Eraldaketarako sindikalismo soziopolitikoaz

Komunitateari

Editoriala

L Langile borroka eta mugimendua bizi-bizi zegoen testuinguruan jaio zen LAB. Momentu hartan lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokarekin batera, aldarrikapen politikoek indar handia zuten langile mugimenduaren baitan. Frankismoaren hondarretan, haustura demokratikoaren aldarrikapena, errepresaliatuentzat amnistia edo Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzea ziren aldarrikapen politiko nagusiak.

Borroka ziklo oso baten irekiera eman zen horrela. Euskal Herriaren askapen nazionala eta sozialismoaren aldeko borroka uztartzeko jaio zen Ezker Abertzalea, eta LAB sindikatuaren sorrera eta hedapena prozesu horren emaitza eta eragilea izan da aldi berean. Urteak igaro ahala LABen euskal sindikalismo eraldatzailea aberasten eta zabaltzen joan da, baina aldaketa soziopolitikoak eragiteko bere bokazioari eutsi dio beti.

Talaia honek gobernu, instituzio eta estatu egiturak edo eskumenak euskal askapen eta eraldaketa prozesuaren zerbitzura nola jar daitezkeen du gogoeta ardatzetako bat. Instituzioen eta estatuaren esparrua kontraesankorra da kontrabotere sindikalismoarentzat. Euskal Herrian ere berau gobernatu duten elite politiko eta ekonomikoek euren interesen defentsarako funtzionala den elkarrizketa sozial eta parte hartze politikorako eredua eraiki dute, hau da, estatuen eta patronalaren menpekoa.

Sindikalismoari eman nahi izan zaion – eta batzuek asumitzen duten – kanpo-behatzaile paper subalterno eta defentsibo hutsetik ihes eginez, eremu hauek klase borrokarako, burujabetzaren eraikuntzarako eta demokratizaziorako esparru bezala ulertzen ditu LABek, indar harremanak aldatzera bidean lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatuz.

Ez da edonolako momentua. Krisi sistemiko globalari nolako erantzuna emango zaion jokoan dagoen arren, Euskal Herrian askapen prozesuan aurrera urratsak emateko aukera irekia dago, estatus politikoa eztabaidagai, eta ezkerreko independentismoa indartsu dago maila sozialean, politikoan, instituzionalean eta baita sindikalean ere. Eraldaketa politiko eta sozialerako prozesuak dinamikoak eta konplexuak dira, eta sindikalismo eraldatzailearen egitekoa ez da norbere zilborrera bildu eta ikusle edo ebaluatzaile papera hartzea, baizik eta erronkei heldu eta konprometitzea.

Izan ere, eraldaketa sozial eta politikoak aktore ezberdinen arteko kooperazioa eskatzen du, nahiz eta badakigun sindikalismoaren eta alderdi zein instituzioen arteko dialektika ez dagoela kontraesan eta tentsioez salbu. Hala ere, bakoitzaren autonomia errespetatuz, komunean ditugun helburuen mesedetan, eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko oinarri komunak adostu eta sinergiak bilatzea da aurrerapenak lortzeko gakoa, azken hamar urteetan Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian ikusi dugun bezala, baita ere nazioarteko hainbat askapen borrokatan.

Langile mugimendutik eta sindikalismotik posible da indar harreman berriak eraiki eta aldaketa politiko eta sozialak eragitea, orain arte egindako ibilbideak frogatu digu hori. Posible izateaz gain, eraldaketan eragin biderkatzailea eta estrategikoa izan dezake. Hortaz, abagune historiko honi arduraz eta konpromisoz heldu behar diogu burujabetzaren, langile klasearen eta trantsizio ekosozialista eta feministaren alde eragiteko.

Eraldaketarako sindikalismo soziopolitikoaz
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago