Esan gezur bat mila aldiz

Inko Iriarte
Gezur bat mila bider errepikatua, hori da absentismoaren inguran pairatzen ari garen etengabeko eraso komunikatiboa. Eta partzialki lortu dute mantra barneratzea, “langileria alper taldea gara, lanera ez joateko iruzur eginez baja lortzeko gai den gaizkile taldea”.
Hori da euren mezuek barnean daramaten mezu subliminala, oso helburu zehatzak dituen kanpaina komunikatibo erraldoia, gobernu eta komunikabide jakin batzuk ezinbesteko bidelagun dituena. Baina zer gertatzen da absentismoaren mamu handia soildu eta bere atalak aletzen hasten bagara? Nork egiten du benetan iruzurra? Has gaitezen bada:
Lehen argudioa Gizarte Segurantzak berak hala nola Osasun Sistema Publikoak gezurtatzen du, aldi baterako bajen inguruan dagoen iruzurra oso baxua da, ia testimoniala. Orduan, nola lortu du patronalak ideia hau zabaltzea? Era beran, jakin badakigu absentismoaren atzean, lan eskubideak ere ezkutatzen dituztela (gurasotasun baimenak, lizentziak, ordu sindikalak, etabar).
Euren argudioen pisua aldi baterako bajetatik dator. Baja hauek bi taldetan banatzen dira;
• BAJA LABORALAK, hau da, enpresek prebentzio faltagatik eragiten dituzten lan istripu eta laneko gaitzak. Iaz, Euskal Herrian, 102.000 istripu aitortu ziren, horietatik 64 istripu hilgarriak izan zirelarik. Hauek soilik ofizialki aitortuak dira; izan ere, aitortu gabeko kopurua handia da, gero eta handiagoa, Mutualitateen politika zitalak tarteko. Lan istripuak Mutualitateko medikuak katalogatzen dituzte eta, bistan denez, enpresariaren interesak babesten dituen irizpideak dituzte oinarri. Ezaguna da euren praxia, non sendatuta egon aurretik bidaltzen duten langilea lanera, birgaixotze datuek baieztatzen duten bezala.
• BAJA ARRUNTAK. Berez, arrazoi pertsonalak tarteko jazotako istripuak eta gaixotasunak lirateke. Kontingentzia mota hau gure famili medikuak kudeatzen du eta berau katalogatu zein baja preskribatzeko gaitasuna zerbitzu publikoko sendagilearena da. Horregatik, patronalaren helburu politiko nagusia, famili medikua ekuaziotik kentzea da, enpresaren eskakizunei men egiten ez diolako, Mutuakoek egin ohi duten bezala. Baja arrunten kopurua handia izatearen arrazoietako bat, dimentsio handikoa gainera, Mutuetako medikuen lanak eragindako kalte eta patologia asko hona deribatzea da. Izan ere, gaur egun lan arrisku hedatuena arazo psikosozialak dira, %0 delarik aitortua laneko baja bezala. Arazo muskuloeskeletikoena dugu beste adibide esanguratsua.Lanpostuetan ergonomia ikerketa faltak eta, nola ez, neurrien inplementazio ezak osasun arazo handiak eragiten ditu eta hauei oso gutxitan aitortzen zaie lanean dutenik iturburua eta, ondorioz, ez dira laneko gaixotasun gisa aitortuak izaten. Beraz, gaixotasunen talde zabalena arrunt bezala katalogatzen da. Ez da ez kasualitatea bi osasun arazo hauek sektore feminizatuetan izatea eragin nabarmenena. Beraz, bistan denez, baja arrunten taldean lanak eragindako gaitz eta lesio kopuru handia dagoela eta enpresek Mutualitateak erabiltzen dituztela euren ardurak ekiditeko.
Ikusi dugun bezala, Mutualitateen papera ezinbestekoa da absentismoaren ke laino artean enpresak garaile ateratzeko. Ezin dugu ahaztu elkarte enpresarialak direla eta beti egingo dutela euren esku dagoena bezeroen interesak babesteko, hau da, patronalaren interesak babesteko, langileriaren interesekin kontrajarriz.
Mutualitateek lanak sortutako kaltea ukatzen dutenean, langileak hainbat kalte modu bortitzagoan pairatuko ditu, artean bajan dagoen bitartean bere sarrera ekonomikoak modu nabarmenean jaistea, baja arruntaren araudipean. Era berean, prebentzio sistema bera hankaz gora ipiniko du; kalteak ukatzea, istripu edo gaixotasunaren ikerketa egitea eragotziko du eta ez da neurririk hartuko arriskua ekiditeko. Ondorioz, arriskuak bere horretan jarraituko du, beste langile bat edo batzuk kaltetuz.
Langile batek kontingentzia motaren aldaketa prozesua abiatu nahiko balu, sindikatuaren talde juridikoa edo abokatua beharko luke, zeinak Mutualitatearen talde juridiko indartsua eta peritu talde zabala izango du aurrean, enpresaren interesak defendatzeko prest. Azpimarratu behar da Mutualitatearen baliabide horiek guztiak diru publikoz finantzatuak direla %100ean. Kontingentzia aldaketa prozesu hauek, batez beste, urtebeteko iraupena dute eta, bien bitartean, langilearen diru-sarrerak nabarmen murriztuta izango ditu. Modu honetan, langile askok, arrazoia bere alde izan arren, prozesua galtzen dute eta, beste askok, ez dute abiatu ere egiten, prozesuaren kostu integralagatik. Askotan, behar ekonomikoak eta presioak bultzatuta borondatezko alta eskatu eta osatu gabe lanera itzultzen dira.
Horregatik diogu gizarte segurantzari eta jendarteari berari egiten zaiola iruzur erraldoia, masiboa Izan ere, enpresak zauritzen edo gaixotzen gaituzte prebentzioa ez egiteagatik, patronalaren interesen alde jarduten duten mutuek laneko eragina ukatzen dute eta baja prekario batera bidaltzen gaituzte, honen aurka borrokatzeko aukera murritzekin, non patronalak baliabide publikoak erabiltzen dituzten euren posizioa indartzeko.
Beraz, absentismoaren mamua aletzean beronen eragile nagusia patronala bera dela baieztatzen dugu. Benetako kezka balute, enpresek prebentzio araudia beteko lukete eta gobernuek osasun sistema publikoa indartuko lukete, pribatizazio prozesuei ateak itxiz.
Zein da bada eztabaidaren muina? Patronalak eztabaida markoa disputatu nahi du, mantra hori barneratu eta horrela langileon eskubideak murrizteko eszenatoki egokia eraiki du. Aldiz, lan merkatuaren benetako eta sakoneko arazoa prekarietatea da, gaixotzen gaituena, lana eginda ere pobretzen gaituena eta arrakalak iraunarazten dituena. Egoera honen atzean badira arduradun politikoak, patronalaren eta kapitalaren eraso hau ahalbidetu duten agintariak, hain zuzen. Beraz, erabakien norabidea aldatu daiteke, langileon lan eta bizi baldintzak hobetu daitezke, guztion bizitzak bizigarriak izan daitezen.