Euskal Pentsio Sistema Publikoa, gaurdanik geurea eginez

Helena Franco

Ekonomilaria eta unibertsitateko irakaslea

 

Gizarte eredu aurrerakoi eta justuetan sinesten dugunok tinkotasunez defenditu behar ditugu pentsio sistema publikoak. Langile borrokaren lorpen esanguratsuenetakoa direnak, gaur egun kapitalaren oldarraldi ideologiko politiko-ekonomikoan arriskuan daude, baina ez, sinestarazi nahi diguten bezala, diru nahikorik ez dagoelako (argi dago enplegua edo soldatak igoz gero kotizazioak handituko liratekeela, edota presio fiskala handituz ere baliabide gehiago lor daitezkeela); ez, arriskuan daude kapitalak eta bere morroiek aberastasunaren banaketan beren aldera eta langileen kontra daramaten ofentsiban gure errenta horiez ere desjabetu nahi gaituztelako, bide batez pentsio pribatuen eremuari negozio aukerak handitzen dizkioten bitartean.

Argi dago eraso horren aurrean ezin garela besoak gurutzaturik geratu. Euskal Herrian jadanik badago pentsio publikoen defentsarako mugimendu indartsua; eta borroka horri heldu behar diogu kalean, erakundeetan, lantokietan; zahartzarorako babes sistema gure herritik bertatik eta langileok erabakitako ezaugarrien arabera diseinatu ahal izateko.

Gizarte eredu aurrerakoi eta justuetan sinesten dugunok tinkotasunez defenditu behar ditugu pentsio sistema publikoak

Gure herritik bertatik esan dugu, baina kontua da gure subiranotasuna gai honetan hutsaren hurrengoa dela. Ipar Euskal Herriari dagokionez pentsioen gaia Estatu frantsesean erabat zentralizatuta dago; eta Hego Euskal Herrian praktikan era bai.

Izan ere, Espainiako Estatuak beretzat gorde ditu Gizarte Segurantzari buruzko eskumen erabakigarriak (oinarrizko legedia eta errejimen ekonomikoa deitzen direnak, alegia pentsioen kasuan: adina, finantzazio eredua, pentsioak jasotzeko baldintzak eta kopuruak, kotizazio tipoak eta oinarriak, bestelako osagarriak,…). Beste aldetik, EAEko Estatutuak eta Nafar Amejoramenduak Gizarte Segurantzaren legediaren garapena eta errejimen ekonomikoaren kudeaketa beren eskumentzat jasotzen dituzten arren, gaur arte ez da ezer egin horiek eskuratzeko. Halaber, pentsioen bilakaerarekin duen garrantzia dela-eta gogora ekarri behar dugu lan harremanen araugintzan ere gure erabakimena erabat murritza dela.

Kapitalak eta bere morroiek aberastasunaren banaketan beren aldera eta langileen kontra daramaten ofentsiban gure errenta horiez ere desjabetu nahi gaituztelako, bide batez pentsio pribatuen eremuari negozio aukerak handitzen dizkioten bitartean

Bistan denez, gure herriko beste hainbat kontutan bezala gai honetan ere argi islatzen dira gure borrokaren bi eremuak: klase gaztaka eta subiranotasunaren aldeko borroka; eta bietan eragin behar dugu gure neurrira, gure beharretara eta gure nahietara diseinatuko Euskal Pentsio Sistema Publikoa eratu nahi badugu.
Zentzu horretan ezinbestekoa da Estatuarekiko harreman berri bat eraikitzeko prozesu eta marko guztietan Gizarte Segurantzaren gaia mahai gainean jartzea, eta negoziazioetan lehentasuneko tratamendua ematea.
Baina subiranotasun ekonomikoan sakondu eta arlo soziolaboralean eta pentsioetan erabateko eskumenak lortzeko pausoak ematen diren bitartean badugu zeregina; izan ere gaur egun dauzkagun zirrikitu eta aukerak aztertu eta horietatik abiatuz jadanik hasi ahal gaitezke oraingo pentsio sistema hobetzen eta etorkizunekoaren oinarriak ezartzen.

Gai honetan ere argi islatzen dira gure borrokaren bi eremuak: klase gatzaka eta subiranotasunaren aldeko borroka; eta bietan eragin behar dugu gure neurrira, gure beharretara eta gure nahietara diseinatuko Euskal Pentsio Sistema Publikoa eratu nahi badugu

Zentzu horretan gaurdanik eman daitezkeen urrats batzuk honakoak lirateke:

a) Gizarte Segurantzaren araubidea kudeatzeko eskumena lehenbailehen eskuratzea. Edukietan mugatu samarra izan arren (ez du sistemako funtsezko elementuetan inolako erabakitze ahalmenik izatea jasotzen), ahalbidetuko luke Gizarte Segurantzaren kobrantzak eta ordainketak euskal administrazioek eurek antolatzea. Horrek hobekuntzak ekarriko lizkieke pertsona, enpresa eta administrazioei: koordinazio hobea, administrazioekiko tramiteak erraztea, iruzurraren kontrako borroka eraginkorragoa, besteak beste. Gainera pentsio sistemaren diru-sarreren eta gastuen errealitatea zehatzago ezagutzeko aukera emango luke (bere bideragarritasunari buruzko kalkuluak ondo egin ahal izateko ezinbestekoa dena). Ahaztu gabe kudeaketaz arduratze horren bitartez, esperientzia eta ezagutza metatzen joango ginatekeela eta azpiegitura materiala sortzen ere, Gizarte Segurantzako eskumena erabat geureganatzen dugunerako prestatzen lagunduko diguna.
Aldi berean interesgarria litzateke aztertzea “legediaren garapena” deitutako eskumen autonomikoaren azpian ze aukerak ematen dituen, bereziki egungo sistemaren oinarrizko ezaugarriak hobetzeko.

b) Eusko Jaurlaritzak Gizarte-laguntzan dituen eskumenak pentsio txikienak osatzeko erabiltzea, alegia, DSBEren (RGIren) jubilatuentzako osagarriak erabiltzen jarraitzea eta hobetzea, horien bitartez maila duinetara ailegatzen ez diren pentsioak hobetzeko; eta bide batez pentsioetara bideratutako gastu gehigarri bat egiten ariko ginateke, gure eskumena lortzen dugunerako nahiko genukeen maila altuagora gaurdanik hurbilduz joateko.
Testuinguru horretan ere arreta berezia eskaini beharko litzateke pentsioen alorrean ematen den genero arrakalari.

c) BGAEak /EPSVak ere badira gobernu autonomikoen eskumenak; sakondu gabe bi aipamen pentsio pribatu osagarrien sistema horiei buruz: batetik, BGAEk onura fiskalak izan behar duten ala ez aztertu behar da, eta izatekotan kontrapartida gisa ongizate komunean nolabaiteko eragina izan beharko lukete, adibidez, BGAEek kudeatutako aurrezpenaren zati esanguratsua bertoko sektore ekonomikoetara bideratuz; eta bestetik, BGAE publiko bat eratzearen asmoa ere jarri beharko litzateke mahai gainean, horrela sektoreko BGAErik ez duten langileentzako bide interesgarri bat irekitzeko aukera eratzeaz gain egungo pentsio sistema espainiarra osatzeko eta hobetzeko mekanismo gisa izan dezakeen potentzialtasuna aztertzeko.

d) Amaitzeko derrigorrezko aipu bat enplegu egoera eta baldintzei. Zenbat eta lanpostu gehiago eta zenbat eta soldata altuagoak orduan eta handiagoak kotizazioen bidezko sarrerak. Oraindik ez dugu lan harreman arloko eskubide nahikorik lan eta soldata baldintzak zehazteko, baina horiek eskuratu bitartean erabil dezagun negoziazio kolektiboa, egungo langileen baldintzak ez ezik pentsio sistema publikoaren finantza oinarria sendotzen joateko.

Euskal Pentsio Sistema Publikoa, gaurdanik geurea eginez
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri