Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko-komunitarioa

Alaitz Uriarte Goikoetxea

Soziologoa

Zaintza krisiaren testuinguruan, zaintza premiak gero eta handiagoa izanik, eragile guztiek onartu beharreko dimentsio politiko saihestezinak dituen erronka bihurtu da. Izan ere, familia, gizarte eta ekonomia egituraren aldaketak eta indibidualizazio prozesuek zaintzaren egitura aldatzea edo birpentsatzea eskatzen dute. Jakina denez, gaur egun Euskal Herrian familiako emakumeak gara zaintza beharrak asetzeaz arduratzen garenak. Horretaz gain, zaintzarekin lotutako politika publiko eskasek eta zaintza beharren areagotzeak, azken hamarkadetan, familiek gero eta gehiago merkatura jotzea eragin du, kontratazio partikularraren kudeatzaile nagusiak bilakatuz. Iparralde globaleko zaintza beharrei hegoalde globaletik erantzuna ematen zaienean sortzen dira zaintza kate globalak. Milioika emakumek ipar globaleko herrialdeetara migratzen dute haurren eta adinekoen zaintza lanak betetzeko, sarritan modu irregular, prekarizatu eta erdi-esklabistan.

Iparralde globaleko zaintza beharrei hegoalde globaletik erantzuna ematen zaienean sortzen dira zaintza kate globalak

Azken urteetako estrategia eta politiken bidetik, etorkizuneko helburu estrategikoak dira norbere etxean edo “norbere etxean bezala” bizitzea eta zaintza jasotzea ahalbidetuko dituzten politikak garatzea. Feminismoak ordea, arretaz aztertzen eta ikusten ditu proposamen hauek, zaintzak emakumeen erantzukizun izaten jarraitzea indartu dezaketelako. Izan ere, erronkari ematen zaizkion erantzunak, jendarte eredu bat edo beste bultzatuko du. Horri aurre egiteko, feminismoak zaintza sistema publiko-komunitarioaren aldeko apustua egiten du.

Azaroak 30ean Euskal Herriko mugimendu feministak mahaigaineratu zuenez, zaintzaren beharrizana eta eskubidea modu kolektiboan ulertzea ezinbestekoa da. Askatasunez eta konpromisoz zaintza eskaini eta jasotzeko eskubidea dugu, kontuan izanik pertsona guztiek, bizitza ziklo osoan zehar, zaintza intentsitate desberdinak behar izango ditugula. Hori gauzatzeko egiten da zaintza publiko-komunitarioaren aldeko apustua. Zaintza jasotzen duten pertsonen, senitartekoen eta zaintza eskaintzen den auzoaren, udalerriaren edo hiriaren berezitasunak eta ezaugarriak kontuan hartuko dituen hurbileko zaintzaren gizarte antolaketa berri baten apustua da.

Komunitatea zaintza sistema birformulatzeko aukera gisa irudikatu da, instituzioetako mugak gainditu, zaintza eskaini eta jasotzeko espazioa etxeetatik haratago zabaldu eta familiaren erantzukizuna lausotuko duen espazio gisa

Komunitatea zaintza sistema birformulatzeko aukera gisa irudikatu da, instituzioetako mugak gainditu, zaintza eskaini eta jasotzeko espazioa etxeetatik haratago zabaldu eta familiaren erantzukizuna lausotuko duen espazio gisa. Hala, azken aldian zaintzaren gizarte antolaketaren agente garrantzitsua bilakatu dela dirudi, batez ere babes sareak garatzeko unean eta hauskortasun egoeren detekzio eta prebentzioan. Haatik, aukerak soilik aldarrikatzeak komunitatearen idealizazioa eragin dezake. Komunitatea ez da berez sortzen; prekarioa, hauskorra, espazioan eta denboran eusteko zaila da, bilatu, gorpuztu eta mantendu behar den egitura bat da. Beraz, lana, denbora, esfortzua, energia… beharko duen egitura bat izanik, baldintzak eskaini eta bermatu behar dira administrazioetatik komunitatea sustatzeko, bizi eta lan baldintza duinetik hasita baliabide fisiko, tenporal eta ekonomikoetara arte.

Sortu eta mantendu beharreko espazioa dela jakinik, garrantzitsua da, alde batetik, presente izatea komunitatea gatazka espazio bihurtu daitekeela eta bertan gerta daitezkeen gatazkak kudeatzea beharrezkoa dela, horretarako kolaborazioa eta elkarrekikotasuna baliatuz. Bestetik, komunitatea zaintzaren antolaketa sozialaren agente gisa identifikatzeak, zaintza lanak ikusgarri eta gaur egungo indibidualizazio eskemetatik ateratzea bilatzen duen arren, argi izan behar dugu ez duela nahitaez lanaren banaketa sexualarekin amaitzen. Komunitatea emakumeek familian egiten dituzten zaintza lanak egiteko espazioa bihur daiteke, zaintza lanen feminizazioa berrindartuz eta kolektibizazioa oztopatuz. Beraz, zaintza lanak banatzeko eta zaintza eskaintzen zein jasotzen dutenak ahalduntzeko espazioa bihurtzeak horretan arreta jartzea eskatzen du zaintza elkarrekiko konpromisoaren logikan kokatuz. Horretarako, administrazio publikoek duten ardura bere gain hartzea ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzuak, unibertsalak eta publikoak eskainiz.

Komunitateak zaintza lanak demokratizatzeko aukera ematen du, beti ere banaketa zaintza lanen ardura duten pertsonen eta agenteen artean era parekidean egiten bada

Potentzial eraldatzailea dute ekimen komunitarioek, bizitza erasotzen duen logika kapitalistaren aurrean, elkarrekikotasunean, interdependentzian eta zaurgarritasunean oinarritutako laguntza-sareak direlako, halaber, pertsonen beharretatik erantzun komun bat antolatzeko kapazak dira. Baita arlo publikoaren eta komunaren definizioak eta haien arteko harreman berriak ezarri, birpentsatu eta eztabaidatzeko eremua ere badira. Era berean, komunitateak zaintza lanak demokratizatzeko aukera ematen du, beti ere banaketa zaintza lanen ardura duten pertsonen eta agenteen artean era parekidean egiten bada.

Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko-komunitarioa da zaintza lanen aitortza eta banaketa lortzeko bidea


Bide horretan, Euskal Herrian, sistema publiko komunitarioa eraikitzea ahalbidetuko duen eztabaidarako espazioa osatu da eta azaroak 30eko greba feminista orokorra izan zen honen erakusleihoa. Geroztik, Euskal Herriko mugimendu feministak hainbat eragile sozioekonomikorekin batera lanean jarraitzen du zaintza sistema publiko-komunitarioaren inguruan hausnartzen eta zaintzaren gizarte antolaketa bidezkoago bat eraikitzeko proposamen errealak garatzen eta estrategia komunak sustatzen. Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko-komunitarioa da zaintza lanen aitortza eta banaketa lortzeko bidea.

 

Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko-komunitarioa
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago