Parte hartze eta interpelazio instituzionala

Programa sozioekonomikoa

Sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan jasota ditugu Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruari begirako konkrezio eta proposamenak. Horien artean demokrazia partehartzailean sakondu eta langileok politika publikoen definizioan parte hartzeko gogoetan sakondu dugu, eta, beste hainbat neurriren artean, egungo Gobernantza ereduak dituen hutsuneak gaindituko lituzkeen eta langileoi iniziatiba legislatiboak aurkezteko aukera emango ligukeen Lanaren Kontseiluaren sorrera jarri dugu gure aldarrien lehentasunetan.

Ariketa hau egitea ez da teorizazio hutsa, ikuspegi estrategikotik gure jarduna edukiz bete eta erabakiak eraberritzeko aukera ematen digu. Azken Biltzar Nagusian LABek langile interesak defendatzeko klase borroka esparru guztietan garatu behar dela sinetsita, sindikatuaren parte hartze instituzionalaren lerroa berritu dugu, azken hamarkadetan hartutako erabakiak eta erabilitako estrategia eguneratzeko eta eraginkortzeko asmoz.


Borroka instituzionala nekeza da kontrabotere sindikalismoa egiten dugunontzat. Are gehiago hamarkadetan zehar gure Herria gobernatu dutenek eraikitako elkarrizketa sozialaren ereduaren baitan. Indarrean diren organoetan dauden gainontzeko subjektuek ez dute erabaki hori erraztuko, gainera. Patronalak bere neurrira egindako espazioak nahi ditu: Gobernuek politika neoliberalak zuritzeko eszenatokiak, non kontzertazio sindikatuak atrezzoaren parte diren. Partida jokatzea erabakirik zailena dela jakinda, eragiteko hautua egin dugu.

 

Ibilbidea eta balantzea

LABetik beti defendatu izan dugu parte hartze espazioak aberastasuna (bir)banatzeko eta bizi eta lan baldintza duinak bermatzeko elkarrizketa guneak izan behar direla. Era berean, argi izan dugu beti langileen aldeko politikak gauzatu ahal izatea indar harremanen araberakoa dela, eta horretarako lantokietako eta kaleko aktibazioari eustea ezinbestekoa dela.

Horretarako, LABentzat, balizko edozein elkarrizketa-gunetan langileriaren defentsa egin nahi bada, hainbat oinarriren arabera ezaugarritu beharko litzateke. Hasteko, autonomoa izan behar du; alegia, patronalaren agenda eta interesak inposatuko ez dituena, eta edozein gai soziolaboralez arduratuko litzatekeena. Bigarrenik, Estatuetan hartzen diren erabakien aurrean Euskal Herrian hartzen diren erabakiak defendatuko dituena, lan-harreman eta babes sozialerako euskal esparrua eratzeko apustua egiten duena, norabide horretan urratsak emateko aukerak eskainiz. Eta, azkenik, lan-harreman eredu berria ekarriko duen elkarrizketa-gune inklusibo eta eraginkorra abiatzeko borondatea izatea.

Egungo egoera aztertuz, ordea, bestelakoa da joko zelaia. Azken lan erreformen bidez prekarizazio prozesuak azkartu eta hedatu egin dira, patronalak boterea handitu eta dirua irabazten jarraitu ahal izateko. Bide horretan, ezinbestekoa izan da, batetik, kontzertazio sindikalismoa hauspotu duen eredua ezartzea eta, bestetik, estatuko eremua inposatzea bertatik etorritako edozein neurri aplikatuz eta marko horrek ezartzen dituen mugak onartuz. Modu horretara patronalarentzat espazio erosoa bihurtu dute egungo elkarrizketa sozialeko markoa. LABek ez du mahai horretan parte hartuko.

Hego Euskal Herrian elkarrizketa soziala Madrileko eredua ezartzeko bidea izan da, gainera. Gobernu ordezkariak ikusle paperera mugatu, edo okerrago, Patronalaren aliatu bilakatu eta Patronalari beto eskubidea onartuta eraiki den mahai hutsala. EAEn modu antidemokratikoan osatu da, gehiengo sindikalaren iritziaren aurka, CCOO-k eta UGT-k osatzen duten gutxiengo sindikalari eman baitzaio ahotsa eta espazioa.

Badira bestelako espazio batzuk ere, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, Osalan, Lanbide, Nafar Lansare... Patronalak, prekarizazio prozesuarekin jarraitzeko erabili nahi ditu parte hartze instituzionalerako organo horiek. Zoritxarrez, gehienetan bidelagun dituzte Gobernu ordezkaritzak. Parte hartzeko aukera duten bestelako subjektuen papera ikuslearena izaten da sarri, soilik kontsultarako diren Organoak direlako normalean, edota eskumen mugatukoak. Hala izanagatik ere, badira horietan gure ekintza soziosindikala garatzeko aukerak, baita arrakalak eragitekoak ere.

Joko zelai honetan eroso eta onurak ateratzeko prest dauden sindikatuak ere baditugu. Nafarroa Garaian hamarkadetan Erregimenak eraikitako hanka soziolaboralaren parte ezinbestekoa izan dira CCOO eta UGT, 1995ean CENekin sinatutako akordio intersindikalaren bidez apartheid sindikala hauspotu dutenak, besteak beste. Honela, Gobernuaren, Patronalaren, UGTren eta CCOOen artean Espainiar estatuaren luzapena zen holding oso bat antolatu zen. Erakunde publikoek eman beharko lituzketen zerbitzu asko UGT eta CCOOen esku utzi ziren: bi erakunde horietako bakoitza urtero 6 milioi euro baino gehiago kudeatzera iritsi zen. 2015eko aldaketa instituzionalaren ondotik eredua pitzatu eta arrakalak eragin baditugu ere, oraindik orain langileon aurkako eta, zehazkiago, kontrabotere sindikalismoa bazterrean uzteko ereduak indarrean dirau. Horren lekuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propio bat negoziatzeko LAB eta ELAk eginiko eskaerari CEN, CCOO eta UGTk emaniko erantzuna.

EAEn ere, kontzertazio markoan eroso, CCOO eta UGTk konfrontazioari uko egin eta estatu mailatik ezartzen diren erabakiak aplikatzearekin ados daude, baita sindikalismoaren papera iritzi emaile hutsa izatearekin ere. Ezin dugu ahaztu parte hartze gune hauek finantziazio iturri bihurtu direla patronalarentzat nahiz CCOO eta UGT­rentzat.

Ipar Euskal Herrian, aldiz, LABen bilakaera bestelakoa izan da. Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera, eskumen mugatuak dituen arren, positiboa izan da, eremu administratiboa aitortzen duelako eta horrek eremu sozioekonomikoan ere ate berriak irekitzeko aukera eskaintzen duelako. Honela, Garapen Kontseiluaren baitan, elkarrizketa gune propio bat sortzeaz hitz egin izan da. Eremu sindikalean, tamalez, CGTk egun arte ez du horretarako borondaterik adierazi. Kontrara, CFDT eta LABek horren aldeko apustua egin izan dugu. Eremu patronalean ere izan da borondatea adierazi duenik.

Gure aldetik, sektorearteko izaera duen CPL izeneko komisio baten alde egin izan dugu azken urteetan, horretarako bide juridikoak egon badaudelako eta Frantziar Estatuan barna existitzen direlako. Aldi berean, 50 langiletik behera dituzten Herriko Etxeetako langileentzat negoziazio kolektiborako Ipar Euskal Herri mailako eremu berezi bat sortzea aldarrikatzen dugu.

Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakaria lehen aldiz abertzalea izateak, negoziazio eta erabaki guneak gerturatzeko eta esparru sozioekonomiko propio bat eratzeko urratsak emateko aukera berriak irekitzen ditu.

 

Egungo egoera eta aurrera begira

Nafarroako aldaketa instituzionalarekin eta EAEn Pradales operazioaren ondoren, lehendik egituratutako parte-hartze espazio iraunkorrez gain, bestelako foro eta mahaiak ere sortu dira. Industria, osasungintza, hezkuntza, segurtasuna, segregazioa... bakoitzak ezaugarri zehatzak izan baditu ere, denetan agerikoa izan da langileon lan baldintzak eta politika publikoen ereduaren arteko eztabaida deslotzeko ahalegina.

Marko horien helburua ez da izan adostasunak eraikitzea, adostasunak irudikatzea baizik. Hala ere, batzuen asimilazioaren eta besteen utzikeriaren aurrean, LABetik partida bakoitza aztertu eta aukeren arabera jokatzea erabaki dugu, batzuetan garaipen esanguratsuak eskuratuz eta bestetan mahai hauen izaera antzua agerian utziz.

Horrela, “a priori” kritika egin eta desagertu edota modu sistematikoan eta otzan parte hartu beharrean, espazio horiek bere horretan helburu bilakatu beharrean... tresna gisa ulertu ditu sindikatuak. Langileen aktibazioa bilatu, mahaian jarrera irmoarekin jardun eta gaiaren arabera erabakiak hartuz joan gara. Horrela, Gobernuetatik nahieran antolatutako foro hauen izaera desegonkortzeko aukera izan dugu, irudikatu nahi den normaltasuna hautsiz eta, aldi berean, langileon interesekoak diren gaietan presente egonda.

Espazio iraunkorrak diren horietan ere (Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean, Osalanen, Nafar Lansaren edo Lanbide), modu berean jardun dugu. Urteetan gure presentziarik gabe jardutera ohitu diren espazioetan hizkuntza ohiturak aldarazi ditugu, inposaketaz mozorroturiko akordio etengabearen joerarekin amaitu dugu eta, era berean, langileoi eragiten diguten gaien inguruan lehenago ez genuen informazioa eskuratzeko aukera baliatu dugu. Gure ekintza soziosindikala indartzeko bidea egin dugu eta beste batzuena zaildu: eraginkortasunean irabaziz, aurreikuspenak egiteko gaitasuna biderkatuz eta interpelazio politiko-instituzionala finduz joan gara.

Jokalekua astintzea lortu dugu, beraz. Ezin bestela ulertu martxoaren 17ko gutxieneko soldata hemen erabakitzeko Greba Orokor arrakastatsuaren ondoren jasotako erantzunean Gobernu zein Patronala gaia ekinbide instituzionalera mugatzeko saiakeran tematzea.

Gogoratu behar dugu Herri Ekimen Legegile bana aurkeztu genuela Nafarroa Garaian zein EAEn, aspaldiko sinadura bilketa handiena eginez gutxieneko pentsioen aldekoarekin batera. Biek ezezkoa jaso zuten eztabaidatuak izan baino lehen.

Nafarroa Garaian, Greba Orokorretik hilabete eskasera, CEN, CCOO eta UGT hirukoa grebaren arrakasta euren mesedetan erabiltzeko saiakeran ari dira. Nafarroako CCOO eta UGTek orain arteko aldarrikapenak aldatu dituzte, gutxieneko soldata propioaren aurka posizionatzetik, hitzarmenetan gutxieneko 1500 euroko soldata aldarrikatzera pasatu baitira. CEN ere, mahaian ez agertzetik, hitz egiteko prestutasuna adieraztera pasa da, beti ere, eskubide murrizketen truke. Bide horretan CEN-CCOO-UGT hirukoa ados jarri da ELA eta LABek ordezkatzen duten kontrabotere sindikalismoa baztertzeko. Besteak beste, mahaian hitz egin ahal izateko 1995. urtetik indarrean dauden eta Nafarroako elkarrizketa sozialeko marko bipartitoa ahalbidetu zuten akordioak babestearen baldintza onartezina ezarri nahi izan dute. Zalantzarik gabe, parte hartze instituzionalari begira LABek irekitako lerroa mugatzeko jokaldia da honakoa.

EAEn Confebaskek ezezkoan jarraitzen du, eta EAJk eta PSEk bere ardurak betetzen ez dituen patronalari babesa kendu beharrean, berau eta gutxiengoan den kontzertazio sindikalismoa (CCOO-UGT) babesteko eta diruz hornitzeko ekimena abiarazi du Elkarrizketa Sozialaren Instituzionalizaziorako Legea aurkeztuz. Lege berri horrekin CONFEBASK zuritzeko urratsa eman du Gobernuak. Horrela, CONFEBASKek bere betebeharrak betetzen ez baditu ere, eta are gehiago, bere ordezkaritza egiaztatu gabe dagoen arren, gobernuko alderdiek patronalaren interesak zaintzen jarraitzen dute. ELA eta LABek hauteskunde sindikaletan EAEko ordezkaritza sindikalaren %60 baino gehiago dugun arren, elkarrizketa sozialeko markoaren inguruan dugun lerro sindikala ez da onartua, eta, ondorioz, baztertuak gara. Bitartean, Torres sailburuak ulertarazten du Elkarrizketa Sozialean parte hartzen ez duten sindikatuek nolabaiteko zigor bat izan beharko luketela, gobernantza eredu klientelarrean koska bat gorago igoz. Guzti hau noiz eta LGSren aldeko Greba Orokor arrakastatsu baten ondoren.

Argi dagoena da LABen presentzia deserosoa zaiela kapitalaren ordezkariei. Langileen interesak eta klase borrokaren adierazpenak mahai eta foro hauetatik kanpo nahi dituzte, eta horretarako arkitektura instituzional oso bat eraiki dute hamarkadetan zehar. Lotesleak ez diren aholkuak, soilik kontsultarako diren foroak eta oro har eragiteko gaitasuna erabat kamustuta duten parte hartze instituzionala diseinatu da, nahieran erabiltzen dena lagunak saritu, patronalak dirua egin eta politika neoliberalak ezartzeko. Hala ere, marko horietan arrakalak eragiten jarraituko dugu, gure ekintza sindikal soziopolitikoa indartzeko tresna gisa baliatzen ditugun bitartean. Azken batean, bidea urratzen jarraituko dugu, Lan Harreman eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eraikitzeko.

Parte hartze eta interpelazio instituzionala
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago