1.500 eurotik behera… bizirauteko adina ez

Ainhoa Ozaeta eta Joseba Permach
Ekonomia eta Kudeaketa Saila (EHU)
M artxoaren 17an Hego Euskal Herriko kaleak bete genituen, 1.500 euroko Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa aldarrikatuz. Xedean, ordea, gure herriak azken berrogeita bost urteotan garatu duen ekonomia-eredua jartzen du auzitan, gizarte aldarrikapena ez baita soldata-eskala doitzeko aldarrikapen tekniko soila izan.
Testuinguru honetan, EHUko Ekonomia eta kudeaketa saileko irakasle eta ikertzaileek Ipar-Hegoa fundazioarekin batera Gizarte Segurantzako MCVLko datuek zenbakitan jartzen dute kalean sentitu genuena: HEHko 239.535 soldatapekok, bost langiletik batek, ez du 1.500 euroko soldata atalasea gainditzen. Europar Batasunaren erreferentziara joz gero −1.600 euro, soldata medianoaren %60− 305.484 langile dira, hau da, lau langiletik bat baino gehiago. Zenbaki hauek azal-haragizko herritarrak, langileak, errepresentatzen dituzte: emakumeak dira, hiru prekarioetatik bi; gazteak, hirutik bat; migratzaileak, ia erdia. Emakume migratu batek 1.600 euroko soldata atalasea gainditzeak txanpon bat airera bota eta aukeratu duzuna ateratzeko probabilitate berbera du: bitik batek ez du lortzen.
Esan izan digute zerbitzu-ekonomiaranzko bidea egitea ezinbestekoa izan zela, garapenaren bidean, beharrezkoa. Ez da egia. 1980an, HEHn, industria eta zerbitzu sektoreek antzeko langile-kopurua zuten; berrogeita bost urtez, erabaki politiko, ekonomiko eta enpresarialek bultzatu dute industria ahultzea eta zerbitzu sekundarioa −ostalaritza, garbiketa, zaintza, salmenta txikizkako merkataritza− gure ekonomiaren ardatz bihurtzea. Gaur, zerbitzuek enpleguaren %72 biltzen dute, baina tertziarizazioaz hitz egiten dugunean ezin dugu tertziarizazio bakar bat bailitzan aritu. Izan ere, merkatu primarioko zerbitzuek −finantzak, teknologia, aholkularitza handia− soldata duina dituzte, eta gure herriaren eguneroko bizitza fisikoki sostengatzen duten merkatu sekundariokoek, ez.
Funtsean, esan daiteke azpikontratazioak fenomenoa ulertzeko gakoak ematen dizkigula, izan ere, enpresa handi batek zerbitzu bat azpikontratatzen duenean, ez ditu soilik ekoizpen kostuak murrizten, langileengan ezartzen du erantzukizuna. HEHko hamar sektore prekarizatuenek soldatapeko herritarren %19,7 baino ez dituzte biltzen, baina langile prekarioen %31,6 dira. Eta hau ezin dugu merkatuaren “lege naturala” balitz moduan ulertu: erabaki politiko multzo baten ondorioa da, eta erabakiak irauli daitezke.
Zaintza: ekonomiaren oinarria, baina ikusezina
Gainera, Ekonomia ez da lan-merkatuan gertatzen dena soilik. Etxean, auzoan, familian gertatzen den lan erreproduktiboak gizarte osoa jartzen du martxan, eta lan hori, historikoki, emakumeei egokitu zaie, dohainik edo erdi dohainik egin izan duten ezinbesteko lana gainera. HEHn, sektore feminizatuenak dira, hain zuzen, hazkunde handiena izan dutenak: osasun eta gizarte-zerbitzuak, ostalaritza, garbiketa, egoitzetako arreta −azken honetan emakumeen presentzia %87koa da. Eta kasu, ez da kointzidentzia: gizarteak zaintzaren ardura emakumeei esleitu die historikoki, eta merkatuak ardura hori bere hobebeharretarako baliatu du, lan “feminizatua” gutxiago ordaintzeko baliatuz.
Ildo honetan, kapitalismoaren logikari erreparatu behar diogu. Logika horrek ez baitu azaltzen zergatik diren emakumeak, eta ez gizonak, etxeko-langileen %96a. Ez du azaltzen zergatik den beti emakumea haurra gaixo dagoenean eskolatik etxera dakarrena. Patriarkatuak ere, bere logika propioa du, kapitalismotik harago ulertu behar dena, eta logika hori da, kapitalismoarekin elkarlanean, prekarietatea emakumeen gorputzetan eta denboretan pilatzen duena. Horregatik da LGS propioa beharrezkoa baina ez nahikoa. Xedean, bizitza sostengatzen duen lan guztia, ordaindua eta ordaindugabea, birpentsatzera garamatza.
Euskal Herrian bizi dugun egoera sistemikoak erreprodukzio-krisia izena du, eta “krisia” hitzak normaltasun galdua irudikatzen du, itzulera posiblea iradokitzen du, eta guk ez dugu aurreko egoerara itzuli nahi, izan zen eta den honetara, hau da, emakumeentzat okerragoa zen iraganera.
Patriarkatuak eta kapitalismoak elkarrekin eraiki duten egitura bat egon badago, eta egitura horrek emakumeen denbora xurgatzen du sistematikoki. Pandemia garaian modu gordinean ikusi genuen. Haurtzaindegiak itxi zirenean, zaintza-karga etxeetan gainzamatu zen, eta emakumeok lanaldia murriztera edo eszedentzia hartzera behartuak izan ginen. Ez zen emakumeon erabaki askea izan. Ez modu indibidualean ez kolektiboan. Birfamiliarizaziorako urratsa izan zen, zerbitzu publikoek hutsik uzten zuten eta duten lekua familiek bete behar izaten bait dute. Eta zerbitzu publikoen hutsunea, gizartearen hutsunea ere badena, ia beti, emakumeok betetzen baitugu.
Bestetik, Euskal Herrian dugun arazo honi bigarren zigor bat gehitzen zaio: bizitza-kostua. 1.500 euro gordin kobratzen duen langileak 1.230 euro garbi inguru jasotzen ditu. Donostiako alokairu-mediana 1.200 euro inguru bada, soldataren %97 baino gehiago etxebizitza ordaintzera doala ondorioztatzen dugu; Bilbon, %80 inguru. Hori ez da bizitzea, ez eta irautea, eta arrakala hori ere ez da neutroa: estatistiketan zaintza-lanetan gainordezkatzen diren emakumeek, gazteek eta migratzaileek jasaten dute larrien. LGS propioa beharrezkoa da, baina ez nahikoa: etxebizitza-politika publiko eraginkorra behar dugu, bestela, berehala, soldata-igoera oro merkatuak xurgatuko baitu.
Zergatik behar dugu LGS propioa?
Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Madrilgo erabaki guneetan finkatzen da, Estatu osorako, gure errealitate espezifikoa kontuan hartu gabe. HEHk bizitza-kostu propioa du, soldata-egitura propioa du, historia propioa du. Zergatik hobetsi behar du gure errealitatera egokitzen ez den neurria?
Burujabetzaren aldarria ez da aldarrikapen hutsala: erabakitzeko gaitasuna da, gure herriaren biziraupen materiala definitzeko gaitasuna. Hori, era berean, emakumeen, gazteen eta migratzaileen bizitzetan inpaktu zuzena duen erabakia urrutiko erabaki guneetan hartua egoteak are gehiago urruntzen du gure herria bere bizi-baldintzen kontroletik. Soldata txikienak jasotzen dituztenek kontsumora bideratzen dute errenta gehiena, beraz LGS propio batek tokiko ekonomia indartuko luke. Ekonomikoki zentzuzkoa da; politikoki, zer esanik ez. Gure herriak bere lan-merkatuaren oinarrizko erregulazioa erabakitzeko eskubidea du, espainiar Estatuaren menpekotasun-katearen beste katebegi bat izan beharrean.
Nola egin?
LGS propioa 1.500 eurotan finkatzea −edo, 1.600 eurora− lehen urratsa da, ez bakarra. Sektore-negoziazio kolektibo indartsua behar dugu azpikontratazioak eragindako babes falta geldiarazteko; zaintza-politika publiko zabala, zaintzaren ardura familiatik eta emakumearen gorputzetik ateratzeko; ardurakidetasun-neurriak, gizonak zaintzara bideratzeko; etxebizitza publikoaren zabaltze masiboa; eta lan-erregularizazio sakona, prekarietate larriena jasaten duten emakume-migratuen alde.
Halere, aipatu neurriak banaka proposatuta, eznahikoak izango dira. Multzoan, osotasunean, egitura aldatzeko apustua dira. Martxoaren 17an kalera atera ginenak ez ginen soilik soldata-zifra bat eskatzera atera: geure bizitzak erdigunean jartzeko eta geure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera atera ginen. 239.535 herritarren, bizilagunen, lagunen, bizitza materialak daude jokoan, eta haien bizitzak hobetzeak neurtzen du gure proiektu politikoaren egokitasuna eta ezinbestekotasuna.


