Banaketa hirukoitza lana berrantolatzeko proposamen sindikala da, zaintza lanak erdigunean jartzen dituena

Maddi Isasi Azkarraga

LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako arduraduna

 

Hiru hilabete baino gehiago igaro dira Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde Hego Euskal Herriko kaleak hartu genituenetik. Greba Feminista Orokorrak markatutako ikasturte honek erronka handi bat ekarri digu: Zaintza Sistema Publiko Komunitariora bidean borroka ziklo bat irekitzeko ardura hartu dugu. Esan genuen aurretik eta orain berresten dugu azaroaren 30ean ez zela ezer bukatuko: aldarrikapenetan sakontzen, borroka hau agenda politiko zein sindikalean mantentzeko estrategiak zehazten eta proposamen sindikalak garatzen ari gara.

 

Zaintzaile klasearen inguruan hitz egiten da, zaintzen antolaketa sozial honek esplotatzen eta desjabetzen gaituen emakumeen* inguruan hitz egiteko. Sistema oso bat artikulatuta dagoela kontziente gara, horregatik esaten dugu zaintzak irauli behar ditugula, dena aldatzeko. Revolucionar los cuidados para cambiarlo todo. Beraz, fronte guztietan garatu beharreko borroka zikloaz ari gara.

Zaintzaile klasearen inguruan hitz egiten da, zaintzen antolaketa sozial honek esplotatzen eta desjabetzen gaituen emakumeen* inguruan hitz egiteko

Gaur egun Euskal Herrian guztiz pribatizatutako zaintza zerbitzuak ditugula azaleratu dugu: zaintzen negozioari ateak ireki zaizkio instituzioetatik. Honen ondorioz prekarietateak hedatzen jarraitzen du eta egoera honi buelta emateko borondate politikorik ez dugu inondik ikusten. Are gehiago, zaintzen eraldaketarako artikulatzen ari den mugimendua desartikulatzea helburu duen jokaldi politikoak ikusten ari gara: EAJ-k ateratako “Zainketen Euskal Ituna” edo Nafar Gobernutik “Pacto por los cuidados en Navarra”. Idatzita bai, baina baliabide eta borondate politiko falta nabariarekin.

 

Dagokien ardura hartzetik urrun, gaur egungo eredua mantentzeko marketing kanpainak sustatzen ari direla salatu dugu: itxurakeria hutsa. Gobernuetatik aukera berdintasuna erdiesteko konpromisoa dutela esaten digute, baina badakite neurri hauekin hori ez dela gertatuko.

Zaintzak negozio iturri izaten jarraitzen du, ez eskubide

Zaintza duina jasotzeko dugun eskubidea bermatzeko inolako neurririk biltzen duen eredu berririk ez dago. Zaintzak negozio iturri izaten jarraitzen du, ez eskubide. Ez dago pribatizazioari amaiera eman eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko inolako asmorik, ez dago zaintza eremuko langileen soldata eta lan baldintzak duintzeko neurri bakar bat ere. Ezta zaintza lanak erantzunkidetasunez birbanatzeko ere.

 

Greba Feminista Orokorrarekin egin zitzaien interpelazioari muzin egiten jarraitzen dute: mespretxuzko jarrerak dituzte sindikatuekiko, eragile sozialekiko, Mugimendu Feministarekiko. Milaka eta milaka lagun kalera atera dituen Greba Feminista Orokorraren ondotik Mugimendu Feministak eginiko eskaerei forman eta fondoan muzin egiten diete. Izan ere, Jaurlaritzari eta Nafar Gobernuari Mahai intersektorial bat sortzeko deia luzatu zitzaion grebaren biharamunean. Ez dute mahai hori martxan jartzeko inolako borondaterik erakutsi.

 

Baina oker dabiltza! Zaintzarako Euskal Itunarekin gure aldarrikapenak eta interpelazioak isilaraziko dituela uste badute. LAB sindikatuan argi daukagu, Zaintza Sistema Publiko komunitarioaren bidean proposamenak garatzen eta estrategia komunak sustatzen, gehiengoak artikulatzen jarraitu behar dugula.

Zaintza Sistema Publiko komunitarioaren bidean proposamenak garatzen eta estrategia komunak sustatzen, gehiengoak artikulatzen jarraitu behar dugu

Ez gara beste alde batera begiratzen geratuko. Ezin dugu beste alde batera begiratu, zaintza lanak inolako aitortza ekonomiko eta sozialik gabe sostengatzen jarraitzen duten bitartean. Ezin dugu beste alde batera begiratu emakumeon* esplotazioaren kontura aberasten den sistema baten aurrean. Ezin dugu beste alde batera begiratu zaintza sistema prekario eta pribatizatu honetan esklabutza egoeran dauden langileak egon bitartean. Edo dagozkien baliabide edo plaza publikoen zain jendea hiltzen jarraitzen den bitartean.

 

Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren proposamena bera eta Banaketa Hirukoitzaren proposamenak ez dira hala ere ikasturte honetako kontua. Izan ere, gure programa sozioekonomikoan proposamen estrategiko bezala kokatzeko erabakia hartu genuenetik LAB sindikatuan lantzen gabiltzan proposamenak dira.

Banaketa Hirukoitzaren proposamenak... ...programa sozioekonomikoan proposamen estrategiko bezala kokatzeko erabakia hartu genuenetik LAB sindikatuan lantzen gabiltzan proposamenak dira

Zaintza krisia ez da koiunturala den zerbait: jendarteko sektore batzuk bereziki bazterketa eta prekarietatera kondenatzen dituen sistema kapitalista heteropatriarkalaz ari gara. Pobretze prozesuari aurre egiteko gure bide-orria eta proposamena da mahai gainean jartzen duguna: Banaketa Hirukoitza, hots, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa. “Banaketa hirukoitza” lanaren berrantolaketarako proposamen bat da, zaintza lanak erdigunean jartzen dituena; eta era berean, baliabideen birbanaketarako proposamena da, planetaren muga biofisikoak agerian geratzen ari diren testuinguru batean. Funtsean, jarduera ekonomikoa gutxi batzuen interesak puztera bideratuta egotetik, herritar guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko birnorabidetzea da LABek proposatzen duena.

 

Greba Feminista Orokorrak bi erronka jarri ditu agendaren erdigunean: batetik, bereziki emakumeek egiten dituzten zaintza lanak ikustarazi ditu, horiek aitortu eta banatzeko premia nabarmenduz; bestetik, zaintzarako eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioaren beharra mahai gaineratu du. Banaketa hirukoitzaren proposamenak bi erronka horiei erantzuten dion proposamen sindikala da.

Desaktibazio soziala helburu duten hitzarmen eta itunen aurrean, Mugimendu Feministarekin eta Denon Bizitzak Erdigunean jartzeko Herri Akordioa izenpetzen dugun eragile guztion artean aliantzak eraikitzen jarraituko dugu

Borroka sindikal feministaren bidez, anbizioz jarraitzen dugu hasitako bide hau. Desaktibazio soziala helburu duten hitzarmen eta itunen aurrean, Mugimendu Feministarekin eta Denon Bizitzak Erdigunean jartzeko Herri Akordioa izenpetzen dugun eragile guztion artean aliantzak eraikitzen jarraituko dugu. Alderdi eta instituzioei dagokien ardura har dezaten eskatzen jarraituko dugu, pribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko. Zaintza lanak aitortu eta banatzeko. Mobilizazio feministak eta sindikalgintza feministak azaleratu duelako bizitza eta kapitalaren arteko talka hau eta politizatzen jarraitu behar ditugulako sistemak ezkutatu eta etekina atera nahi duen bizitzaren sustenguarekin lotutako esfera guztiak.

 

Banaketa hirukoitza lana berrantolatzeko proposamen sindikala da, zaintza lanak erdigunean jartzen dituena
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago