Enpresa handiek ezin dituzte langileen bizi baldintzak duindu?

Saioa Basurko eta Leire Erasun

Ekonomilariak

 

Azken urteotan inflazioak izugarrizko eragina du herritarron egunerokotasunean, bizitza garestitu egin baita. Langileok prezioen igoera jasangaitza pairatzen ari gara, oinarrizko produktuen eta, batez ere, gas, elektrizitate edota bestelako erregaien prezioak igo baitira.

Energia enpresa handien etekinak urtetik urtera handituz doaz; izan ere, energiaren prezioen gorakadak, irabazien gorakada suposatzen baitu. Langileen soldatak KPI-aren arabera igotzeko, ordea, enpresaburuek zailtasunak adierazten dituzte, gastu hauek karga handia suposatzen dutelako. Soldatei eustea eta igoerak onartzea eramangaitza omen da.

Enpresariek ekitaldia amaitzerakoan aurkezten dituzte Urteko Kontu ekonomikoak, non urteko diru-sarrera eta irteeren laburpena ikusi dezakegun. Horiek aztertu ostean, errealitate zeharo desberdina ikusten dugu. Goazen beraz, egoeraren analisia egitera Euskal Herriko enpresa esanguratsuenen Urteko Kontuekin.

Hasteko, ohikoa da enpresaren fakturazioa eta irabaziak handitzea, baina langileen soldatak proportzio berean ez handitzea. Honek esan nahi du, langileak enpresarentzat errentagarriagoak direla, hau da, soldatetara aurreko ekitaldiko diru kopuru bera bideratuta enpresarentzat irabazi gehiago sortzen dutela. Ez hori bakarrik, produktiboagoak ere badira; izan ere, langile kopuru antzekoa mantenduz askoz gehiago fakturatzen baitute. Maiz, soldatetara bideratzen den gastua, enpresarentzat gasturik txikiena da.

Energia enpresa handien etekinak urtetik urtera handituz doaz; izan ere, energiaren prezioen gorakadak, irabazien gorakada suposatzen baitu. Langileen soldatak KPI-aren arabera igotzeko, ordea, enpresaburuek zailtasunak adierazten dituzte

Petronorrena da zalantzarik gabe kasurik deigarriena, Repsol taldeko euskal enpresa eta bere egoitza nagusia Bizkaian kokatzen da. Oraindik ez ditugu 2023. urteko datuak, baina 2022. urtean 10.000 milioiko fakturazioa lortu zuen, 2021. urtearekin alderatua, bikoitza. Azken irabazia 471 milioikoa izan zen, 2021 urtetik %693 hobetu zuen. Baina zer gertatzen da langileekin? Langileriaren soldaten gastua ez da proportzio berean hazi (%14 bakarrik handitu da). Enpresak fakturatutako 100 euro bakoitzetik 0,78 euro soilik erabili dira langileen soldatak ordaintzeko.

Iberdrolaren kasua ere aipagarria da, beraien webgunean argitaratutako datuen arabera taldeak 5.000 milioitik gorako irabaziak izan baitzituen 2023. ekitaldian, iaz baino %5,6 gehiago. Langileen soldaten gastua, ordea, ustiapen gastuen artean txikiena da, fakturatu dituzten 100 euro bakoitzetik 5,6 euro besterik ez baitira erabili soldatak ordaintzeko; mozkinetan, aldiz, fakturazioaren %11 irabazi dute.

Honetaz gain, ohikoa da enpresa hauek dibidenduak banatzea bazkideen artean, urte bukaeran ateratako irabaziak enpresan geratu ordez, bertatik ateratzen dira akziodunen artean banatzeko. Hau guztiz zilegi da, noski, baina oso esanguratsua ere bai. Izan ere, langileek euren eguneroko lanarekin lortutako aberastasuna pertsona gutxi batzuen artean banatzen da. Petronorren kasuan, langile guztien soldaten gastua 78,3 milioi izan ziren eta dibidendutan 200,2 milioi banatu zituzten. Beraz, akziodunek jasotako dibidenduak langile guztien soldaten gastuaren bikoitza baina gehiago izan zen 2022. ekitaldian. Iberdrolak ere, urte berean, ia 950 milioi euro banatu zituen akziodunen artean.

Honi guztiari gehitu behar zaio, enpresen Goi Zuzendaritzan edota Administrazio Kontseiluan dauden pertsonek soldata izugarriak izaten dituztela. Legearen arabera enpresen kontuetan soldaten zenbatekoak azaldu beharko lirateke, baina askotan ez da horrela izaten eta zailtasunak izaten ditugu pertsona hauek irabazten dituzten zenbateko zehatzak aztertzeko. Petronorren kasuan, Administrazio Kontseiluko 14 pertsonen artean 1,3 milioi euro irabazten zituzten; hau da, bakoitzak 92 mila euro baino gehiago 2022. ekitaldian. Iberdrolaren kasuan aldiz, lehendakari exekutiboak eta kontseilu-ordezkariak 5,6 milioi euro eta 1,5 milioi euro irabazi zituzten, hurrenez hurren, 2023. urtean.

Fakturazioa handitzen bada eta gainerako gastuak, batez ere, pertsonal gastuak mantentzen badira, enpresek lortutako mozkinak handiagoak dira. Diru hori enpresaren jabeen artean banatzen da; ez langileen artean

Ondorioz, fakturazioa handitzen bada eta gainerako gastuak, batez ere, pertsonal gastuak mantentzen badira, enpresek lortutako mozkinak handiagoak dira. Diru hori enpresaren jabeen artean banatzen da; ez langileen artean. Beraz, biztanleriaren zati txiki bat langileen lepotik aberasten den heinean, langile klaseak lan gehiago eginez, berdin irabazten jarraitzen dugu eta, gainera, oinarrizko produktuen prezio igoera jasangaitzak ordaindu behar ditugu.

Argi eta garbi geratu da enpresaburuek, kasu askotan, langileen bizi baldintzak hobetzeko eta duintzeko gaitasuna badutela. Beste kontu bat da prest dauden ala ez igoera horiek haien gain hartzeko urte amaieran zertxobait gutxiago irabaztearen truke, aberastasuna hobeto eta gehiago banatzearen truke.

 

Enpresa handiek ezin dituzte langileen bizi baldintzak duindu?
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri