Bertan lan egin, kotizatu eta erabaki

Oihana Lopetegi

LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduraduna

 

Pentsio sistemaren eztabaida puri-purian dugu gurean. Ipar zein Hego, Euskal Herritarron pentsioek aldaketak jasango dituzte datozen aste-hilabeteotan eta ez da hoberako izango. Izan ere, aldaketa horiek norabide jakin eta bakar baten premisarekin burutuko dira: sistema publikoaren ahultzea. Europatik datozen eskakizunek zein Estatuetatik bultzatzen diren politikek horixe bultzatzen dute: erretiro adina atzeratzea, kalkulurako kotizazio aldiak zabaltzea etab. Horrek berekin dakar prestazioak pentsiodunek bizitza duin bat garatu ahal izateko nahikoak ez izatea, pentsio baxuenen kalterako nagusiki. Gainera, Hego Euskal Herrian sistema publikoaren ahultze hori enpleguko pentsio planen bidez konpentsatu nahi dute neurri batean: negoziazio kolektiboaren bidez adosten eta sortu daitezkeen pentsio planen bidez; egun existitzen den belaunaldi arteko elkartasun sistema nolabait hautsiz, egungo langile batzuk euren etorkizuneko pentsioaren zati bat beraiek finantzatzea ekarriko bailuke. Horri gehitu beharko genioke Estatalizazioan urrats handi bat emateko arriskua dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeak (BGAE) mantentzea ahalbidetzen duen arren, horrek ze garapen izango duen ere ikusteke eta erabakitzeke baitago. Estatuko legeak gainera, finantza erakundeen esku utziko luke pentsio planen afera, pentsioak pribatizatuz eta pentsioekin negozioa egitea bultzatuz.

Etorkizuneko pentsioak izango dira kalterik handiena jasango dutenak eta pentsiodunen artean pobrezia inoiz ez bezala handituko da

Agertoki hori ez bada egungo pentsiodunentzat gozoa, are gutxiago etorkizunekoentzat: etorkizuneko pentsioak izango dira kalterik handiena jasango dutenak eta pentsiodunen artean pobrezia inoiz ez bezala handituko da. Egungo langileoi beraz, pentsio sistemetan dagoeneko egin diren eta egingo diren erreformek geure etorkizuneko bizi kalitatea marka diezagukete.

 

Zer nolako enplegua halako pentsioak

Pentsio sistemari buruz ari garenean pentsioak kalkulatzeko urteei, kotizazio aldiei edota pentsioen eguneraketei erreparatzen diegu, horiek zehazten baitute norbanakoen pentsioa. Askotan ordea, albo batera uzten dugu soldaten auzia, eta biziki garrantzitsua da auzi hori, egungo soldaten kalitatea ere ezinbesteko faktorea izango baita etorkizuneko pentsioetan.

Azken urteetan soldatek debaluazio garrantzitsua izan dute, are gehiago sektore kalteberenak behatzen baditugu. Ipar Hegoak publikaturiko 11. Ikusmiranek datu argigarriak eskaini zizkigun. Azken 10 urteetan langileok eros-ahalmena galdu dugu, ia 6000 euro batez beste. Soldatarik baxuenetan edo gazteenen soldatetan galera hori hiru edo lau aldiz handiagoa izan da. Eta horri azken urteko neurrigabeko prezioen garestitzea, nagusiki feminizatuak diren sektoreetako negoziazio kolektiboaren blokeoa eta patronala langileok erosahalmena bermatzeko jartzen ari den oztopoak gehitu beharko genizkioke. Horrek, azken urteetan ezagutu dugun konfliktibitate maila handienera ekarri du Euskal Herria.

Pentsioen aferari heltzeak, soldaten auziari erreparatzea dakar. 1400 euroko gutxieneko soldata, soldata arrakalarekin amaitzea eta soldaten erosahalmenari eustea lirateke premiaz hartu beharreko neurriak.

 

Emakumeen pentsioak koxka bat azpitik

Pentsioetan ere, nola ez, arrakala izugarria dago emakumezkoen eta gizonezkoen artean. Soldata arrakalak modu zuzenean eragiten du hori horrela izan dadin, baita beste hainbat arrazoik ere.

Arrazoi horietako bat da emakumeok dohain eta kotizatu gabe buruturiko zaintza eta etxeko lanak. Bizitza osoa lanean igaro duen emakume askok ez du pentsio eskubiderik, edo oso pentsio baxua du: ez duelako behar beste urte kotizatu, ordu gutxi batzuk kotizatzeko aukera izan duelako edota soldata baxuegiak jaso dituelako bere lan bizitza osoan.

Jendartea sostengatzeko oinarrizko zaintza lanak burutu dituzten emakume horiek guztiak pobreziara kondenatzen dituen pentsio sistemak dauzkagu Ipar zein Euskal Herrian eta hori ez da onargarria. Emakume horiekin jendarteak badu zor bat, zor patriakala deitzen diogu, eta pentsio sistemak izan behar luke zor hori ordaintzeko bitartekoetako bat. Pentsio duinak behar ditugu emakumeontzat, gutxieneko pentsioak duinduz eta pentsio arrakalaren arazoari irtenbideak topatuz.

 

Ez da behar murrizketa handiagorik, aberastasunaren banaketa orekatuagoa baizik

Pentsio sistemen bideragarritasunarenaren afera arazo tekniko gisa irudikatu nahi digute. Antza denez, demografiaren bilakaeran ondorioz gero eta langile gutxiago ditugu euren kotizazioen bidez hazten ari den pentsiodun kopurua sostengatzeko. Hamaika azterketa aurkeztu dizkigute euren egia eztabaidaezina dela sinis arazteko. Beraz, pentsioetan murrizketak ezartzea beste aukerarik ez dago, egia absolutua.

Jendartea sostengatzeko oinarrizko zaintza lanak burutu dituzten emakume horiek guztiak pobreziara kondenatzen dituen pentsio sistemak dauzkagu Ipar zein Euskal Herrian eta hori ez da onargarria.

Hori guztia egin nahi dute aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari denean, Ibex 35-eko eta Cac 40-eko enpresak irabazien markak hausten ari direnean eta arrailaren beste aldean prekarietatea eta pobrezia hedatzen ari direnean. Eztabaida beraz planteatzen digutena baino askoz ere politikoagoa eta konplexuagoa da, aberastasunaren banaketa eztabaidaren formulan sartu beharra baitago.

Beraz, kotizazioen topeak igotzeari (ez pentsio maximoak) buruz hitz egin beharko genuke, baina baita beharrezkoa denean aurrekontu bidezko finantziazioari atea irekitzeari buruz ere. Eta hor erreforma fiskalaren eztabaida irekiko zaigu parez pare.

 

Burujabetzaren bidean urratsez urrats

Pentsioen eskumenak bi estatuetan zentralizaturik dauzkagu, Madrilen eta Parisen erabakitzen da euskaldunon pentsio sistema. Urrutiko erabakiguneak izan arren badugu nola eragin, badugu nola egin aurre jasotzen ari garen erasoei; hala estatu mailako mobilizazio eta grebekin bat eginez eta bultzatuz Ipar Euskal Herrian kasu, nola bertako mobilizazio propioak antolatuz.

Murrizketen aurrean mobilizatuko gara, erreformak baldintzatzeko, bertako alderdiek murrizketak ez babesteko eta gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugula aldarrikatzeko

Edonola ere, ez dago aitzakiarik egun bertako instituzioek pentsioen gaiari heltzeko dituzten eskumenak baliatzeko. Pentsio minimoa osagarritzea litzateke aukeretako bat, baita gutxieneko soldataren aferari edo soldata arrakalarenari heltzea. Baditugu tresnak horretarako, lanbidearteko akordioen edo bestelakoen bidez, borondate politikoa soilik beharko litzateke.

Orain, Paris eta Madriletik datozen erasoei aurre egiteko garaia da. Murrizketen aurrean mobilizatuko gara, erreformak baldintzatzeko, bertako alderdiek murrizketak ez babesteko eta gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugula aldarrikatzeko. Urratsez urrats, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua ahalbidetuko duen agertoki baten bidean, Euskal Herriko langileok, bertan lan egiten dugun eta bizi garen langileok, hobeto biziko garen herri hori eraikitzeko daukagu.

Orain pentsioak defendatzea dagokigu, hemen lan egin, kotizatu eta erabaki nahi dugulako, pentsioen erreformei ez!

Bertan lan egin, kotizatu eta erabaki
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri