Atzoko, gaurko eta biharko M3moria

JULEN DIAZ DE ARGOTE GARCÍA
Historialaria. Memoria Gara eta Martxoak 3ko kidea.

Hamarkada batzuetan ez da ezer gertatzen eta aste batzuetan hamarkadak igarotzen dira. Horrela definitu ahalko genituzke 1976ko Gasteizko grebak. Gasteiz behin betiko aldatu zen momentua, apaiz eta militarren hiriaren kontzepzioa izatetik gaur egungo Gasteiz borrokalari, ameslari eta anitza izatera pasa zen. Victor Jara-k abesten zuen “la vida es eterna en cinco minutos”, Federico García Lorca-ren “a las cinco de la tarde”ren asanbladari erreferentzia egingo balio bezala, dena aldatu baitzen arratsalde horretako San Frantziskoko asanblada hartan.
Ezkerrak eta mugimendu sozialek beti gogoratu, aldarrikatu eta “ospatu” izan dituzte ezbeharrak eta errepresioa. Maiatzaren 1a (Haymarket-eko grebalariak), martxoaren 8a (Triangle Shirtwaiste-eko grebalariak) edota ekainaren 28a (Stonewall-eko LGTBIAQ+ komunitatea) dira honen adibide, gure egutegian errotuladore gorriarekin markatu ohi ditugun datak. Baina bada Euskal Herri mailan gure memoria eta egutegietan markatuta geratu den maiatzaren 1 propio bat: martxoaren 3a.
Eta guri, belaunaldi horren seme-alaba eta bilobei dagokigu borroka horien lekukoa hartzea, transmisio hori egitea eta M3moria lantzea. Hori dela eta, gaurkotasun handia izan dezaketen lokarri naturalak ezarri daitezke borroka horien eta gaur egungo borroken edo egoeraren artean, transmisiorako zein pentsamendu kritikoa lantzeko baliozkoak izan daitezkeenak.
Martxoaren 3ko memoriak ez digu soilik langile mugimenduaz hitz egiten, memoria konpartitu bat da, memoria poliedrikoa; eta ertz bakoitzak berezitasun batez hitz egiten digu. Zaramagako memoriak migrazioaz hitz egiten digu. Hamarkada horietan Gasteizera zein Euskal Herriko beste auzo eta txoko askotara bizi eta lan egitera etorri ziren migrante horietaz. Errekaleorrez, un mundo mejor egiten saiatu zirenez ari gara, Barroso Chaparro bezalako familiez. Garai hartan Gasteizek eta Euskal Herriak kanpotik etorritako milaka eta milaka langile familia horiek integratu eta bere gizartearen parte egin zituen, 1976ko borroka horien motore izan zirelarik. Horren isla da elizan eraildako bost langile horietatik bakarra zela Gasteizen jaiotakoa.
M3moria hau ere emakumeen borroka eta artikulazioaz mintzo da. Noraino helduko ziren greba horiek sabel hutsekin? Propagandarik eta saretzerik gabe? Horrelako greba-prozesu luzea eraiki eta mantentzeko beharrezkoa da amarauna indartsu bat sortzea, ondo koipeztutako engranajez osaturiko makineria. Eta trenetan erabiltzen zen ikatzezko galdara hori elikatzen zuten gidariak izan ziren emakumeak.
Areitio bezalako enpresetan emakumeek borroka bikoitz bat eraman behar izan zuten aurrera. Batetik, ugazaben aurka eta, bestetik, grebara ateratzen ez ziren gizonen aurkako borroka. Fabriketako langileen emazteak ere antolatzen hasi ziren, haien asanblada eta manifestazio propioak eginez. Asanblada horietan ez zen bakarrik haien bikoteen lan-baldintzetaz hitz egiten, bizitzaren garestitzeaz hitz egiten zen, langile-auzoen utzikeriaz, zerbitzu faltaz eta anti sorgailuez. Xaboiak gehiago irauteko edota produktu berdinekin janari gehiago lortzeko trikimailuak ikasi eta elkar-partekatzen zituzten. Kalera atera ziren eta erosteko poltsa hutsekin manifestatu, ezer erosteko adina dirurik ez zutela adierazteko. Auzoetatik abiatu, merkatuetatik igaro eta erdigunean amaitzen zituzten, Andra Maria Zuriaren plazako monumentuari bueltak emanez, poliziak mespretxuz “uso” ezizena jarri zielarik. Haiek izan ziren zaintza-lanak egin zituztenak greba guztian zehar, poliziak jarraitzen zituzten langileei ateak ireki zizkietenak, zaurituak zaindu eta nekatuta zeudenei jaten eta edaten eman zietenak.
Borroka horiek ere borroka molde ezberdinen originaltasunaz eta ideia berritzaileez hitz egiten digute. 40 urteko errepresio, bertikaltasun eta “ordena”ren ideien ondoren, langileak asanbladetan antolatu ziren, edozeinek bere iritzia emanez eta langile izatearen duintasuna berreskuratuz. Asanbladak bilakatu ziren langileen bozgoragailu eta eskola politiko. Horrez gain, batzorde ordezkatzaileak aukeratu zituzten, asanbladak hartutako erabakiaren igorle papera jokatuz, edozein momentutan baliogabetu eta beste pertsona bat aukeratzeko eskubidea bermatuz. Soldataren igoera linealarengatik borrokatzen zuten, denek 5.000 edo 6.000 pezeta gehiago kobratzeko, ehunekoekin ezberdintasunak areagotu egiten baitziren. Emakumeek ere haien metodo abanguardistak ezarri zituzten, enpresa barruan “sugea” eginez, grebara deitzeko balio zuen ilara bat, geroz eta emakume gehiago batzen zirena. Eta, nola ez, gogoratu behar dugu nola heldu den Martxoaren 3ko memoria guganaino. Ez da heldu instituzio publikoek bultzatu dutelako, nahiz eta gaur egun elkarri ukondoarekin bultzaka ibili Martxoaren 3ko monolitoan loreak jartzeko. Nabarmentzekoa da Alderdi Popularrak, Fraga Iribarne ohorezko presidente duen alderdiak, bere burua behartuta ikusi duela argazki horretatik kanpo ez geratzera, 2023an lehenengoz jarri zituztelarik loreak monolitoaren aurrean.
Eta nola heldu da bizirik M3moria hau? Urtez urte oso egun berezia da martxoaren 3a Gasteizko eta Euskal Herriko kontzientzia kolektiboan, baina ezin dugu perspektiba galdu. Egon dira urte zailak, zeintzuetan ahaztearen aldeko politika bat bultzatu zen eta indar polizialak manifestazioen aurka oldartzen ziren.
Hasieratik saiatu ziren langileak gertatutakoa azaltzen, idazten, transmititzen eta kantatzen. Liburu eta paskin asko idatzi zituzten klandestinoki, gertatutakoa azaltzeko eta zabaltzeko, horietako askotan “irakurri eta pasatu” esaldia agertzen zelarik. Hitzaldi eta kanta ezberdinak egin ziren, transmisioak bakarrik egiten duelako ahanzturaren kontrako borroka.
Horrez gain, urtero antolatu dira sarraskia eta justizia falta salatzeko manifestazioak. Hasiera batean langileak beraiek antolatzen ziren greba deitzeko egun horretan eta manifestazioa antolatzeko. Geroago sindikatuak sartu ziren, nahiz eta batzuk 80ko hamarkadan joateari utzi eta deialdiei uko egin. Gasteizko langileriaren gogoaren, grinaren, lanaren eta, are, burugogorkeriari esker mantendu da manifestazio hau, non, 2000. urtetik, martxoaren 3ko elkarteak ere deitzen duen.
Langileen antolakutzaren eta instituzioen ahanzturaren sinbolo nagusia monolitoa bera izan daiteke. Oroimen leku bat egiteko saiakerak 1976tik bertatik egon ziren. 80ko hamarkada hasieran eraildakoak gogoratzeko leku bat sortzen saiatu ziren, Pedro Maria Martinez Ocio erail eta bere odolarekin JUSTIZIA hitza idatzi zuten lekuan, baina poliziak hauek kentzen zituen biharamunean. Hori dela eta, 1983an (Felipe Gonzalezek jadanik gehiengo absolutua zuen momentu batean) Forjas-eko langileek (Pedro Marik lan egiten zuen enpresako lankideek) ukabilaren eskultura egin eta gauez joan ziren hau kokatzera, zementu azkarra bota eta bertan kokatu zuten. Poliziak ezin izan zuenez kendu gaurdaino heldu da herriak egindako monolito hau. Zein paradoxikoa den klandestinoki eta modu ilegalean jarritako monolito batean instituzio guztiek loreak jartzea.
Nekaezina izan da Martxoaren 3ko elkarteak egindako lana. 1999. urtean sortu zenetik, egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzearen aldeko bermeak lortzeagatik borrokatuz. Hauek sekretu ofizialen lege frankistarengatik zein Espainiar estatuko inpunitate ereduarengatik ukatuak izan dira, Argentinaraino heldu behar izan direlarik justizia eske. Indar berezia jarri dio elkarteak transmisioari, horren isla direlarik urtero egiten dituen 200 hitzaldi eta bisita gidatuak edota urtez urte errepikatzen den Martxoaren 3ko manifestazioak, gogoratzea eta justizia eskatzea helburu dutenak, baina, aldi berean, gaur egungo borrokei bozgoragailua ematen dietenak.
2018an sortu genuen Memoria Gara elkartea, sarraskia gertatu zen San Frantzisko elizan memoria-zentro bat eraikitzeko nahiarekin. Esan ziguten ezinezkoa izango zela, baina, gaur egun, badirudi posible dela. Jarrai dezagun lanean amets hau errealitate bihurtu dadin, Martxoaren 3ko biktima eta langileek gertatutakoa azaltzeko leku duin bat izan dezaten, iragana eta orainaren arteko irakurketa kritikoak bultzatzen dituen zentro bat.
Martxoaren 3aren transmisioak ere balio behar digu belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko, garai hori bizi eta borrokatu zutenak entzuteko, haiengatik ikasteko, haien borroka-moldeak eguneratzeko eta akatsetatik ikasteko. Erraldoien gainean eraiki dugu gizarte hau. Eta gazteenei dagokie haien aiton-amonen bizipenak batzea, jasotzen ez dena betirako galtzeko arriskuan baitago. Haiek direlako erail ezin izan zituzten Forjaseko langileen bilobak eta haiei dagokielako borroka horren lekukoa hartzea.


