M3 1.976 – 2.26 aldizkaria – es

GARBIÑE ARANBURU IRAZUSTA
LABen Koordinatzaile Orokorra

Euskal langileen memorian iltzatua geratu zen 1976ko martxoaren 3a. Poliziak sarraskia eragin zuen Gasteizko San Frantzisko elizan, barruan batzarra egiten ari ziren langileen aurka eraso egin eta bost langile hil zituzten; ehunka izan ziren, berriz, zaurituak.

 

Euskal langile mugimendua indartsu zegoen, greban zeuden hainbat lantegitan. Milaka langile ziren mobilizazioetan, bi aldarrikapen nagusirekin: lan eskubideak eta soldatak hobetzea. Goraipatzekoa da emakumeek egindako sostengu lana, soldata-arrakalak salatu, grebaren arrazoiak sozializatu eta grebaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko.

 

Garai hartan, eskubide laboralekin batera, aldarrikapen politikoek ere indar handia zuten. Francoren diktaduraren ondotik, haustura ala erreformaren alde egitea zen kontua eta errepresaliatuentzat amnistia edo Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzea aldarrikapen politiko nagusiak.

 

1976ko Martxoa, Francoren diktaduraren hondarretan, indartzen ari zen langile borroka zapuzteko saiakera izan zen. Mugarri garrantzitsua izan zen, eta LABek, beste eragile sozial eta kulturalekin batera, memoria hori bizirik mantentzeko lan egin du urte hauetan guztietan.

 

Hilabete batzuk lehenago, Francok azken heriotza zigorrak sinatu zituen. Herri honen askapen prozesua eragozteko asmo argia zuten frankistek, eta 1975eko irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten. Hego Euskal Herrian ugariak izan ziren protestak eta hiru eguneko Greba Orokor arrakastatsua izan zen.

 

Fase berri bat irekitzen ari zen, dena aldatu nahi zuten. Sindikatuko kideak buru-belarri inplikatuak ziren borroka laboral eta politikoetan. LAB jaioberria zen. Langile mugimendua borbor zegoen garaian, Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala uztartzeko jaio ginen. Klase sindikatua, independentista, euskalduna eta soziopolitikoa. 70eko hamarkadaren bueltan Lurdes Iriondo abeslariak Gu ez gaude konforme abesten zuen. Horrexek deskribatzen du LABen izaera, dagoenarekin ez gara konformatzen, euskal sindikalismo eraldatzailea da gurea.

 

 

Orduz geroztik, hazi da sindikatua ordezkaritzan, eta aberastu dugu ekosistema sindikala. Lan egiten dugu langile guztien errealitateari erantzungo dion sindikatua izateko. Borroka kolektiboak sustatzen ditugu, eraldaketa sozialerako burujabetza prozesua elikatu eta euskal esparru propioaren alde egiten dugu.

 

Eredu sindikala birpentsatu eta ikuspegi feminista, antiarrazista eta ekosozialista geureganatu ditugu, hasierako printzipioak aberastuz. Indarrean dagoen eredu ekonomiko eta soziala eraldatu nahi dugu. Lehenik, ez delako bidezkoa, patriarkala eta koloniala baita. Langileen, emakumeen eta herrien zanpaketan oinarritzen da; gazteak bizitza osorako prekarietatera kondenatzen ditu. Bigarrenik, gero eta bideraezinagoa delako, planetaren bizitza kolokan jartzen ari delako.

 

Ordutik hona asko aldatu dira gauzak. Aldaketa horietan eragile izan gara. Gure herrian ugariak dira grebak eta mobilizazioak. Langile borrokari esker, aurrerapenak egon dira lan eta bizi baldintzetan; preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidean eta askapen prozesuan. LABen ekarpena ezinbestekoa izan da aurrerapen horietan guztietan.

 

Dena aldatzera goaz. Mundu mailan aldaketa sakonak ari dira gertatzen. Duela 50 urte munduko hegemonia lehian zen, orain ere bai. Kapitalismoaren askotariko krisiek eragindako berrantolaketa bizitzen ari gara, basatia, inperialista, faxismoa hedatzea bultzatzen duena. Fase kapitalista honetan dirua esku gutxi batzuetan pilatzen da eta boterea kontzentratzen; etengabeko hazkundeari eutsi nahi eta lehengaiak, erregaiak zein mineralak eskuratzeko, munduan hamaika gatazka (Ukraina, Palestina, Venezuela...) eragiten ari dira. Trumpismoak azkartu eta sakondu egin du atzeraldi erreakzionarioa, errezeta autoritarioak inposatuz, langile, emakume*, migratuen eskubideen kontra ez ezik, herrien burujabetzaren aurka ere bai.

Dagoenarekin ez gara konformatzen, euskal sindikalismo eraldatzailea da gurea.

 

Faxismoa antifeminismotik eta arrazismotik elikatzen ari da. Oldarraldi atzerakoia indartzen du langile zaurgarriak, langile zaurgarriagoen aurka jarrita. Gurean ere nabaritzen da atzeraldia, indartzen ari dira joera matxistak, homofoboak eta xenofoboak. Zer egin faxismo zaharberrituaren aurrean? Nola erantzun bizitzaren eremu guztietara hedatzen den prekarizazioari? Eta, eskubide nazional eta sozialen inboluzioaren aurrean, zer? Aldaketa sakona defendatzen dugu guk: bizitza erdigunean jartzea.

 

Euskal Herrian badaude aukerak askapen prozesuan aurrera egiteko, 78ko giltzarrapoa apurtu, nazio aitortza eskuratu eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako esparru sozioekonomiko propioa eratzeko. Badaude aukerak, lan eta bizi baldintzetan, langileen aldeko neurriak eta politika publikoak behartzeko. Martxoaren 17ko Greba Orokorra mugarria da egiten ari garen borrokaldian. Aberastasuna banatzeko beharra eta hemen erabaki nahi dugula aldarrikatzeko. Klase kontzientzia indartu eta klase elkartasuna adierazteko. 1976an bezala, orain ere langile antolakuntza eta borroka da bidea. Gora langile-borroka!

M3 1.976 – 2.26 aldizkaria – es
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago