Apunteak Hego Euskal Herriko migrazioari buruz. Argazkiak kontatzen ez duena.

Txefi Roco
LABeko Idazkaritza Antirrazistaren arduraduna
Hego Euskal Herrian erroldatutako guztien artean, EAEko %15,1 eta Nafarroako ia %19 jatorri atzerritarreko pertsonak1 dira. EAE-n, pertsona horien %66 baino gehiago lanean dago; Nafarroan, lan egiten duten pertsonen %14,4 jatorri atzerritarrekoa da.
Datu horietatik tiraka, Hego Euskal Herriko migrazioari buruzko bi kontu garrantzitsu aipa daitezke. Pertsona migratuen presentzia ez da sinestarazi nahi diguten bezain neurrigabea, Espainiako estatuko batez bestekoaren azpitik dago (%20). Eta presentzia horrek konnotazio “laborala” du: ekonomikoki aktiboa eta enplegagarritasun handikoa.
Beraz, abiapuntu gisa, migrazioa ez da arazo bat, baizik eta EAEko eta Nafarroako ekonomiaren trakzio-sektore jakin batzuen hazkunde ekonomikoari lagundu dion gakoetako bat.
Hala, migratutako pertsonen %70ek zerbitzu sektorean lan egiten du. Ostalaritzan eta sukaldaritza modernoan (%18,18), etxeko enpleguan (%17,73), merkataritzan (%11,61) eta industrian eta eraikuntzan (%11,26). Gainera, lehen sektorean, nekazaritzan eta arrantzan, emakume langile hauen presentzia funtsezkoa da.
Hortaz, batetik, sektore maskulinizatuen arrazializazioa ikusten da, hala nola, industria, eraikuntza edo nekazari eta arrantzako lanetan. Eta, bestetik, zaintza, garbiketa eta etxeko enplegua bezalako sektoreek arrazakeria feminizazioarekin gurutzatzen da. Ostalaritza eta sukaldaritza modernoak, lan-esku migratzaileen proportzio handiarekin, banaketa orekatuagoa du sexuaren arabera.
Zaintza sektorean, barne‑erregimeneko etxeko lana —astean 60 orduko lanaldi legalarekin, gau‑txandak lanaldi gisa aitortu gabe eta desistimendu figuraren bidez kaleratze merke eta prekarioa justifikatzeko aukera ematen duen enplegua— %90etik gora migratutako emakumeek sostengatzen dute. Lau emakume latinoamerikarretatik hiruk sektore honetan aurkitzen dute tokiko lan‑merkatuan sartzeko lehen atea.
Generoaren eta jatorriaren araberako estigmatizazio eta segregazio hori kontrataziotik harago doa, eta horrez gain, lanbide-heziketa ofizialeko curriculumen diseinuaren nondik norakoaren korrelatua agerian gelditzen da. Hau da, zainketak dira Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren nitxo nagusia; izan ere, aurrekontu-sail handiak bideratzen dituzte emakume horiek sektore horretan trebatzeko eta enplegatzeko, haien aurretiazko preskauntza eta jatorrizko titulazioak kontuan hartu gabe. Hori dela eta, zerbitzu sektorean lan egiten duten pertsona migratuen % 64,1 baino gehiago emakumeak dira.
Laburbilduz, eskulanaren eskaerak eta enplegu horien baldintza txarrek bat egiten dute tokiko lan-merkatuan bereizketa bikoitz hori sakonduz. Jatorri geografkoa (eta migrazio-estatusa) erabiltzen da lan-indarra merkatzeko tresna gisa. Eta bigarren diskriminazio baten ardatz moduan sartzen da generoa, patronalaren errentagarritasun-marjina handitzen duena.
Sektore-errealitate bakoitzaren berezitasunetatik haratago (horietan sakondu beharko litzatekeen arren), horien guztien arteko argazki komun bat 4 hitzekin laburbilduko litzateke: diskriminazioa, abusua, zaurgarritasuna eta biolentziak. Kasu guztietan, informaltasunak, prekarizazioak, partzialtasunak eta behin-behinekotasunak zeharkatzen dituzten lan-harremanak dira.
Horregatik guztiagatik, harrera instrumentalaz hitz egiten dugu. Diskurtsoan “inklusioa” dela esaten bada ere, praktikan “integrazio funtzionala” da, lan‑hutsune jakin batzuk betetzeko.. “Kanpotik eta azpitik” integratzen da tokiko lan‑indarrak hutsune handienak dituen sektoreetan: lan‑baldintzarik txarrenak dituzten sektoreetan, jatorriaren eta generoaren araberako segregazioa gertatzen den horietan. Sorgin-gurpil bat da.
Informalitatea eta ezkutuko ekonomia ez dira administrazio irregularraren ondorio, ezta kointurazko eta ezuzteko kontu bat. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta biozida honen zutabe estrukturalen parte dira. Sistema hau birproduzitzen jarraitzeko baldintzak dira.
Egoera administratibo irregularrak sortzen duen babesgabetasun berezia instrumentalizatzen da: tratu bereiztua eta diskriminatzailea, mehatxuak, xantaiak eta botere‑abusua; akordioak ez betetzea; kontratuak (daudenean) lege‑haustean egotea edo orduak, soldatak eta benetako kategoriak ez deklaratzea; hitzarmenak ez betetzea (adibidez, etxeko lanak eta artisau‑arrantzak ez dutelako hitzarmenik); lanaldi abusiboak (astean 40 orduak asko gainditzen dituztenak); Lan Ikuskaritzaren jarraipen, kontrol eta zehapen faltak; lan‑osasun eskubidea urratzea eta arrisku zein istripuetarako esposizioa; atseden eta jaiegunen eskubidea ez betetzea; lan‑egutegia ez errespetatzea eta antolaketa kolektiborako zein sindikalizaziorako trabak. Ohiko praktika dira migratutako edota arrazializatutako langileak enplegatzen diren sektoreetan.
Hau guztia ez da kasualitatea, sistema honetan murgilduta egotearen ondorio zuzena da. Patronalak eta kapitalak arrazakeria ADN‑an dute, eta ongi dakite beren mesedetan nola baliatu. Arraza, generoa, klase soziala, egoera administratiboa eta estatus migratorioa gurutzatzen dira, itxuraz elastikoa den ustiapen-marjina ahalbidetuz.
Datuak partzialak eta sesgatuak dira. Ikusezin bihurtzen diren errealitateak jasotzeko adierazleak falta zaizkigu, edozein modutan ezkutatzen saiatzen direnak. Hala ere, argazkia ikaragarria da, eta icebergaren punta baino ez da. Gobernu zentralak Ezohiko Erregularizazioa defendatu du, bereziki sektore horietan izango duen eragin positiboa argudiatuz. Horixe bera da, hain zuzen ere, lehenesten den kontakizuna: pertsona hauek ez dira eskubideak behar dituzten subjektu gisa irakurtzen, lan-indar merke eta zerbitzari bezala baizik.
Hori da haiekin eta haien herri eta lurraldeekin dugun zorra. Zor hori koloniala eta patriarkala da, eta eskubide eta aukera berdinak izanda bakarrik konponduko da. Berdintasuna eta bizitza eta enplegu duinak lortzeko baldintzak behar ditugu; borondate politikoa erakutsi, eta pertsna guztientzat benetan ziurtatuko dituzten neurri eta politika publikoak gauzatu behar dira. Horrela bakarrik izango gara Euskal Herria harrera herria.
Oharrak
1 Estatuko nazionalitatea lortzen duten atzerritarrak ez dira atzerritar jatorritzat hartzen. Beraz, esan behar da talde honen barruan sartzen direla modu erregularrean bizi diren pertsonak, Espainiako atzerritartasunari buruzko legeak ezartzen dituen egoitza- eta lan-baimenetako bat dutelako. |Itzuli
Erreferentziak
- Población de origen extranjero en la CAE 2025. (Ikuspegi, 2025).
- Censos de Población. Población extranjera a 1 de enero de 2025 (Navarra.es) (Ikuspegi, 2025).


