Jule Goikoetxea
«Estatua da masiboki hiltzeko asmatu dugun gauzarik eraginkorrena, baina baita masiboki berdintasuna sortzeko dugun gauzarik eraginkorrena»
Elkarrizketa hau Mireia Vehík eta Georgina Mongek Jule Goikoetxea filosofo eta aktibistari ONZE aldizkarirako egindakoa da. Euskaratu eta Talaian publikatzeko aukera izan dugu.

Jule Goikoetxea filosofoa, idazlea eta aktibista da. Bere ekarpen teoriko, literario eta politikoengatik da ezaguna. Bere azken liburuak, "Politeismo Bastarta: lau egun Angela Davisekin", etorkizun anitzez sortutako kosmobisio berri batera garamatza. Elkarrizketa honetan Estatuari, Feminismoari eta Ezkerrari buruz galdetu diogu.
Nola azaltzen duzu demokratizazioaren kontzeptua eta zer harreman du nazio konfigurazioarekin, edo herri batek bere burua gobernatzeko duen gaitasunarekin?
Demokraziaren pribatizazioa liburuan nioen ezin zarela gobernatu gobernatzeko gaitasunik ez baduzu. Eta zerk gaitzen zaitu gobernatzeko? Hasteko, zure gorputz organikoa eta gorputz politiko indibiduala eta kolektiboa osasuntsu mantentzeko gai izan behar duzu, hau da, biztanleriak, bere burua gobernatu ahal izateko, irakurtzeko, idazteko, sendatzeko, jolasteko, argudiatzeko, lan egiteko eta borrokatzeko gaitasuna emango dioten egitura politikoak garatu behar ditu. Horretarako, hezkuntza publikoa, komunitarioa, nahi dena, baina masiboa eta derrigorrezkoa izan behar du, osasun-sistema bezalaxe, gizarte-zerbitzuak, guztientzako etxebizitza, ziurtasuna, denbora eta abar behar dira, eta, horretarako, mota guztietako erakundeak behar ditugu, eta ez hautestontziak lau urtean behin bozkatzeko. Hori ahalbidetzen duten egitura politiko horiei, hemen, Estatua esan diegu, Estatua izanik masiboki hiltzeko asmatu dugun gauzarik eraginkorrena, baina baita masiboki berdintasuna sortzeko dugun gauzarik eraginkorrena. Egitura horiek guztiak pribatizatzen hasten direnean, jada prekarioa eta mugatua zen gobernatzeko gaitasuna, demosaren gobernu gaitasuna, hil egiten da.
Zer genero-irakurketa egiten duzu demokratizazioaz?
Lehenik, desjabetzea, Estatua eta patriarkatua erlazionatzeko, munduko estatu guztietan, emakume eta gizonen arteko kapitalen, denboraren eta balio ekonomiko, kultural eta sozialaren desberdintasuna aztertu behar da. Bigarrenik, nik ez dut "genero-irakurketez" hitz egiten, bere garaian, eta gaur egun ere, toki askotan beharrezkoa eta urratzailea izan da “genero” kontzeptua, baina feminismoa "generoaz" harago doala ere ezkuta dezake. Are gehiago, “generoaz” gutxiago eta sexualizazioaz eta arrazakeriaz gehiago hitz egin behar dela uste dut, zenbait korronteetan "generoa" sexualizazioa eta arrazalizazioa are gehiago biologizatzeko erabiltzen baita, “generoa” eraiki egiten dela esanez, baina sexua ez, arraza ez, eta abar, eta horrek esparru batera eramaten zaitu: emakume eta gizon jaiotzen zara (beltza, zuria, marroia...), eta gero, poltsatxo bat eta ile luzea jartzen dizute ("gauza kulturalak"), eta, hala, emakume ona izatera! Ba ez. Hori lokatz esentzialistan galduta egotea da. Emakume egiten zaituena ez da bulba, baizik eta gutxiago kobratzen duzula eta lan gehiago egiten duzula zure familiako edo komunitateko gizonek baino, baina gutxiago hitz egiten duzu, eta denbora, espazio, baliabide, kapital ekonomiko eta kultural gutxiago dituzu. Herrialdeak (%13) eta korporazioak (%25) gobernatzen dituzten emakume maltzurrak egoteak ez du desagerrarazten "emakumeak" menderatze-sistema patriarkalaren ondorio materiala direnik, ez direla jaiotzen. Agintean pertsona arrazializatuak egoteak (demagun Obama), ez du “arraza” menderatze-sistema kolonial baten ondorio dela deuseztatzen. Klase edo talde politiko-ekonomikoez ari gara, ez klase naturalez. Eta, beraz, talde edo klase horien existentziaren azalpena politiko-ekonomikoa behar da, ez biologikoa, ez sinbolikoa, ez behintzat esparru dikotomiko ilustratu horretatik, non biologia kulturari edo biologia politikari kontrajartzen zaion eta materiala sinbolikoari. Erlazio materialetan oinarritzen ez diren dominazio-sistemak daudela defendatzea idealista da eta biologismo esentzialistara darama.
Marko hori ezkerrak zein eskuinak partekatzen dutela diozu.
Bai, patriarkatu liberal baten "sen ona" errealismo positibista delako, non errealitatea Big Bangen sortutako gauzek osatzen dutela uste den. Ezkerreko erakundeek ezin dute azaldu nola bilakatzen den ameba bat senar jator batean, edo subjektu unibertsal polit horretan. Eta ameba bat senar onbera bilakatu izana puta bilakatu ordez testuinguru politikoaren araberakoa da.
Izan ere, zure azken liburuan, Politeismo Bastartan, zehazki idazten duzu kategorien konfigurazioaz marmelada baten metafora erabiliz, "marrubi-marmelada ez da existitzen den gauza bat, gero marrubiak, azukrea eta limoi-zukua gehitzen zaizkiona, baizik eta marrubien, azukrearen eta limoi-zukuaren arteko erlazio jakin batek marrubi-marmelada sortzen du"
Horregatik, "pribatizazio prozesuen genero irakurketez" hitz egin baino, pribatizazio patriarkal, arrazial eta kapitalistaz hitz egin behar da. Kontua ez baita kapitalismo bat dagoela mendian untxi bat bezala korrika, eta gero, patriarkatua, kolonialismoa eta koloretako lumak gehitzen zaizkiola. Kapitalismoa patriarkala eta koloniala da. Patriarkatua kapitalista eta arrazista da. “Generoaz” ari bagara, badirudi emakume izateak ez duela zerikusirik lanaren eta ekoizpenaren kontzeptuarekin. Baina proletarioak sortzen dituena produkzio-harreman jakin batzuk diren bezala, produkzio-harreman jakin batzuk dira emakumeak eta arrazializatuak sortzen dituztenak. Horregatik, eskola-jantokiak pribatizatzen dituzunean, ume asko etxera itzultzen dira bazkaltzera eta janari hori emakumeek egiten dute, eta gainera doan! Hau da, lan-karga ez ezik, lan-karga ez ordaindua handitzen da, ez baitute kobratzen. Esklabutza deitzen da, ez maitasuna! Etxeko langile “internoek” (%97 emakumeak dira eta gehienak migratuak) ez dute maitasunagatik lan egiten, baina gainerako emakumeek ere ez, e! Bizirik irauteko da. Gauza bera aplikatzen zaio osasun publikoaren pribatizazio neoliberalari; izan ere, ohe-murrizketaren ondorioz, besteak beste, kirurgien osteko errekuperazio-denbora murriztu egiten da, eta, ondorioz, interbenituak etxera bidaltzen dira errehabilitazioa egitera, eta horrek emakumeen ordaindu gabeko lan-karga areagotzen du, normalean, emazteak edo amak izeneko klase-frakzio horren lan-karga. Eta klase frakzioa erabiltzen dut ze emakumeez eta arrazializatuez hitz egiten dutenean marxismotik datozen alderdi eta sindikatuek, hiztegi marxista alde batera uzten dute eta “kolektibo zaurgarri” bilakatzen gara, baina “proletarioa” ez da kolektibo zaurgarri bat, ez? Klase bat da, bere klase frakzioekin. Emakumea ez da ezpainak margotzen dituen X kromosoma bat! Eta beltz egiten zaituena ez da MC1R genea... Ez gara kolektibo zaurgarriak eta Angela Merkelek edo Benyocek doako lanik ez egiteak ez du ezertan aldatzen egiturazko azterketa materialista hau. Eta Patxik orain lan ordaindu gabeko minutu gehiago sartzeak parkean seme-alabekin, ezta ere.
Espainiako Erresuma estatu patriarkala al da? Zer zentzutan?
Arrazak badaude, arraza-sistema eta estatu arrazista dago, gizonak eta emakumeak badaude, patriarkatua dago eta, beraz, estatu patriarkala, eta proletarioak badaude burgesak daudelako da, eta zentzu zabalagoan, gorputzak, lurraldeak eta dirua merkantilizatzen badira, kapitalismoa dago, eta, beraz, estatu kapitalista. Berdina Euskal Herrian, ez dugu estaturik baina estatu erakunde asko ditugu.
Nolakoa izango litzateke boterearen azterketa feminista?
Ez dago boterearen azterketa eta, bestalde, boterearen azterketa feminista: edo zure boterearen azterketa feminista da, edo patriarkala da. Estatuaren azterketa materialistak eta ez-patriarkalak erantzun behar du nola birsortzen den gizonen eta emakumeen botere ekonomiko, kultur eta sozialaren arteko desberdinkeria munduko herrialde guztietan, biak ere langileak eta komunitate berekoak izanik. Une honetan, ezkerreko alderdiek, sindikatuek eta gizarte-mugimendu gehienek, bai estatu espainiarrean eta frantsesean, bai Euskal Herrian, ez dute analisi serio eta ez patriarkalik, gizonak eta emakumeak, jaiotzen ez direnak, materialki nola sortzen diren azaltzeko. Beraz, ezin dute erantzun termino materialistetan zergatik diren emakumeak proletarioen proletarioak. Menderatze patriarkal eta arrazistaren azterketa esentzialista, idealista eta biologista dute. Ezkerrak oso erreformista izateko joera du gizon zuria zeharkatzen ez duten menderatze-sistemei dagokienez. Alderdien eta sindikatuen programetan ez dago plan apurtzailerik, erreformistak dira familia heteropatriarkalarekiko, eta, beraz, jarrera erreformista eta kontserbadorea dute patriarkatu kolonialarekiko.
Erantzuiguzu orduan, zergatik dago gizonen eta emakumeen arteko boterearen eta kapital ekonomiko, kultural eta sozialaren arteko alde hori munduko estatu guztietan, biak langileak izanik?
Lehenik eta behin, labur-labur esango dizuet nola ulertzen dudan nik Estatua. Niretzat Estatua harreman soziala da, eta ez tresna edo subjektu soil bat, eta are gutxiago tresna edo subjektu neutral bat. Poulantzasek zioen Estatua klase-indarren arteko orekaren kondentsazio material bat dela, Estatuak oreka hori eratzen laguntzen duen neurrian, hori besterik gabe islatu beharrean. Beraz, estatu kapitalista ez da berezko entitate bat, baizik eta indar-erlazio bat, eta, zehazkiago, klaseen eta klase-frakzioen arteko erlazio horren kondentsazio materiala. Jessop jaunak gaineratuko du, lehenik eta behin, estatu forma aztertu behar dugula selektibitate estrategikoko patroi espezifiko bat duen erakunde-multzo konplexu gisa, eta horrek esan nahi du Estatuaren matrizearen eta indar desberdinen estrategien arteko elkarrekintzak azaltzen duela Estatuaren izaera. Estatu batek, nagusiki, Estatu kapitalista gisa, erregimen teokratiko militar gisa, estatu etnopolitiko gisa edo estatu patriarkal gisa jardun dezake. Patriarkatua, menderatze maskulinoaren sistema gisa, sistema izateko eta nagusi izateko, klase patriarkalak behar ditu, klase indarren kondentsazio materiala baita Estatu oro.
Garatu dezakezu klase patriarkalen ideia? Zein klaseri buruz ari gara?
Esparru feminista eta materialista batetik, egungo klaseak gainbalioaren ekoizpen-prozesuaren eta -harremanen bidez egituratzeaz gain, bizitzaren ekoizpen-prozesuen eta -harremanen bidez ere egituratzen dira, Miesek eta Scholzek dioten bezala. Izan ere, "gizonak" eta "emakumeak" sortzen dituzten ekoizpen-harremanak naturalizatu dituzte orain arteko teoria ia guztiek. Guk dioguna da, gizonak eta emakumeak ez dira klase naturalak, klase sozio politikoak dira eta irizpidea da desjabetzen zaien “lana” eta desjabetze hori lortzeko pairatzen duten “biolentzia sexuala”. Lana: mundu mailan lan ez ordaindua egiten duten horiek “emakumeak” dira, baina ez badira jaiotzen, orduan, lan ez ordaindua da “emakume” bilakatzen zaituena 10 kasutatik 9tan, ez kromosomak. Eta lan desjabetua lortzeko gizonek erabiltzen duten biolentzia sexuala da bigarren irizpidea. Esan dezatela gainontzeko alderdi, sindikatu eta mugimenduek zein den beren irizpidea gu klase natural bezala izendatzen jarraitzeko.
Eta zer lotura du boterearen erreprodukzioarekin eta erreprodukzio sozialarekin?
Erreprodukzio sozialaren gaia ondo argitzen duen adibide bat dira familia kontziliazio-legeak, amatasun- eta aitatasun-bajaren legeak, edo familia zehatz batzuek ume bakoitzeko diruz laguntzen dituzten politika publikoak. Horiek guztiek ondorio kontraesankorrak dituzte, ez bakarrik dimentsio funtzionalean eta espazio-denbora ardatzean, baita dimentsioen artean ere. Kontziliazio- eta amatasun-legeak estatu-aparatuetatik ezartzen dira, ordaindutako lanean, ordaindu gabekoan eta esparru publiko soziopolitikoan "emakumeen ongizatea handitzeko" helburuarekin. Baina normalean gertatzen dena da lege horiek emakumeak lan-merkatutik kanpo uzten dituztela: emakumeak dira ordaindutako lana uzten dutenak (lehen dimentsioa), ordaindu gabeko lan-karga handituz “zaintza” bidez (bigarren dimentsioa) eta denbora eta esparru politiko-sozialean duten partehartzea murriztuz (laugarren dimentsioa). Horrek, aldi berean, Estatuaren sistema hetero-burges-familiarista indartzea dakar (hirugarren dimentsioa), emakumeek gizonen baliabideekiko, jabetzekiko eta soldatekiko duten mendekotasuna handitzen duelako. Aldiz, aita bihurtzen diren gizonek, aldi berean, lan ordainduan (lehen dimentsioa) emandako denbora handitzen dute, beren bikote emakumeak direlako kontziliaziorako eszedentziak eskatzen dituztenak (% 92 emakumeak), hau da, seme-alabak "zaintzen" doan lan egiteko. Horrela, gizonen kapital ekonomikoa handitu egiten da, eta emakumeena, aldiz, murriztu. Espainiako Bankuaren arabera, lehenengo seme-alaba jaio eta hurrengo urtean, emakumeek %11,2ko diru-sarreren galera izan dute aurreko egoerarekin alderatuta, eta aita direnen diru-sarrerak %0,15 eta %5 artean igotzen dira. Horrela, lehen seme-alaba jaio eta hamar urtera, emakumeen diru-sarrerak %33ko murrizketan egonkortu dira.
Orduan, zer politika publiko feminista lirateke ezinbestekoak estatu bat demokratizazioaren zerbitzura jarri ahal izateko?
Agian, beharrezkoak diren politika publikoak zerrendatu baino gehiago, estatu patriarkal horren funtzionamenduan arreta jartzea da lehentasuna: ez baitira soilik politika publikoak, baizik eta lan-erregimenak, legeak egiteko erabiltzen diren lan-sailkapenak. Gogora ditzagun etxeko langileak, kualifikazio bera izanik metalekoak baino hiru aldiz gutxiago kobratzen dutenak. Eta lege guztiei buruz ari naiz, Atzerritar Legea barne, bai eta arau guztiei buruz ere, hainbat erakundetatik datozenak, ez bakarrik Estatuaren aparatutik. Esan dugu, Estatua patriarkala da klase patriarkalak dituelako, hainbat sistema funtzional eta eragile patriarkal, beren estrategia patriarkal propioekin, funtzionarioetatik hasi eta lege hauek proposatzen dituzten alderdi politiko eta sindikatuetatik pasa eta hori guztia legeztatzen duen sistema judizialeraino, emakumeen lan ez-ordaindua legeztatzen duena. Baina baita ordaindu gabeko lan horretan oinarritzen den osasun- eta hezkuntza-aparatu osoa ere, zeinak, poliziarekin batera, emakumeak baztertzen eta desjabetzen dituen lege horiek betetzen direla eta iruzurrik ez dagoela ziurtatzen baitute. Eta emakumeak gizonek baino lan gehiago egiten dutela (izan klasean izan familian) eta gizonak baino gutxiago kobratzen dutela (izan lanean, izan familian) ziurtatzen duten eragile horiek guztiak dira patriarkatuaren polizia informala. Zaintza-bigilantzia sistema patriarkalak bizirauteko biolentzia zuzen ikaragarria behar du: milioika bortxaketa egunean, milaka erailketa egunean, eta biolentzia hori gizonek eragiten dute, 55 mila emakume akabatu zituzten lehengo urtean familiako gizon horiek. Eta gero aparte, familiakoak ez diren gizonek egiten dutena, noski. Horregatik diot, emakumeak bizitza dohainik ekoizteko sistema bati ezarritako klasea dira eta biolentzia ikaragarria eskatzen du desjabetze horrek.
Lan erreproduktiboa egiten dutenak dira…
Ez. Ez da lan erreproduktiboa, lan produktiboa da. Emakumeak bizitza doan produzitzen dute, eta “erreprodukzio-lana” eta “zaintza-lana” deitzen diote askok lan hori naturalizatzeko eta ugalketa biologikoarekin lotzeko, baina erreprodukzio-, etxe- eta zaintza-lanak gizonek egiten ez duten lana da, besterik gabe, lan horiek ez baitira eginkizun zehatz bat, produkzio-erlazio bat baizik, familia guztietan ematen den produkzio-erlazioa, langile edo kapitalista, zuri edo ez zuri, euskaldun edo txinatar izan, eta horrek guztiak berresten du nolabaiteko koherentzia estrukturala estatu-boterearen jardueran, estatu-botere "patriarkal" izenda daitekeena. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik alderik emakumeek eta gizonek merkantilizazio- eta arrazializazio-prozesuan duten posizioaren arabera egiten duten doako lanaren artean. Europan, Euskal Herria barne, kualifikazio txikiagoko eta soldata txikiagoko gizon zuri langileek egunean minutu gehiago lan egiten dute etxean kualifikazio eta soldata handiagoa duten gizon zuriek baino, eta joera bera ikusten da gizon afroamerikarretan, etxeko lan gehiago egiten baitute gizon zuri langileek baino.
Eta emakumeak?
Emakumeei dagokienez, ordaindu gabeko lan kopuruan eta motan eragin handiena duena, ez bakarra, baliabideak eta Estatu mota dira, kobratu gabe egiten duten lan hori merkantilizatu ahal izateko (lan hori ordaindu) edo estatalizatzeko (haurtzaindegi publikoak, egoitza publikoak). Estatuak ez baditu erakunde publikoak jartzen, esan dugu hasieran, orduan emakumeek egingo dute lan hori, izan ordaindu gabe, izan ordainduta, eta, Europan normalean emakume migratzaileek egiten dute ordaindua denean, oso gaizki ordainduta kualifikazio bera duten gizonek egiten dituzten lanekin alderatuta.
Nola berreskura dezakete estatuek beren subiranotasuna, Trumpismo autoritarioetan erori gabe, eta nola lagun dezake feminismoak berreskuratze horretan?
Gobernatzeko gaitasuna berreskuratzeko sortu behar diren estatu motak oso bestelakoak izan behar dute baina horretarako estatua zer den ulertu beharra dago eta uste dut, oro har, estatufobia handia dagoela eta imajinazio txikia. Estatu trans-sozialistak proposatzen ditugunean indiferentzia. Estatu feministak proposatzean ditugunean haserrea. Badago ezkerrean korronte kontserbadore eta normatibo oso zabala zeinak dena aldatu nahi duen ezer ez aldatzeko. Erreforma neokeynesianoak bakarrik proposatzen dira, eta berrindustrializazio sozialdemokrata bat. Proposatzen diren etorkizun berriak iraganeko fotokopiak dira. Ez da onartu nahi patriarkatu modernoa, koloniala eta kapitalista dena, desjabetze globaleko sistema ekonomiko bat dela, non familia bortxazko ekoizpen global horren unitatea den. Baina patriarkatuaren azterketa ekonomiko globala egiten dugunean, ezkerreko erakunde eta eragile askok diote familia patriarkala ez dela unitate ekonomiko bat, gauza kulturala baizik. Eta ezin zara kulturarekin sartu, zeren eta “multikulturalismoa, bla, bla, bla”. Laburbilduz, ezkerreko alderdi eta sindikatu batzuentzat mundu osoan borroka gaitezke esplotazio kapitalistaren aurka, esplotazioa unibertsala delako, baina emakumeen desjabetzea, aldiz, kulturala eta identitarioa da, ez materiala ezta unibertsala. Eta horrelaxe bilakatu da ezkerraren krisia gizen, eder eta kolosal.


