Gabi Mouesca
«Espetxeak bertan bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztiei egiten die kalte»

Gabi Mouesca euskal preso politiko ohia, OIP-ren presidente ohia eta egun Emmaüs Baudonne-eko etxaldearen zuzendaria da
Frantziar estatuko espetxe-sistema ondo ezagutzen duzu. Zeintzuk dira espetxe-eredu horren ardatz nagusiak?
Frantziako espetxeetan aurkitzen ditugun arazo nagusiek jende-pilaketarekin dute zerikusia. 2025eko otsailaren 1ean, 81.599 pertsona zeuden espetxean, eta, berez, 62.363 lagunentzako lekua zegoen. 4.300dik gora pertsonak lurrean botatako lastairetan egiten dute lo. 21.631 lagun epaitu gabe daude oraindik, baldintzapeko espetxealdian, eta, beraz, errugabeak izan daitezke. Kopuru adierazgarriak dira horiek, baina egunerokoa askoz larriagoa da zenbakiek erakusten dutena baino.
Eta zein da egun espetxeetan bizi den egoera? Zein egoeratan daude presoak?
Espetxea gorroto-fabrika bat da. Oso maiz pertsonen duintasuna urratzen duten bizi baldintzen ondorioa da hori. Pertsonak gizartetik deserrotzen dituen eta, batzuetan, gizatasuna ukatzen dien "tresna sozial" baten aurrean gaude. Eguneroko funtzionamendu horrek, zenbaitentzat hilabeteak eta are urteak ere irauten duena, arbuio-sentsazio ikaragarria eragiten die egoera hori jasaten dutenei, gizartearekiko higuina, mendeku gosea, bizitzarekiko haustura. Eta hori guztia “legearen izenean”, eta gure diruarekin. Espetxe-sisteman kapitalismoaren legeak aplikatuko bagenitu, enpresen kudeaketari dagokionez, aspaldi kaleratuko genituzkeen sistema horren kudeatzaileak eta itxiko espetxeak. Onartu beharra dago gure espetxeak kaltegarriak direla, eta gizartearentzako arriskutsuak.
Espetxe-kultura oso errepresiboa da nagusi. Zein neurri eta politika zehatzetan islatzen da kultura errepresibo hori?
Onartu beharra dago espetxeak kaltegarriak direla, eta gizartearentzako arriskutsuak
Espetxe-sistemaren kultura korporatiboa oso zapaltzailea da. Aspalditik datorren kontua da. Gure hezkuntza judu-kristauari zor zaio nagusiki. Gure bekatuak minarekin eta oinazearekin garbitu behar ditugula dioen ideia dago horren abiapuntuan. Zigorra: delituez, krimenez, legea urratzeaz hitz egiten dugunean etengabe agertzen da termino hori. Okerreko bidea hartzen dutenei aurre egiteko, oinazean, zehapenean eta sufrimenduan oinarritutako kontzeptuz josia dago zigor-arloari eta espetxeari buruzko lexikoa. Nolanahi ere, ez dago urteko luzez ikertzen jardun beharrik ulertzeko sufrimenduaren bidez nekez sortuko ditugula pertsonak aldarazteko behar diren baldintzak. Minak ondoeza hauspotu besterik ez du egiten. Eta espetxea mina eta sufrimendua eragiten diren lekua da nagusiki, jendeari bizitasuna kentzen dioten elementuak biak ala biak. Egunen batean, politika ultra zapaltzaile hori aplikatzen duten eragile guzti-guztiak Historiaren auzitegiaren aurrean auzipetuko dituzte gizateriaren aurkako delituengatik. Sufritzen duen gizateriaren, txikien, jende apalaren, hirugarren eta laugarren munduko haurren gizateriaren aurkako delituengatik, hain zuzen.
Eredu horren aurrean, Euskal Herrian defendatu beharko genukeen eredua hausnartu beharrean gara. Kartzelak deuseztatzearen aldekoa zara zu. Espetxerik gabeko gizartea posible da?
Kazetari batek behin galdetu zidan ea zein zen desberdintasunik gabeko gizarte baten ezaugarria, eta nik erantzun nion desberdintasunak eragiten dituzten faktorerik gabe eta mota desberdinetako injustiziarik gabe espetxeak desagertu egingo liratekeela. Bidegabekeriak eta desberdintasunak jotako gizarte baten azken katebegia baita espetxea. Oreka eta gogaidetasuna lortu nahi dituen edozein gizartek, denok elkarrekin harmonian bizitzea amesten duen edozein gizartek ezin du baztertu mota guztietako bidegabekeriak desagerraraztea bilatzen duen ekinbiderik. Horrek berez eramango gaitu espetxea den zoritxarreko tresnaren erabilera gure gizartetik baztertzera.
Deskargatu aldizkaria PDF formatuan

Hala ere, norabide horretan erredukzionismoaz hitz egin duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Ni abolizionista naiz bihotz-bihotzez. Baina buruak erredukzionista izatera narama, horren alde militatzera. Zer esan nahi du horrek? Espetxeen erabilera gutxitzeko baldintzak sortzeko lan egitea. Erabilera hori gutxitzeak batere ez erabiltzera eraman gaitzake, alegia, amets abolizionista lortzera epe luzera. Hainbat bide hartu daitezke horretarako. Lehenik eta behin, espetxealdi prebentiboaren alternatibak sustatu daitezke, “zaintza judizialaren”, "zaintza judizial sozio-edukatiboaren” edo “zaintza elektronikoko etxe-atxiloketa” bidez. Espetxealdiaren ordezko zigorrei dagokienez, aukera hauek aurkitzen ditugu: "interes orokorreko lana", "zigorraren baldintzapeko etetea" eta "etxe barruko atxiloketa, zaintza elektronikoarekin". Azkenik, zigorrak egokitzeko beste bi aukera dauzkagu: "desinstituzionalizazioa" eta "baldintzapeko askatasuna". Legeak aurreikusten dituen neurri horiek guztiak aplikatuz gero, ehunka gizon-emakumek ez lukete espetxera joan beharko, eta, ondorioz, ez lituzkete jasango espetxeak eragiten dituen ondorio kaltegarri eta suntsitzaileak. Baina hori lortzeko, botere publikoek jarrera argi eta sendoa erakutsi behar dute neurri horien alde. Ausardia behar da azaltzeko eta frogatzeko amaitu egin dela politika errepresiboaren zikloa, argi geratu dela politika hori ez dela eraginkorra, eta bai arriskutsua; eta, gizartearen hobe beharrez, garaia dela beste politika bat aplikatzeko delituei eta krimenari aurre egiteko, mendekuan ez baizik eta justizian oinarritzen den politika bat, eta baita eraginkortasunean ere, eta alde batera utzi behar direla behin eta berriz delituan berrerortzea ekarri duten eta errepresio-ekintza orokorraren porrot nabarmena erakutsi duten egungo nahiz iraganeko politikak. Baina, diodan moduan, politika hori aldatuko bada, ezinbestekoa da herritarren konpromisoa. Alternatibak proposatzeko, engaiatzeko grina duten gizon-emakumeen konpromisoa. Era desberdinetako zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko eta haien ondoan egoteko lekuak sortzeari buruz ari naiz, hain zuzen ere. Pertsona bakoitzaren arazoei aurre egiteko arreta guztiz indibidualizatua sustatzen duten egitura txikiez. Ez dut "bigarren aukerez" hitz egingo, espetxean dauden pertsonak ezagutzen dituzuenok ederki baitakizue pertsona horiek ez dutela "lehenbiziko aukerarik" ere izan, bazterrean daudela eta inork ez dituela inoiz kontuan hartu. Duela hamarkada batzuk gure aitona-amonak "kanoi-bazka" izan ziren, gure gurasoak "nagusi-bazka" eta gaur egun "espetxe-bazka" gara gu. Kapitalismo garailearen mesedetan sakrifikatutako populazioa.
Eta erredukzionismo horri begira zein pauso eman daitezke gaurdanik? Zein neurri zehatz hartu beharko lirateke eta zein politika utzi bertan behera?
Espetxea mina eta sufrimendua eragiten diren lekua da nagusiki
Oraintxe bertan hasita, legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatu beharra dago. Ez dezagun ahaztu COVID-19aren krisi-garaian, 13.000 pertsona espetxetik askatu zituztela Frantzian. Eta esango nuke neurri horrek ez zuela krimen eta delituen tsunamirik ekarri. Beste neurri batzuk ere har litezke, prozesu legegile handirik egin behar izan gabe, eta diru publikorik xahutu gabe. Haurrak espetxeratzea debekatzea, adibidez (Frantzian, haurrak 13 urtetik aurrera espetxeratu daitezke, delitu bat egiteagatik). Gogoan izan behar dugu, gainera, gizarte duin batek haurrak heztearen aldeko apustua egin beharko lukeela soilik, ez haiek zapaltzearen aldekoa. Haurdun dauden emakumeentzat eta haur txikiak dituzten amentzat ere espetxea ez da erantzun onargarria. Hemen ere, alternatibak sustatu behar dira. Azkenik, eta hau ere garrantzitsua da, desagerrarazi egin behar ditugu gaixo psikiatrikoen eta adikzioak dituzten pertsonen edukiontziak bihurtu diren espetxeak. Pertsona horiek ez ditugu ikusten arreta eta tratamendua behar duten pertsona gisa, eta hori lotsagarria da, guztiz. Espetxean ezin dira sendatu. Leku zeharo osasungaitza da espetxea. Jakina, aipatzen ari naizen neurriak aplikatzeko, beharrezkoa da ospitale publikoek baliabideak izatea espetxetik datozen pertsonak hartzeko. Ameskeria hutsa, gaur egun. Laburbilduz, espetxea desagerrarazteko beharrezkoa da inor bazterrean utziko ez duen politika publiko bat aplikatzea. Politika publiko bat kontuan hartzen duena pertsona guzti-guztien duintasuna, eta, lehenik eta behin, egoera ahulen eta prekarioenean daudenen pertsonena. Espetxea desagerraraztea ez da utopia, Justiziaren eredua egia bihurtzea da. Ez gutxiagorik. Ez gehiagorik.
Sindikatuek zein paper jokatu dezakete espetxe ereduaren aldaketa horretan?
Sindikatuek espetxearen errealitatearen aurrean duten ikuspegiaz galdetzen didazularik, armagintzako eta gerra-industriako lanpostuak defendatzearen alde borrokatzen diren sindikalistak datozkit burura. Izen hori merezi duen sindikalista batek espetxeak ixtearen alde egon behar du ezinbestean. Klase arrazoiengatik, nagusiki. Eta espetxea ezin delako erreformatu. Min ematen, zauritzen eta batzuetan hiltzen duen leku bat izan da, eta izango da beti. Eta nire pentsamendu kritikoa espetxera zuzentzen dudanean, nik ez ditut ikusten burdin-hesiek bereizitako bi gizateria. Ederki dakit espetxeak bertan bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztiei egiten diela kalte. Zaintzaz arduratzen diren langileei ere bai. Sindikalistek irmotasunez defendatu behar dute espetxean bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztien duintasunari zor zaion errespetu ukaezina. Helburu hori kontzientziaren bidez sortu eta zabaldu behar da. Nolanahi ere, ezinezkoa da helburu hori lortzea, espetxeak berezkoa baitu giza duintasuna urratzea. Bukatzeko, Parisko irratsaio batean entzun nuen zerbait aipatu nahiko nuke. Espetxeari buruzko saio haren hasieran hauxe esan zuten: "espetxeak bete du bere aldia, desager dadila!".
Eta presoen eskubideak bermatzeari dagokionez?
Espetxeen Nazioarteko Behatokiko presidente jardun dudan bost urteetan ikusi dudanez, iruzur higuingarria iruditzen zait hortxe aritzea lege-testu berriak onartzen, pentsaraziz zuzenbide-estatuak lekua duela espetxeetan. Espetxe-administrazioak kultura korporatibo guztiz zapaltzailea aplikatzen jarraitzen duen bitartean, ameskeria hutsa izango dira presoen eskubide eta betebeharrak kodetzen dituzten legeak eta gainerako testu juridikoak. Berriro diot, ezinezkoa da espetxea erreformatzea.