikatuta altxatzen diren subjektu anitzek (edo ez hain anitzek) gauzatzen dute eztanda. Identitate bat gailendu daiteke edo ez, mugimendu bat sortu edo ez, erroko aldaketa edo hain errokoa ez den legedi aldaketa bat ekar dezake... edo arreta mediatiko handia dakarren mobilizazio hutsean geratu eta desegin.


Gakoa, beraz, eztandek duten transformazio gaitasunean aurkitzen dugu. Noguerak aipatzen du “iraultza bat definitzen duena eraldaketa politiko eta sozialaren erradikaltasuna” dela. Zentzu horretan, eztanda bat iraultza izan daiteke, utziko dituen ondorioen arabera. Baina ondorioak izan ditzan, garapen bat izan behar du, eta horretan asmatzea dago gakoa. Borroken, eztanden, koordinazioan.


Beste mende batzuetan ezkerra askapen proiektu komun bat eskaintzeko gai izan den bezala, “funtsezkoa da gaur egun ere jendeari etorkizun bat irudikatzeko proiektu bat ematea, eta horretarako, ze helburu lehenesten ditugun adostu behar dugu”. Erraza da esaten.


Zorionez, galdu ditugun aukerei, iristeko daudenek hartuko diete lekukoa. Eztanden ugaritzea ulertzeko bi gako nagusi ematen dizkigute. Alde batetik, sortu zenetik ahula eta inperfektua den demokrazia liberalaren krisia. Azken hamarkadan, haatik, Estatuek boterea galdu dute korporazio handien mesedetan eta demokrazia liberala ez da gai jendartearen beharrak asetzeko.

 

2. Eztanden subjektua

Bigarren atal honetan ere, hiru galdera ezberdinek hartzen dute erdigunea. Nork eramaten ditu aurrera eztandak? Langile klasearen identitatearen inguruan eraikita ez dagoen subjektu ez artikulatu batek amaitu dezake kapitalismoarekin? Eta, aurretik aipatutako dominazio multidimentsionalean sakontzen lagunduko digun azken galdera, zer da klase soziala?


Ezkerraren ikuspegi klasikoan, iraultzak aurretik eraikitako subjektu antolatu batek gidatuko lituzke. Antolakuntza eta praxi militantearen ondorioz sortzen da eztanda. Azken gertaerek erakutsi digute kontrako noranzkoan bidea egiterik badagoela: eztandak sortu dira lehenengo eta hortik abiatuta subjektu berriak sortu dira. Badirudi harremana egon badagoela eztandetan parte hartzen duten kideen heterogeneitatearen eta subjektuak eratzeko aipatutako moduaren artean.


Ildo honi jarraituz, badugu sindikalgintzara ekartzeko Noguerak garatzen duen hausnarketa interesgarri bat: ezkerraren partidu/sindikatu eskema klasikoa gizon zuri mono urdindun, heterosexual eta adindunaren neurrira eraiki bada, ez dio erantzuten errealitateari. Ez behintzat guztiari. Azpimarra jartzen du honek ez duela esan nahi eztandetan edo hauetatik sortutako subjektu berrietan ez dagoela modurik batasuna edo pertenentzia sentimendurik sortzeko. Honek esan nahi du mugimendu sozialen ardura dela, sindikatuena ere bai, behin eztandak gertatuta eragileen antolakuntza jakintza guztia mugimenduaren mesedetan jartzea eta mugimenduari potentzial eraldatzailea txertatzea.


Bigarren eta hirugarren galderak hankaz gora jartzen dituzte bi autoreek. Goikoetxeak ala dio klase sozialen inguruan: “Klase sozialak esplotazio eta dominazioak definitzen ditu. Kontuan hartzen badugu ez dagoela esplotazio eta dominazio bakarra, klase sozial ezberdinak daude: genero sexuatuaren funtzioa klase sozialak eraikitzea da, arraza kategoriaren funtzioa bezala, kategoria politikoa dena, ez biologikoa, sexua bezala. Beraz, ez dugu onartuko klase kontzeptua esplotazio mota bakarrari aplikatzea”. Sindikatuan egin dugu jada lana VS kapitala kontradikziotik bizitza VS kapitalera igarotzeko bidea, edo horretan gaude behintzat.

 

3. Aldaketa politikoa gaur

Bukatzeko, mundua irauli nahi dugun guztiontzako bereziki aberasgarriak suertatu zaizkigun bi ideia hauek azpimarratu nahiko genituzke: boterea eta estatuaren eraldaketa gaitasun baldintzatua.
Boterea harreman bat bezala ulertzera eramaten gaitu Goikoetxeak, gobernua, armada eta korporazio handien kontrola eskuratzea baino askoz harago doana. Ikuspegi honetatik abiatuta autoreak galdetzen digu ea prest egongo ginatekeen gure burua armatzeko, entrenatzeko, antolatzeko, diziplinatzeko. Gure egitura kognitibo eta emozionala aldatzeko. Azken finean, egun gehiengoon lehentasunak diren lana eta familia iraultzaren mesedetan bigarren plano batean uzteko.

Noguerak aipatzen digu ezkerrak hauteskundeak irabazteak ez duela zertan ekarri ezkerrak estatua kontrolatzea. Burgesiak egun ezagutzen dugun estatua bere neurria sortu zuen boterea, behar izatekotan, parlamentutik bestelako instituzioetara mugitzeko (tribunalak, armada). Hala ere, bai uste du estatua politika eraldatzaileak martxan jartzeko tresna izan daitekeela: esfera materialean instituzionalitateak sortu behar ditu estatuak eta honetarako herri borroken eta autoantolakuntza kolektibo ereduen beharra azpimarratzen du, honek emango baitio aukera eta indarra ezkerrari estatuko aparatuak zapalduon mesedetan jartzeko.

 

Estallidos

Estallidos. Revueltas, clase, identidad y cambio político (2021)

Idazleak:

Jule Goikoetxea Mentxaka eta Albert Noguera

Edizioa:

Bellaterra edicions - Cultura 21

Jule Goikoetxea Mentxaka (Donostia, 1984)

Filosofia, Kazetaritza eta Zientzia Politikoak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitateetan eta Cambridgen. Filosofian doktorea. Azken urteotan Cambridge eta Queenseko unibertsitateetan egin ditu ikerketak. Gaur egun, Zientzia Politikoetako irakaslea da EHUn. Nazioarteko hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere artikuluak, eta Euskal Herriko eta Espainiako hedabideekin kolaboratzen du.

Albert Noguera Fernández (Bartzelona, 1978)

Zuzenbide konstituzionaleko irakaslea da Valentziako Unibertsitatean. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko legelari eta politologoa, Habanako Unibertsitateko Zuzenbidean doktorea da. Bolivia eta Ekuadorko Batzar Konstituziogileetan aholkularia izan zen.

Liburu erreseina | Estallidos
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri