Etxebizitzaren arazoa neoliberalismotik konpondu?

Unai Fernandez Betoño

 

Baga
Bit2Me kriptotxanpon-enpresak ekainaren 7an antolatutako Madrid Economic Forum ez da edozein foro. Aurreko urteetan Andorran egindako kongresu “libertarioen” jarraipena baizik: eskuin muturraren eta trunpismoaren azken ideien eskaparate moduko bat. Bertan hitz egin zuten Iván Espinosa de los Monterosek, Esperanza Aguirrek, Albert Riverak, Iker Jiménezek edota Javier Mileik, 7.000 ikusleren aurrean.

Juan Ramón Rallo ekonomialari neoliberala etxebizitzaz aritu zen. Topiko desarrollista guztiak proposatu zituen. Bereziki lurzorua liberalizatzea, eraikigarritasun-mugak kentzea eta zergak desagertaraztea. Guztia, etxebizitza-eskaintza biderkatzeko. Beste burbuila bat sortzeko, alegia. Kriptotxanponak ondo daude, baina adreilua ukigarriagoa da. Hori da eskuinetik datorkigun soluzioa: etxebizitzaren arazoa neoliberalismo gehiagorekin konpontzea.

 

Biga
Jaime Palomera antropologoak ekainaren 16 eta 17an Euskal Herrira etorri zen Bilbon eta Donostian hitzaldi bana ematera, LABek gonbidatuta, “El secuestro de la vivienda” (Península, 2025) bere liburu bikaina aurkeztuz. Neoliberalismoak hedatutako gezur ustelak banan-banan desmuntatu zituen. Eta Kataluniako egungo prozesuak azalduz, Hego Euskal Herriko etorkizuneko balizko arriskuez ohartarazi zigun: etxebizitzaren jabegora iristeko aukera gero eta gehiago murrizten ari da herritarren artean, eta jabegora iristen diren askok ez dute etxerik bertan bizitzeko erosten. Etxebizitzak inbertsio espekulatibo gisa erosten eta are pilatzen dutenak fiskalki zigortu beharra dago, Palomeraren ustez. Hori litzateke errezeta neoliberalen aurreko txertoa: zergen bidez etxebizitzak bertan bizitzeko bihurtzea.

Hori egiteko bi bide paradigmatiko azaldu zituen Palomerak: Viena eta Singapur. Bietan nabarmenki galgatu dute etxebizitza-espekulazioa, etxeak pilatzea eragotziz eta eskaintzaren merkatua prezio mugatuko etxeez betez, bi modu arras ezberdinetan: Vienan, alokairuko etxe babestuak sustatuz, eta, Singapurren, jabegoko etxe babestuak eginez. Ez soilik eraikiz, gainera: jada existitzen zirenak ere erosiz eta desjabetuz. Helburua argi batekin: merkatu-preziotik beherako etxebizitza-eskaintza handi bat lortzea. Izan ere, arazoari ez bazaio irtenbide bideragarririk ematen, errua migranteei egozten dien diskurtso populista hasiko da gailentzen. Neoliberalismoaren mesederako.

 

Higa
Jaurlaritzak ekainaren 18an antolatutako EAEko Etxebizitza Legearen 10. urteurren-ospakizuna ez zen edozein ekitaldi. Lobotomia-ariketa kolektibo landua baizik. Ohi duen bezala protagonismo guztia EAJk bereganatu behar izan zuelako Imanol Pradales lehendakariaren bidez, jelkideek 2015ean Etxebizitza Legearen alde lan egin izan balute bezala. Egiazki, legearen aurka bozkatzeaz gain, PPrekin batera, mezu apokaliptiko bezain xenofoboak zabaldu zituzten, esaterako gerora lehendakariorde izango zen Josu Erkorekaren bidez: “etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortzeak mundu mailako dei-efektua eragingo du” ohartarazi zuen. Ahaztezina.

Pradalesek, duela 10 urte legea boikoteatu zuen alderdiaren koherentziari jarraikiz, legearen kontrako neurri bat iragarri zuen testuaren urteurrenean bertan: 2015ean ezarri bazen Jaurlaritzak bakarrik inbertitu zezakeela diru publikoa alokairu babestuan edo eraberritzean, orain 340.000 euro arteko etxeak erosteko abal publikoak emango ditu, horretarako 144 milioi euro publiko jarriz. Publikoki babestutako gainzorpetzea. Bankuak, jakina, belarriekin txalotzen. Gainerako neoliberalak bezala.

 

Laga
EAJ eta PSE legebiltzar-taldeek ekainaren 26an tramitera onartutako testua ez da edozein lege-proposamen. EAEko azken 20 urteotako hirigintza- eta etxebizitza-politikaren oinarri nagusietako bat birrinduko duen lege bat baizik. 2006an erabaki zen auzo berrietako etxe guztien % 75ek babes publikokoa izan behar zuela, eta, hara non, etxebizitza-krisi latz honen erdian, zeinetan inoiz baino gehiago behar ditugun babes publikoko etxeak, jelkideek eta sozialistek erabaki dute % 20 gutxiago eskatzea sustatzaileei. Zergatik? Promotore gajoek ez omen dutelako nahikoa diru irabazten. Zenbat irabazten duten eta zenbat utzi nahi zaien irabazten, baina, ez zaigu argitu. Inbertitutakoaren % 15? % 18? Zenbat?

Sabin Etxetik erabaki baita etxebizitza-krisi hau gehien pairatzen ari direnak sustatzaileak direla, eta PPk eta bestelako neoliberalek arrazoia dutela: merkatu-prezioko etxebizitza libre gehiago eraiki behar ei da eskari handia asetzeko. Premium-adreilu gehiago. Ulertezina.

 

Boga
Javier Burón legelari eta etxebizitza publikoko kudeatzailea uztailaren 1ean Donostian aurkeztu zuen “El problema de la vivienda” (Arpa, 2025) bere liburu mardula. Etxebizitzaren arazoak konponbidea du eta ezaguna da, bere esanetan: etxe eskuragarrien stock nahikoa sortu beharra dago, iraunkorki eskuragarria izango dena. Eta sortu beharreko etxebizitza-azpiegitura hori jada banatuta dagoen jabego baten gainean garatu beharra dago, klima-larrialdi betean, hots, nagusiki jada urbanizatuta dagoen hiri-lurzoruan.

Burónek argi utzi zuen errezeta neoliberala, lurzorua liberalizatzea eta etxe libre andana eraikitzea, jada probatu zela, eta ez zuela funtzionatu: Espainiar Estatuan 6 milioi etxe baino gehiago eraiki ziren 1998 eta 2008 arteko adreiluaren burbuilan, eta prezioak, ezer jaistetik urrun, laukoiztu ziren. Gainera, doktrina neoliberalei jarraikiz etxebizitza sozialen pribatizazio handienak egin zituztenek, esaterako, Thatcherren Ingalaterrak, egungo gastu handiena daukate etxebizitza-politiketan. Argitu behar delako etxebizitza sozialetan inbertitzeak, hasiera batean garestia izan arren, etxebizitzan zein beste hainbat politiketan aurreztea dakarrela epe luzera. Etxebizitza sozialen parke zabal eta iraunkor bat lortzean datza gakoa.

Bestela, horren aurka dauden neoliberalek ondo azal dezatela zein den haien plana. Baina lehen etxearen bila dauden milaka gazteei, edota Ipar Hegoa Fundazioaren 20. Ikusmiran nabarmendu denez, azken urtean gora egin duten alokairuan zeuden ehundaka etxegabetuei, aurpegira begiratuz.

Etxebizitzaren arazoa neoliberalismotik konpondu?
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri