Jule Goikoetxea Mentxaka

Nola pribatizatzen da demokrazia?

talaia07 jule goikoetxeaJule Goikoetxea Mentxaka (Donostia, 1981) EHUko Zientzia Politikoetako irakaslea eta Gobernantza eta Ikasketa Politikoak masterreko zuzendaria da. Horrez gain, teoria eta literatura ekoizpen oparoa garatu du komunikabide desberdinekin egindako kolaborazioen bidez, editore gisa Lisipe bilduma feminista bultzatuz, eta besteak beste, estatugintza feministari eta demokraziaren pribatizazioari buruzko hausnarketan. Azken honi lotuta, “Demokraziaren pribatizazioa” liburua argitaratu zuen 2017an.
 
 
A rtikulu honen ideia nagusia da ez dagoela demokraziarik herritarrek beren burua gobernatu ezin badute.
Kapitalismo globala etenik gabe ari da pribatizatzen herria boteretzen duten mekanismoak (gaitasun politikoak, erakunde publikoak, ondasun eta jakintza kolektiboa, osasungintza, hezkuntza, baliabide naturalak), herritarren autogobernua neutralizatuz. Jakina da, Estatuek bideratu dituztela kapitalismo neoliberal eta globalaren dinamikak; izan ere, haiek eraman dituzte arlo pribatura orain arte nazio-estatuei zegozkien zenbait funtsezko elementu, hala nola, legeak egiteko ahalmena eta zerbitzu publikoak eskaintzeko gaitasuna. Gaitasun politiko horiek esku pribatuetara igarotzen ari dira enpresa, lobby eta eragile exekutiboetara. Prozesu honi esaten diogu demokraziaren pribatizazioa, demokrazia (zentzu deskriptiboan) liberal eta patriarkalaren pribatizazioak aldiz, ez dakar demokrazia feminista edo sozialistarik, demokrazia ororen desagerpena baizik.
Sassenen arabera, globalizazioak nazio-estatuaren antolamendu-logikak eta autoritate-ahalmenak desmuntatzen ditu, eta, ondoren, berriro muntatzen ditu, maila globaleko logika ekonomiko, judizial eta autoritatibo baten arabera. Ahalmen eta logika horien ondorioz, lurraldea desnazionalizatzen ari da, pribatizatzen, alegia. Are gehiago, egitura publiko eta politiko globalak ez baditu herriak hautatzen, orduan, “desnazionalizazio” hitza eufemismo bat da. Egitura global publiko horiek ez baditu herriak aukeratzen, eta egitura horiek ez badira erantzule herriaren aurrean, bada, orduan, demokraziaren pribatizazioa edo des-demokratizazioa adierazten duen beste kontzeptu bat da desnazionalizazioa.
Bretton Woodseko akordioaz geroztik, eragiketa komertzial eta finantzarioak egiteko nazioz gaindiko arau pribatuei jarraitzen dien gobernantza-sistema bat ezarri zen, ongizate estatu liberala deuseztatzeko asmoz, eta horretarako muturreko merkantilizazio eta finantzarizazio prozesu bat ezarri zen, gaitasun politikoa botere legegileari kenduz eta botere exekutibo eta judizialari emanez.
Adar legegileari boterea kendu zaionez, herritarrek eragin txikiagoa daukate erabakietan, politiketan eta legeetan, eta, hala, desdemokratizazio-prozesu bat abiatzen da. Ondorioz, nazio-estatua ez da desagertu, horren zenbait dimentsio berrindartu dira, eta, era berean, herritarren parte-hartzea eta autogobernua ahuldu da. Eskura dauzkagun frogek erakusten dute estatuaren adar exekutibo eta judizialak tinkotu egin direla, herritarren ordezkarien kalterako (adar legegilea).

“Gaitasun politiko horiek esku pribatuetara igarotzen ari dira enpresa, lobby eta eragile exekutiboetara”

Maila-anitzeko gobernantza-sistema globala esaten zaion horrek, zeinaren arabera adar exekutiboak eta enpresa batek ontzen baitituzte legeak (eta ez, aldiz, nazio-estatuaren ordezkariek edo herritarrek osatutako legebiltzar batek), ez du inongo zerikusirik demokraziarekin; aitzitik, demokrazia pribatizatzeko bide bat da.
Nazioarteko komunitatearen eta Europar Batasunaren maila-anitzeko gobernantza-sistema neoliberalean ez da beraz estatua ahultzen, estatuaren demokratikotasuna ahultzen da.
Horregatixe, gobernantza globalak ez du estatua deuseztatuko; aitzitik, pribatu, autoritario eta neokapitalista bihurtuko du. Europar Batasuna bera da pribatizazio tokiko eta global hau mamitzeko dispositiboa. Europar Batasuna ez da gai izan herriak, nazioak edo eskualdeak boteretzeko; izan ere, mugaz gaindiko eta maila-anitzeko lankidetza sustatu dira neurri instituzionalizatuen bidez (adibidez, Arku Atlantikoko eta Europar gaindiko sareak), aliantza horizontalak eta Eskualdeen Batzordea sortu dira, baina horiek guztiak ez dira autoritatiboak eta oro-hartzaileak. Europako nazioek ez dute botere legal konstituzionalik, botere mota hori izanik komunitate osoari eragiten diona eta, beste botere batzuen aldean, botere horrek izanik ondorio sozial, politiko eta ekonomiko handienak. Eta hau da arazo nagusienetakoa:

“Nazio-estatua ez da desagertu, horren zenbait dimentsio berrindartu dira”

Egungo Europan, komunitate politiko batek zenbat eta botere instituzional, lurraldetu eta legal-konstituzional gutxiago izan, orduan eta soberania edo burujabetza material gutxiago lortuko du.
Munduko eta Europako gabezia demokratikoak konpontzeko proposamen nagusien oinarrian bada halako premisa bat, hau da, demokrazia posible dela soberaniarik gabe ere. Pentsalari liberal gehienek bazter utzi dituzte soberania nazionala, herritarrena eta estatala, ez baitute uste gaur egungo mundua demokratizatzeko mekanismo eraginkorrak direnik. Nire iritziaren guztiz kontrakoa: demokratizazioa mamitzeko funtsezkoak dira, besteak beste, estatu esaten diogun egitura publikoen multzoa zein estatu eta herri soberaniaren teoria eta praktikak: komunitate politiko batek geroz eta soberania edo burujabetza gutxiago, orduan eta erreprodukzio-botere gutxiago izango du bere burua komunitate autogobernatu (demokratiko) gisa iraunarazteko denboran eta espazioan. Hori da Demokraziaren pribatizazioa liburuak erakutsi duena: tokiko lurralde mihiztadurek (tokian tokiko demokraziaren oinarri) soberania behar dute autogobernatzeko, soberania komunitate batek bere burua gobernatzeko daukan gaitasun politiko instituzional eta lurraldetua baita.
 
Demokrazia lokalik gabe ez dago demokrazia nazionalik ezta globalik ere. Demokrazia autogobernu indibidual eta kolektiboa helburu duen prozesu emantzipatzailea da. Horretarako, lehenik, gorputz indibidual eta kolektiboak gobernagarriak egin behar dira eta horretarako mekanismo (biopolitiko eta diziplinario), erakundetze (gogoan izan familia, alderdiak, sindikatuak, hezkuntza eta osasungintza publikoa ere erakundeak direla) eta lurraldetze zehatz batzuk behar (izan) dira, hau da, herria indibidualki eta kolektiboki boteretzen duten udalgintza, herrigintza eta estatugintza konkretuak.

“Demokrazia lokalik gabe ez dago demokrazia nazionalik ezta globalik ere”

Gaur egun, hego Euskal Herrian, lurraldea eta bertan bizi, ekoiztu, sortu eta lantzen dena pribatizatzeko bi eragile politiko nagusi daude (elite ekonomikoez gain): Espainiar exekutiboa eta elite politiko neoliberalen adar euskalduna. Eta pribatizazio hori bi prozesuren bitartez egiten da: batetik, estatua birzentralizatuz, eta, bestetik, euskal mendekotasun organiko, politiko, ekonomiko eta instituzionalaren bidez, zeinaren aurrean euskal erakundeek eta gizarte zibilak ez baitute desobedientzia eta konfrontazio politiko sistematikorik egin. Kontuan izan behar dugu hego Euskal Herriko exekutiboak (ikusiko dugu zer gertatzen den Nafarroan), gaur-gaurkoz, espainiar exekutibo eta elite neoliberalen adar bat besterik ez direla.
Pribatizazio horren mekanismo eta estrategia gutxi batzuk aipatzearren gogoratu lan erreforma adibidez. Europar Batasunak 2011ko udaberrian adostutako Ekonomiaren Egonkortasun eta Hazkundearen aldeko Itunaren barruan kokatu behar da. Itun horrek lan merkatuaren erreforma eskatzen zuen, malgutasuna handitzeko (kaleratzeak errazteko, alegia) eta esku-lanaren kostua murrizteko (soldatak jaisteko). Erreformaren ondorioz, korporazioen boterea handitu da eta negoziazio kolektiboa eta, beraz, sindikatuen parte hartzea, berriz, guztiz ahuldu.

“Zentralizazioa pribatizazio mota bat da”

Beste adibide bat autonomia finantzarioarena da (sozialistek eta popularrek 135. artikulua aldatzeko proposamena egin eta 30 egunera egindako aldaketa Konstituzionala). Aldaketa hori Europar Batasunaren (eta, beraz, elite finantzarioaren) presiopean egin zen eta “aurrekontu egonkortasuna” kontzeptuaren bitartez artikulatu. Finean, aurrekontuak erabakitzeko (eta inbertsioak egiteko) ahalmena kendu diete estatuei (ez exekutiboei) eta erkidegoei, eta kapital jabeen esku utzi da populazioak ekoitzi duen dirua eta aberastasuna non eta zertan erabili erabakitzeko ardura; hala, erabakimena kendu zaie Hego Euskal Herriko estatu erakundeei, eta estatu zentralak espainiar erkidegoetan esku hartu dezake, baldin eta erkidegoek ez badituzte elite finantzario europarraren eta espainiarraren helburuak betetzen, hots, ez badituzte pentsioak gutxitzen, lan adina handitzen, jendea masan kaleratzen eta osasungintza eta hezkuntza pribatizatzen, besteak beste. Halaxe pribatizatzen da Europan: exekutibo zentralen gaitasuna handituz eta estatu ez diren nazio eta komunitateen gaitasun politikoa murriztuz, nazioei, erkidegoei eta komunitateei erakunde publikoak kenduz, eta, ondorioz, herri soberania baliogabetuz. Horregatik esan dut globalizazio kapitalistaren aroan ez dela estatua desagertzen, guztiz kontrara, kapital globalaren helburuak betetzeko ezinbesteko tresna bilakatzen da, Poulantzas, Wallerstein, Sassen, Harvey eta Jessopek dioten moduan, edo Hobsonek eta Leninek XIX. eta XX. mendeko inperialismoa deskribatzean zioten moduan.
Aurrezki kutxak dira beste adibide bat eta jakina, hezkuntza. Jakin badakigu pribatizazio masiboa Bologna planak abiatu zuela mende hasieran. Espainiak onartutako azken legeak, LOMCE delakoak pribatizazio prozesu hori sakondu du, eta, bestetik, estatu zentralari eman dio curriculumeko irakasgai nagusiak aukeratzeko ahalmena, irakaskuntza estandarrak eta ebaluaketa irizpideak guztiz homogeneizatuz. Zentralizazioa pribatizazio mota bat da, esku pribatu gutxi batzuetan zentralizatzen duelako hezkuntza publikoaren inguruko erabakimena.
Eta, amaitzeko, 2012ko apirilean, lege berriak onartu ziren Erkidegoek osasungintzan zituzten eskumenak murrizteko xedez. Estatu zentralaren esku hartzea handitzeko egindako lege berriek osasungintza publikoa eta irisgarritasun unibertsala neutralizatzea dute helburu. Lehen ondorioetako bat migratzaileen irisgarritasuna mugatzea izan da. Beste ondorio bat, biztanle gehienek osasun eskubideak galtzea.

“Globalizazio kapitalistaren aroan ez da estatua desagertzen, guztiz kontrara, kapital globalaren helburuak betetzeko ezinbesteko tresna bilakatzen da”

Europako Batasunak, eta haren baitan Espainiako Estatua nabarmenki, aitzindari dihardute kapitalaren eraso berri horietan guztietan. Honela, 2017ko urriaren 27an, Kataluniako herriaren aurka 155. artikuluaren ezarpena onartu zen egun berean hain zuzen, Espainiako senatuak oniritzia eman zion, PP eta EAJren botoekin, Europako Batasunaren eta Kanadaren arteko CETA hitzarmena berresteari: muga-zergak deuseztatzen dira, enpresak eta estatuen arteko liskarrak ebazteko bitartekoak (arbitraje-epaimahaiez ari gara, non enpresek estatuak sala ditzaketen) eta batik bat, konbergentzia arautzailea izenekoa. Baliabide honen bitartez armonizatu nahi da, beherako joera duten estandarrak ezarriz, merkataritza eta inbertsio fluxuei eragin liezaiekeen araudi oro: lan eskubideak, ingurugiroa, zerbitzu publikoak, etab. Antzekoa TISA akordioarekin: mundu mailako kapitalak haren bidea eragotz ditzaketen arauketak ezabatu nahi ditu, horrela, bidea are garbiagoa izan dezaten zerbitzu transnazionalez hornitzen dituzten korporazioek (inportazioak, portuak, bankuko operazioak, pertsonen joan-etorriak eta lan-esku merkea), eta bestetik, zerbitzu publikoak are gehiago zabal daitezen merkatura: elikagai burujabetzaren bidez garatu nahi den eskola-txikiari nahiz ur-zerbitzua berriro udalaren esku gera dadin saiatzen ari den administrazioari eragiten dio horrek guztiak.
Helburua populazioaren osasuna, hezkuntza, askatasun eta berdintasun maila muturreraino murriztea da; demokraziaren pribatizazio erradikala; nekropolitika neoliberal eta patriarkalaren bidezko gobernu globala.
Jule Goikoetxea Mentxaka
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri