Ekaitzari aurre eginez

Igor Arroyo Leatxe

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra

 

Euria ari du, azkenean, Euskal Herrian. Azaroa ekaitzez ekaitz igaro dugu. Eta bestelako ekaitz mota bat ere izan dugu hizpide: ekaitz ekonomiko eta soziala. Horrela deskribatu zuen egoera EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk politika orokorreko osoko bilkuran. Bizi dugun krisi ekosoziala gertakari meteorologiko hutsa balitz bezala; Urkullu, Chivite eta enparauen erabakiek zerikusirik ez balute bezala.

Ez da horrela: krisi hau bidegabea ez ezik gero eta bideraezinagoa den sistema kapitalistaren ondorio da. Euskal Herriko instituzio nagusiak kudeatu dituzten alderdi politikoek, nagusiki EAJk, UPNk eta PSOEk, korrontea jarraitzea besterik ez dute egin hamarkada hauetan zehar. Kudeatzaile onak baino, dotrina globalaren jarraitzaile onak izan direla esan dezakegu. Lehen sektorea hondoratzen utzi, zerbitzu publikoak pribatizatu, etxebizitza espekulazioa ahalbidetu eta erabilgarritasun gutxiko makroproiektuetan dirutza xahutu dute.

Autogobernuaren eredu asimetrikoa da eurek garatu dutena: enpresariei mesede egiten dien zerga politika garatzeko sendoa oso, langileen aldeko politikak egiteko ahula baino ahulagoa. Ez dute inolako borondaterik izan politika propioak egiteko, ez enpleguari dagokionez, ez politika industrialari edota zaintzari dagokionez ere. Esan bezala, korrontea jarraitu besterik ez dute egin.

Ekonomia hazi den bitartean, politika neoliberalen ondorio kaltegarriak kontsumismoaren eta hirigintzaren bidez estali ahal ziren. Ematen zuen autogobernuak ongizatea bermatzeko gai zela. Baina prekarizazio prozesuak eraikuntza autonomikoaren azpiak jaten hasia zen aspalditik.

Ekonomia hazi den bitartean, politika neoliberalen ondorio kaltegarriak kontsumismoaren eta hirigintzaren bidez estali ahal ziren.

Orain, hazkunde mugagabearen mitoak planetaren muga biofisikoekin talka egin eta eztanda egin du. Klima larrialdiak eta energia-iturri nahiz materialen agortzeak ispiluaren aurrean jarri gaituzte. Ondasun materiala mugatua dela agerian geratu da, gure planeta mugatua denez. Eta gure planeta bizigarri izaten jarrai dezan nahi badugu ezinbestekoa da trantsizio ekosozial sakona abian jartzea.

Era berean, mugatua izateaz gain ondasuna era bidegabean banatua dagoela geratu da agerian. Azken hamarkadetako prekarizazio prozesuaren tamaina adierazi eta aspalditik salatu izan dugun dualizazioa frogatzen duen datua, honako hau: bi euskal langiletik batek ez du behar besteko diru-sarrerarik, noiz eta oinarrizko gaien prezioak gora eta gora ari direnean. Herritarren oinarrizko beharrak, hala nola, elikadura, osasuna, zaintza edota etxebizitza ez daude bermatuak.

Egiturazko klase zanpaketa honekin beste hainbat aldagai gurutzatzen dira, hala nola, sexu-generoa eta jatorria. Etxeko langileengan gainjartzen dira zanpaketa hauek guztiak: migratutako emakume hauek muturreko lan-baldintzetan ari dira eta negoziazio kolektiborako eskubidea bera ukatzen zaie.

Bi euskal langiletik batek ez du behar besteko diru-sarrerarik, noiz eta oinarrizko gaien prezioak gora eta gora ari direnean

Alta, herritar guztiei lan eta bizi baldintza duina bermatzeko nahikoa baliabide egon badago. Arazoa da baliabide horiek ez daudela behar bezala banatua, ez nazioarte mailan ezta nazio bakoitzean ere. Aipatu bezala hazkundearen mugak geratzen ari diren honetan, gero eta beharrezkoagoa da ondasunaren banaketaren aldarria erdigunean kokatzea. Trantsizio ekologikoa eta ondasunaren banaketa, txanpon beraren bi aldeak dira.

Ikasturte hasieran LABek aurkeztutako trantsizioa sustatu eta ondasuna banatzeko proposamenak lau atal jasotzen ditu. Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri, erosmen ahalmena bermatu, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldia ezarriz) nola zerga politikaren bidez (Kapital errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatzen dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Trantsizio ekologikoa eta ondasunaren banaketa, txanpon beraren bi aldeak dira.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion “kapitalismo berdea”ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzeaz bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatzen dugu: gehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoa.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmentzen dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

Proposamen hauek esparru instituzional desberdinetara eramaten ari gara. Eta espero genuen bezala, ez dugu erantzun baikorrik jaso. Gauzak horrela, borroka sozial eta sindikalak areagotzera goaz. Arlo sozialari dagokionez, azaroaren 19an milaka lagun mobilizatu ziren Hego Euskal Herrian, Karta Sozialak eta pentsiodunen mugimenduak deituta. Bizitzaren garestitzearen aurrean, badago aldarrikapen bateratu batzuen aldeko esparru soziosindikal zabala, estrategia komun bat garatzeko aukera nahiko genukeena baino mugatuagoa bada ere.

Bizitzaren garestitzearen aurrean, badago aldarrikapen bateratu batzuen aldeko esparru soziosindikal zabala, estrategia komun bat garatzeko aukera nahiko genukeena baino mugatuagoa bada ere.

Lantokiei dagokionez, berriz, langileak greba eta mobilizazio ugari egiten ari dira, bai historikoki sindikalizatutako eremuetan -Bizkaiko Metalean hamaika greba egun daramate eta Nafarroako kirol kudeaketak hilabete egin du greba mugagabean- baita sektore berriagoetan ere. Ikusmiran azaltzen denez, EAEko greben %54 zerbitzu pribatuetan egin dira. Ildo honetan, sektore feminizatuetako hitzarmenak berritzeko, etxeko langileen lehen hitzarmena sortzeko edota Amazoneko langileen lan baldintzak arautzeko LABeko militantzia egiten ari den lana azpimarratzekoa da. Borroka hauek guztiak, ondasuna banatzearen aldeko borrokak ere badira.

Honela bada, hitzez eta ekintzez euskal sindikalismo berria jartzen ari da praktikan LAB. Errealitatea begirada kritikoz aztertu, proposamen eraldatzaileak egin eta errealitatean eragiteko borroka zehatzak sustatzen ari gara eremuz eremu. Gainean dugun ekaitzaren aurrean, antolakuntza eta borroka kolektiboa da gure aterkirik onena.

Ekaitzari aurre eginez
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri