Igor Arroyo
«Zain egon baino, aldaketa instituzionalak ahalbidetu eta behartuko dituen testuingurua sortzeko lanean
ari gara»

Igor Arroyo Leatxe LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra da
Une berezian murgilduta dago prozesu politikoa Euskal Herrian. Orokorrean, estatus politikoaren inguruko eztabaida irekia dago, lurraldez lurralde. Zeintzuk dira fase honetan erronka nagusiak sindikalismo soziopolitikoaren ikuspegitik?
Prozesu politikoa askapen prozesutzat ulertu du LABek bere sorreratik. Euskal langileriak pairatzen duen zanpaketa nazionala, soziala eta patriarkala iraultzeko jaio ginen. Burujabetzan aurrera egitea funtsezkoa da guretzat, bi arrazoiengatik. Batetik, Kapitalaren mesedetan dena uniformizatzen den mundu batean, Euskal Herria herri bezala bizi dadin beharrezkoa dugulako. Bestetik, estatu tresnak garatzeak euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko politika sakonagoak egitea ahalbidetuko duelako. Erabaki ahalmen handiago bat izatea ez da baldintza nahikoa, baina bai beharrezkoa, eraldaketa sozialean aurrera egiteko, Euskal Herrian badelako estatuetan baino indar harreman hobea langileen aldeko neurriak hartzeko. Euskal Herrian posible egin ditzakegu estatuetan ezinezko diren aldaketak.
Azken hamar urte hauetan ez da jauzirik eman burujabetza formal eta materialari dagokionean, baina burujabetzan aurrera egiteko eta euskal langileen interesen alde borrokatzeko baldintza hobeak sortu dira, argi eta garbi. Ñabardurak ñabardura, Euskal Herriko hiru lurraldetako bakoitzean nagusi izan diren alderdi sistemikoak ahuldu egin dira eta ezkerreko independentismoa indartu; aldarrikapen nazionalek, klasekoek eta feministek pisua irabazi dute; eta kontrabotere sindikalismoak eragiteko gaitasuna areagotu du. Nafarroan emandako aldaketa instituzionalak edota EAJk Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jasandako higadurak erakutsi du langileriak baduela eszenatoki politikoan eragiteko gaitasuna.
Estatus politikoaren inguruko elkarrizketei dagokienez, argi dugu nazio izaera aitortu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukerak zabalduko lituzkeen akordio bat erdiestea mugarri historikoa litzatekeela. Baina LAB ez da etorri litekeenaren zain egongo. Kritikoak gara alderdi batzuk sindikatuoi ematen diguten (edo hobe esanda, ematen ez diguten) rolarekin; horren adibide, EAJk LABekin biltzeari emandako ezezkoa, estatusarena alderdien arteko afera dela argudiatuz.
Edozein kasutan ere, hamar urte hauetan bezala aurrerantzean ere, langileen eta oro har herri sektoreen antolaketaren eta aktibazioaren bidez indar harremanak hobetzea da gure erronka. Aldaketa instituzionalen zain egon baino, aldaketa horiek ahalbidetu eta behartuko dituen testuingurua sortzeko lanean ari gara.
Zeintzuk dira zehazki sindikalismo soziopolitikoaren eginbeharrak?
Lehenik eta behin, euskal langileria paradigma subiranista eta eraldatzaile baten arabera antolatzea, bazterrean egon diren sektoreak erdigunera ekartzeko ahalegin espezifikoa eginez. Duela hogeita hamar urte ekin genion ibilbide feministari, duela hamar erabaki genuen sektore prekarioenetara gerturatzea eta azken Biltzar Nagusian garrantzia berezia eman diogu langile migratu eta arrazializatuen errealitateari erantzungo dion sindikalismo antirrazista garatzeari. Finean, Euskal Herriko klase subjektua antolatzea eta berrosatzea bada gure lehen eginbeharra. Koherentzia eta indarra ematen digulako. Eta, azken aldian diogun bezala, krisi sistemikoak sortutako ondoezaz elikatzen den faxismoari aurre egiteko antidotorik onena delako.
Bigarrenik, praktika sindikal eraldatzailea garatzea. Alegia, ez gara konformatzen lan eta bizi baldintza zehatzak hobetzeko borrokatzearekin, hori Euskal Herriko burujabetza eta eraldaketa prozesua elikatzeko baliatu nahi dugu. Zerbitzu publikoetan grebak egin ditugunean ez dugu soilik lan baldintzak hobetzea eskatu; zaintza, hezkuntza edota osasun sistema publikoaren egoera agenda politikoan kokatzeko baliatu dugu. Berdin, lantegi bateko lanpostuak defendatzean; langile jakin batzuen bizibidea defendatzeaz gain, bertako industriari eusteko eta ikuspegi ekosozialetik berritzeko presio egiten ari gatzaizkie instituzioei.
Eta, hirugarrenik, Kapitalari eremu guztiak lehiatzea: lantokiak, kaleak eta baita instituzioak ere. Kapitalak, sindikatuon funtzio soziopolitikoa ezerezean utzi eta lantokietara mugatu nahi du gure jarduna, enpresa eta sektore batzuetako negoziazio kolektibo klasikora. Gu eskema hori apurtzera goaz: patronalaren aurrean indar harremanak hobetzeko lantokietako ekintza sindikala berritu dugu; kalean (eta bereziki etxebizitzaren eremuan) gauzatzen den klase gatazkan esku hartzeko egitura sortu dugu; eta, langileen aldeko politikak egin ditzaten, instituzioak interpelatzeko estrategia berritu dugu.
Irakurketa horren arabera zein da parte-hartze eta interpelazio instituzionalarekin bilatzen dena?
Guk badakigu joko-eremu instituzionala, egun, Patronalaren aldekoa dela; baina Patronalaren aldekoak dira, halaber, negoziazio kolektiboaren joko-arauak eta ez diogu hargatik hitzarmenetan hobekuntzak lortzeko borrokari uko egiten. Kontraboteretik eragin behar dugu, hitzarmenetan nahiz politika publikoetan aldaketa zehatzak lehiatzeko eta, pultso horren bidez, langileen antolakuntza eta kontzientzia maila areagotzeko eta indar-harremanak hobetzeko. Kritika orokorretan geratu baino, alternatiba zehatzak aurkeztu eta borrokatzea da eraginkorrena. Hori erakutsi dugu azken urteotan: Nafarroan UGT-CCOOen monopolioarekin amaitzea, bi lan hitzarmen berri sortzea (esku hartze soziala eta adineko egoitzak) eta zenbait zerbitzu publifikatzea lortu dugu. EAEn, era berean, hezkuntza legearen mugak agerian utzi ditugu, osasun mahaian lokarri nagusiena (pribatizazioa) azalarazi dugu edota industria politika baten falta salatu. Guk argi eta garbi dugu: Pradales eta Chiviteren Gobernuek nahiago lukete espazio instituzionalean lehiatuko ez bagina.
Estrategia independentista egun instituzioetan boterea pilatzetik eta ezkerreko independentismoak gobernatzetik pasatzen da. Hori horrela, zein irakurketa egiten da sindikalismotik instituzioez?
Gero eta antidemokratikoagoa den sistema kapitalista batean bizi gara, elite ekonomikoen interesak lehenesten dituena eta herrien burujabetza errespetatzen ez duena. Gainera, gure nazioak ez du estatu egiturarik eta bertako instituzioek eskumen mugatuak dituzte lan harremanei eta babes sozialari dagokienez. Baina preseski horregatik iruditzen zaigu sindikatu independentista baten interpelazioak Gobernuen politiken izaera antisozialaren salaketatik haragoko irismena izan behar duela. Gure praktika sindikalaren bidez lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eratzeko aldarrikapena indartu eta edukiz bete behar dugu. EAJ eta PSNrengan ez dugu ikusten inolako interesik norabide horretan urratsak emateko; argi dago ezker independentismoak gobernura ailegatzeak aukera berriak irekiko lituzkeela. Baina hori bezain argi diogu: ezker independentismoak gobernatuko balu ere, ez ginateke Gobernuaren lidergoaren zain geldituko. Azken urteotako esperientziak argi erakutsi digu beharrezkoa dela kaletik tira egiten jarraitzea, Gobernuak ahalik eta urrats ausartenak emateko moduko baldintzak sortzeko.
Zein dialektika eraiki daiteke dinamika sozio-sindikalaren eta politika instituzionalaren artean?
Esparru sozio-sindikalak autonomoa izan behar du. Langileen nahiz herri sektoreen beharrak jarri behar ditu erdigunean. Eta politika instituzionala bide berrietatik abiatu dadin bultza egin behar du, langileen aldeko neurriak hartzeko bertako instituzioek eskumen eta ahalmen berriak har ditzaten bultzatuz. Horretarako, indar harremanen kontzientzia izan behar du eta harreman hori hobetzeko estrategiak garatu. Izan ere, aldaketa politikoak eragiteko, dagokion instituzioari eskari zerrenda bat egitea baino ariketa sakonagoa beharrezkoa da. Era berean, koherentzia zaintzea garrantzitsua da: hirugarren bati eskatzen diozuna zuk zeuk egiteko prest egon behar duzu. Eta baita konkordantzia ere: aurrekontu publikoetan, hitzarmenetan bezala, eduki zehatzak borrokatu beharra dago, aurrerapausoei balioa eman eta aldaketa sakonagoetarako baldintzak sortu.
Politika instituzionalaren ikuspegitik, berriz, langileek eta herri sektoreek dituzten beharrak eta eskariak operatibizatzea da erronka. Joko-eremu instituzionalaren arauen jakitun izan bai, baina borroka ideologikoaren eta masa borrokaren bidez arau horiek aldatzeko, posible denaren eremua zabaltzeko, aukeran sinistu beharra dago. Aldaketa sozial eta politikoak sustatu nahi dituen ororentzat sindikalismoak lehentasunezko interlokutore bat izan beharko luke. Agenda partekatu bat bilatu beharko litzateke bi esparruetatik burujabetza eta eraldaketa prozesua sustatu nahi dugunon artean. Eta sor daitezkeen ikuspegi eta erritmo desberdinak kudeatzen ikasi beharko genuke, ulertuz esparru bakoitzak baduela bere misioa eta bere rola.
LABek azken kongresuan bere burua ezkerreko independentismoaren erreferentzia sindikal gisa izendatu zuen. Zer esan nahi da horrekin?
Pasa den mendeko 90eko hamarkadaren erdialdera arte, sindikatu nagusiek (ELA, UGT eta CCOO) eredu politiko eta ekonomikoaren oinarriak partekatzen zituzten, besteak beste, kontzertazio sindikalismoa eta autonomismoa. LAB zen kontraboterea, sindikalismo soziopolitikoa eta independentismoa aldarrikatzen zituen sindikatu bakarra. LABen hazkundeak nahiz trantsizio posfrankistaren gabeziek eszenatokia irauli zuten: ELA LABengana gerturatu eta, ESK, Steilas, Hiru eta EHNErekin batera euskal gehiengo sindikala sortu zen. Ordutik, hipotesi bat egon da mahai gainean: LABen, ELAren eta ezker independentismoko adierazpen politikoaren arteko aliantza, eragile bakoitzaren autonomia aintzat hartuta, burujabetza eta eraldaketa prozesua elkarrekin sustatzeko.
2000ko hamarkadan zehar ELAk borroka armatua jo zuen horrelako indar metaketa baterako oztopotzat. Baina behin borroka armatua amaituta, ezker independentismoak maila instituzionalean hartutako ildo politikoa omen zen oztopo berria. Hirugarren baten ildoaz eztabaidatu baino, LAB-ELAren artean, gure autonomia sindikaletik, burujabetzarako prozesu politikoa elikatzeko abian jarri genezakeen ildoaz eztabaidatzea proposatu genion guk ELAri, baina uko egin zioten bide hori arakatzeari: 2017an adostu genuen adierazpen politikoak ez zuen garapenik izan eta bidelagunik gabe geratu ginen, sindikalismotik, prozesu politikoan eragiteko estrategian. Hortxe kokatzen da 2022ko Biltzar Nagusian hartutako erabakia: ELArekin posible ez bada, LABek hartuko du bere gain ezkerreko independentismoaren erreferentzia sindikala izateko ardura. LABek egingo du, egiten ari da, burujabetza eta eraldaketa sozialeko prozesuari ekarpen sindikala.
Zein harreman garatu nahi dira ezkerreko independentismoaren gainontzeko eragileekin?
50. urteurrenean esaten genuen bezala, adarrak zabaldu ditu LABek, baina sustraiak askapen mugimenduan sendo mantenduta. Euskal askapen mugimenduak hiru elementu estrategiko partekatzen ditu: egitasmo estrategikoa (Errepublika independente, sozialista, feminista eta euskalduna); ibilbide historikoa (borroka antifrankistatik autodeterminazioaren aldeko borrokara); eta kultura politikoa (eraldaketa sozialerako burujabetzaren zentralitatea, ikuspegi nazionala, interes korporatiboa gainditzen duen sen eraldatzailea).
Era berean, askapen mugimendua ekosistema organizatibo bat ere izan da, azken hamar urtetan aldaketa handiak bizi izan dituena: ETAren desagerpena; Sorturen sorrera, ondorengo birfundazioa eta berriki egindako egokitzapena; EH Bildu eta EH Bairen sorrera, lehenik koalizio elektoral gisa eta ondoren ezkerreko subiranismoaren bilgune politiko zabal eta anitz gisa. LABek ere bere bidea egin du. Ibilbide eta ikuspegi politiko anitzak dituzten langileak afiliatu eta antolatu ditu. Euskal langileen interesak defendatzeko eta bere ildoa definitzeko orduan erabateko autonomia garatu du. Eta autonomia horretatik abiatuta, eremu sindikal, sozial eta politikoaren arteko agenda sozial partekatu baten alde lan egin du, eragile subiranista nagusien arteko adostasunak bilatuz. Zailtasunak zailtasun, esan dezakegu badagoela sektore sozial zabal batek partekatzen duen orube komun bat, aldarrikapen partekatu batzuk, zentzu komun subiranista eta eraldatzaile bat, udaberri honetan nabarmen irudikatu dena: martxoak 3ko 50. urteurrena, martxoak 8, martxoak 17ko Greba Orokorra, Korrika, Gazte Topagunea...


