Denbora-arrakala eta zapalkuntza anizkoitza

Marina Sagastizabal

 Soziologoa eta EHU-ko irakaslea

 

 Denbora jendartea antolatzeko modu bat da. Garaiaren eta testuinguruaren arabera era batean edo bestean antolatu da, esaterako: nekazaritza oinarri duen jendarte batean, eguzki-erlojua eta natura erritmoak dira nagusi, erlijio kristaua oinarri duenean, elizako kanpaiek markatuko dituzte eguneko orduak, aldiz, industrializazioaren eta kapitalismo globalizatuaren aroan, erloju-denbora izango da nagusi. Erloju-denborak produkzioa regulatzeko eta ahalik eta etekin gehiena, ahalik eta denbora gutxienean ateratzeko balio du: atseden denborak murriztuz, gaueko lan-orduak baimenduz, etabar. Gure jendartea gaur egun produkzioaren erritmoen arabera antolatzen da, beste denboren gainetik kapitalismoaren denbora nagusitzen da: atsedena hartzeko denboren, sozializatzeko denboren, zaintzeko denboren, naturaren denboren,... gainetik, alegia.

Industrializazioaren eta kapitalismo globalizatuaren aroan, erloju-denbora izango da nagusi. Erloju-denborak produkzioa regulatzeko eta ahalik eta etekin gehiena, ahalik eta denbora gutxienean ateratzeko balio du

Barbara Adamek zihoen “denbora-berdin-dirua” bilakatu dela. Guztiok 24 ordu ditugu egunean, baina guztiok ez daukagu 24 ordu horien gaineko erabakitzeko gaitasunik. Erabakitzeko ahalmen hau, beraz, zapalkuntza- eta pribilegio-ardatzen bidez egituratzen da: klase-soziala, generoa, arraza, jatorria, gisako ardatzak. Pentsa dezagun: gure gizartean, produktiboa ez den denbora, “galdutako” denboratzat jotzen dugu. Adibidez, itxarotea, denbora-galtzearen sinonimoa da. Nork itxaroten du gure gizartean? Nor dago ilara egiten langabezia-prestazioa eskatzeko? Edo diru-laguntza eskatzeko? Edo egoera administratiboa erregularizatzeko burutu behar diren tramite guztiak lortzeko?

Guztiok 24 ordu ditugu egunean, baina guztiok ez daukagu 24 ordu horien gaineko erabakitzeko gaitasunik

Kapitalismo-patriarkatu-kolonialismoaren gurpil-zoroak kasik 24 orduko lanaldiak eta prestutasunak eskatzen ditu: 24 orduz dendak irekita, 24 orduko zaintzaile-egoiliarrak, lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak,... Lan produktiboarentzat ezinbestekoak diren lan erreproduktiboak ere ekuazio horretan sartu behar dira: nork zaintzen du langilea? Nork sortu eta zaindu du lan-eskua?

Denbora-arrakala neurtzeko adierazle bat lanaren zama osoa da, honetan, ordaindutako lanak eta ordaindu gabeak neurtzen dira. Eustateko datuen arabera, gizarte osoko denbora aintzat hartuta, gizonekin alderatuta, emakumeek astero-astero lanaldi oso bat gehiago egiten dutela ikus dezakegu. Beraz, denbora produktiboak eta erreproduktiboak elkartuta, arrakalarik handiena genero artean gertatzen da. Ikerketek erakutsi dute zaintza lanetan dagoen denbora-arrakala azaltzeko lehenengo aldagaia generoa dela, klase sozialaren, jatorriaren edo sexualitatearen gainetik1.

Denbora produktiboak eta erreproduktiboak elkartuta, arrakalarik handiena genero artean gertatzen da

Hala eta guztiz ere, etxeko lanei dagokionean, gizonen eta emakumeen arteko genero-arrakala murriztu egin da azken urteetan. Eustateko datuen arabera, 1993tik 2018ra, etxeko lanen genero-arrakala erdira jaitsi zen (etxeko lanen denboraren feminizazio-indizea 4tik 2ra jaitsi da). Honen atzean dagoen aldaketa azaltzeko hainbat teorizazio burutu da, baina ideia bat nabarmentzen da: arrakalaren txikitze horren atzean dagoena da, bereziki, emakumeek urteetan zehar eskainitako denbora murriztu dutela eta ez horrenbeste orain gizonek denbora gehiago dedikatzen dutela. Horren atzean dagoen azalpena bikoitza da: alde batetik, lan batzuk dagoeneko ez dira egiten (adibidez, lisatzea); eta, bestetik, aukera dagoen etxeetan beste norbait kontratatzen delako lan horiek burutzeko. Bikote heterosexualen artean gatazka ekiditeko estrategia oso erabilia da (Agirre-Miguelez, 2014). Honek esan nahi du emakumeen esku daudela oraindik lan hauek, emakumeen artean banatzen dira, eta desberdintasunak beste ardatz batzuetara mugitzen ari dira: bereziki, klase soziala, arraza eta jatorria (herritartasun-estatusa).
Bai emakumeen artean, bai gizonen artean, desberdintasunak egon badaude. Errealitate soziala ezin dugu kategoria bakar batetik aztertu, edo ez behintzat, beste alderdi batzuk alboratu edo bigarren plano batean kokatu gabe. Zaintza lanari eta denborari begiratzeko, zapalkuntza sistema anizkoitza aintzat hartu behar dugu. Adibidez, historikoki, klase altuko emakumeek ez dituzte etxeko eta zaintza lanak burutu, batez ere, lan fisikotik edo zaintzaren dimentsio materialetik aldendu dira (fardelak aldatzea, edoskitzea, janaria prestatzea eta jaten ematea, etabar). Teresa Torns-ek planteatu zuen etxeko lanak mirabetzarekin erlazio estuagoa duela zaintzak baino eta, horregatik, balorazio kaxkarragoa duela. Hori dela eta, aukera dagoenean, lan hauek merkaturatzeko joera dago.

Etxeko eta zaintza lanak dira gaur egun, sozialki, inork burutu nahi ez dituen lanak, horregatik bazterretan kokatutakoek burutzen dituzte bereziki (langile klaseko emakumeek, emakume etorkinek,..). Silvia Bofillen esanetan, zaintzaren kate globalen katebegi guztiak emakumez osatuta daude. Errekonozimendu eskasa eta gainera, sarri penalizazioa dakar zaintza lanetan aritzeak, adibidez, lan merkatuan: autore batzuek amatasunari lotutako %40eko penalizazio ekonomikoa kalkulatzen dute bikote heterosexualen testuinguruan2.

Zaintza lanari eta denborari begiratzeko, zapalkuntza sistema anizkoitza aintzat hartu behar dugu

Ikerketen arabera, gizonen artean, diskurtsiboki berdinzaleenak omen dira ikasketa maila altuak dituztenak. Gizarte mailan ere, zuriak ez diren eta langile klasekoak diren maskulinitateak “atzerakoienak” direla uste da3. Maskulinitatea ere adinarekin, klasearekin, arrazarekin, sexualitatearekin eta beste gizarte-aldagai batzuekin gurutzatzen da. Hainbat ikerketak maskulinitate aniztasun horri buruzko gogoeta egin dute, maskulinitate hegemonikoa, konplizea, baztertua eta hibridoa ezberdinduz, besteak beste.

Connellek & Messerschmidtek maskulinitate hegemonikoari buruz egindako proposamen klasikoak eredu bat planteatzen du, gizon bat nolakoa izan behar den irudikatzen duten idealen, fantasien eta desioen bitartez adierazten dena. Beharbada, eredu horretara gizon gehienak ez dira iritsiko, baina ahalik eta antz handiena izaten saiatuko dira, gizarteak zer espero duen erakusten baitu. Eredu honek aukera emango die gizonei emakumeen gaineko boterea egikaritzeko eta haien aurrean abantaila- edo pribilegio-egoeran kokatzeko.

Ikuspegi honetatik, maskulinitate konplizeek maskulinitate hegemonikoa nahitaez gorpuzten ez duten baina haren abantailez baliatzen diren gizonak irudikatzen dituzte. Anoop Nayaken ustez, espektroaren beste muturrean maskulinitate marjinatuak daude, gizarte-botere nahiko txikia duten bazterretako gizonak hartzen dituztenak, hala nola langabeak, etxerik gabeko pertsonak edo dibertsitate funtzionala dutenak.

Zaintzaren kate globalen katebegi guztiak emakumez osatuta daude. Errekonozimendu eskasa eta gainera, sarri penalizazioa dakar zaintza lanetan aritzeak



Maskulinitate baztertuetan kokatutako gizonek zailtasun handiagoak dituzte maskulinitate hegemoniko bat irudikatzeko, beren egoeragatik urrundu egiten baitira gizonarengandik espero denaren definiziotik, ez dute male breadwinner ereduarekin bat egiten, hau da, etxeko burua izatea, familiak duen soldata-iturri nagusiena. Maskulinitate hegemonikoaren bihotzean lan merkatua baitago (Valdes & Olavarria, 1998).

Maskulinitate baztertu baten protagonista izateak, beraz, genero-rol tradizionaletatik aldentzea suposatzen du. Horrek bi erantzun ekar ditzake: bata, maskulinitateari lotutako genero-rolak indartzea, arauaren desbideraketa konpentsatzeko saiakera gisa (Brines 1994; Greenstein 2004), edo, bestea, arauaren desbideratze hori onartzea eta norberaren identitatean txertatzea. Praktika eta eraldaketa indibidualak garrantzitsuak dira maskulinitate hegemonikoarekin apurtzeko. Hala ere, produkzioa eta merkatua erdigunean dagoen jendarte baten aurrean eraldaketa kolektiboa bultzatzea ezinbestekoa da.

 

 

Oharrak

1 Ikusi Callejo eta Prieto 2015; Martell eta Roncolato 2016. | Itzuli

2 Ikusi Budig eta England, 2001. | Itzuli

3 Ikusi Gutmann eta Viveros 2007; Bridges eta Pascoe, 2014; Liong, 2017 | Itzuli


Erabilitako erreferentziak

Adam, B. (1999). Cuando el tiempo es dinero. Racionalidades de tiempo conflictivas y desafios a la teoría y la práctica del trabajo. [When Time is Money: Contested Rationalities of Time in Theory and Practice of Work] Sociología Del Trabajo, 37, 5-39.

Agirre-Miguelez, A. (2014). Negoziazio prozesuak bikote eredu berdinzaleetan. Doktorego-tesia, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Bofill, S. (2013). Género, cuidado y ciudadanía: la sostenibilidad social y económica de los cuidados desde una perspectiva global. In S. Narotzky (Ed.), Economías cotidianas, economías sociales, economías sostenibles (pp. 367-382). Icaria.

Budig, M. J., & England, P. (2001). The Wage Penalty for Motherhood. American Sociological Review, 66(2), 204-225. http://www.jstor.org/stable/2657415

Bridges, T., & Pascoe, C. J. (2014). Hybrid Masculinities: New Directions in the Sociology of Men and Masculinities. Sociology Compass, 8(3), 246-258. https://doi.org/10.1111/soc4.12134

Brines, J. (1994). Economic Dependency, Gender, and the Division of Labor at Home. The American Journal of Sociology, 100(3), 652-688. https://doi.org/10.1086/230577

Callejo, J., & Prieto, C. (2015). Distribución y organización de los tiempos de trabajo, cuidados y ocio con una perspectiva de género. In C. Prieto (Ed.), Trabajo, cuidados, tiempo libre y relaciones de género en la sociedad española (Cinca ed., pp. 53-86). Biblioteca Ciencias Sociales.

Connell, R. W., & Messerschmidt, J. W. (2005). Hegemonic Masculinity: Rethinking the Concept. Gender & Society, 19(6), 829-859. https://doi.org/10.1177/0891243205278639

Greenstein, T. (2004). Economic Dependence, Gender, and the Division of Labor in the Home: A Replication and Extension. (2000). Journal of Marriage and Family, 62(2), 322-335. https://doi.org/10.1111/j.1741-3737.2000.00322.x

Gutmann, M., & Viveros, M. (2007). Masculinidades en América Latina. In M. Á Aguilar, & A. Reid (Eds.), Tratado de psicología social. Perspectivas socioculturales (pp. 120-139). Anthropos.

Liong, M. (2017). Sacrifice for the family: representation and practice of stay-at-home fathers in the intersection of masculinity and class in Hong Kong. Journal of Gender Studies, 26(4), 402-417. https://doi.org/10.1080/09589236.2015.1111200

Martell, M. E., & Roncolato, L. (2016). The homosexual lifestyle: time use in same-sex households. Journal of Demographic Economics, 82(4), 365-398. https://doi.org/10.1017/dem.2016.14

Nayak, A. (2023). Decolonizing Care: Hegemonic Masculinity, Caring Masculinities and the Material Configurations of Care. Men and Masculinities, 1097184X231166900. https://doi.org/10.1177/1097184X231166900

Torns, T. (2008). El trabajo y el cuidado: cuestiones teórico-metodológicas desde la perspectiva de género. EMPIRIA. Revista De Metodología De Ciencias Sociales, 15, 53-73.

Valdés, T., & Olavaria, J. (1998). Ser hombres en Santiago de Chile. A pesar de todo, un mismo modelo. In T. Valdés, & J. Olavaria (Eds.), Masculinidades y equidad de género en América Latina (pp. 12-36). FLACSO/UNFPA.

Denbora-arrakala eta zapalkuntza anizkoitza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri