Errealitatea eta eraldaketarako agenda

Igor Arroyo Leatxe

Euskal Herrian eta munduko lurralde gehienetan ezarritako sistema ekonomikoa auzitan jartzen du, berriz ere, 18. Ikusmiran honek. Bidegabea da hala ondasunaren sorrera prozesuari nola sortutako ondasunaren banaketari dagokionez.

Ondasunaren sorrerari dagokionez, enpleguaren ordainetan langileok jasotzen duguna gutxituz doa (barne produktu gordinarekiko soldaten pisua jaisten) eta lan baldintzak okertzen. Era berean, enplegu izaerarik ez duten doako zaintza lanez, nagusiki emakume langileek egindako horiez, profitatzen da. Enpleguaren exijentzien eta zaintza beharren artean itota dabil langile jendea.

Ondasunaren banaketari dagokionez, berriz, lan prozesuetan Patronalak eskuratutako gainbalioaz gain, espekulazioaren bidez eskuratutakoa gehitu behar zaio. Batetik nahiz bestetik lortutako etekina ez da behar bezala zergapetzen eta langileok gara nagusiki aurrekontu publikoei ekarpena, gero eta handiagoa, egiten diogunak. Honela, enpresek irabazi handiak dituzten bitartean, politika publikoak motz geratzen dira langileoi bizi baldintza duinak bermatzeko.

Bitxia da ikustea azken egunotan funtzioetan dagoen Urkullu lehendakariaren eta Adegiren artean egondako elkarrizketa. Lehenak soldata onak behar direla esan eta bigarrenak arazoa ez direla soldatak, etxebizitzen prezioak baizik; nor bere teilatutik pilota kanporatu nahian biak ala biak. Bada, biak dira arazo beraren erakusgarri: enpleguan nahiz politika publikoetan indarrean egon diren Patronalaren aldeko joko-arauen ondorio.

Hauxe da 18. ikusmiran honetan jasotzen den errealitatea. Eta errealitate hori zorrotz aztertzearekin batera, errealitate hori zuzentzeko neurriak agendaren erdigunera eramatean datza 50 urteko ibilbidean LABek garatu eta zabaldu duen kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoaren erronka.

Ildo honetan, banaketa hirukoitza da eredu bidegabe eta bideraezin hau eraldatzeko egiten dugun proposamen nagusietako bat: enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa, ekosistema aintzat hartuta. Alegia, planetaren muga fisikoen aurrean beste herrialdeekiko nahiz herrialde bakoitzaren barruan desjabetze berriak eragin nahi duen agenda (ultra)eskuindarraren parean, euskal eskalan birbanaketa politikak ezartzeko agenda erdigunera eramatea da gure erronka.

Horretarako ez dago beste sekreturik, antolakuntza eta borrokaren bidean sakontzea baino. Azken urteotan lantoki eta sektore mailako borroka ugari burutu ditugu eta, horiei esker, hitzarmen asko berritzea eta estaldura maila zabaltzea lortu dugu. Baina lantoki eta sektore bakoitzean eman daitezkeen urratsez gain, langile guztiei begirako neurri orokorrak ere beharrezkoak ditugu, Ikusmiranek deskribatutako errealitatea eraldatzeko. Horretan ari gara, hain zuzen ere.

Greba Feminista Orokorra deituta kokatu da zaintzarako eskubide unibertsala agendaren erdigunean, eragile instituzionalek gaia aintzat hartu behar izateraino. Jakina, presioa egiten jarraitu beharko dugu eskubide hori egikaritzeko beharrezkoak diren eraldaketak sustatzeko, hala lanen berrantolaketari dagokionez nola zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntzari begira.

Era berean, osasun sistema publikoaren eta oro har zerbitzu publikoen inguruan langile nahiz herritarrek adierazitako kezkak EAEko azken hauteskunde kanpaina erabat baldintzatu du. Urtetan Osakidetzako intersindikalen salaketak mespretxatu duten EAJk eta PSEk ere onartu behar izan dute arazoaren dimentsioa. Hitzak ez ezik ekintzak ere eskatu beharko dizkiegu legegintzaldi berriari begira.

Aipatzekoa da, halaber, bertako negoziazio esparruaren defentsan azken hamarkada luzean egindako lana, besteak beste, 2013an bertako hitzarmenei eusteko egindako lanuzteak edota 2017an egindako akordio interprofesionala; horri esker, Hego Euskal Herriko hitzarmenen lehentasuna berrezartzea lortu dugu.

Beste erronka bat, gutxieneko soldatarena da. 2020ko Greba Orokorrean bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa (garaian, 1400 euro gordin) aldarrikatu genuen eta handik hiru urtera Eusko Legebiltzarrak bere egin zuen eskari hori. Orain patronalari presio egin behar zaio, materia zehatzeko akordio baten bidez ezar dadin.

Finean, errealitatea ezkorra bada ere, badago baikortasunerako tarterik. Antolakuntza eta borroka sindikalaren bidetik Euskal Herrian badugu aukera errealitatea eraldatzeko. Langile jendearen lan eta bizi baldintzak hobetzeko. Gutxi batzuen etekina erdigunean duen eredu batetik, denon bizitzak erdigunean izango duen eredu baterantz urratsak emateko.

Errealitatea eta eraldaketarako agenda
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri