Gakoa enplegu publikoa da

Isidro Esnaola

Ekonomia politikoan lizentziatua

 

Estatua, gure gizartearen azken asegurua gisa, pandemiarekin agertu zen. Liberalek urteak zeramatzaten Estatuaren ahalmena minimora murrizten saiatzen, eta covid-19ak ostrazismotik atera ditu, enpresei eta langileei lagundu eta osasun-arreta eta eguneroko hornidura antola zitzan. Hala ere, estatuarekiko bat-bateko gogo-bizi hori desagertzen ari da, botereak interesatzen zaizkion gaietan eztabaida kokatzeko duen trebetasunari esker. Berriz ere, ekonomia enpresek aterako dute krisitik. Horretarako Next Generation funtsak enpresa handietara bideratuko dira. Ohi den moduan, estatuentzako zorra geldituko da eta laster Europako buruzagiek berriro gastuak doitzen hastea eskatuko diete Estatuei, finantzak arrazoizkoak izan daitezen. Horrela, enpleguaren aldeko borroka betiko parametroetara itzuliko da: enpresak laguntzak behar dituzte lanpostuak sortzeko, besteak beste lan-erreforma berriak, zuzeneko diru laguntzak, Gizarte Segurantzako kuoten murrizketa, hobariak zergetan eta abar. Langileei berriz prestakuntza hobeago bat eskatuko zaie eta horrela gira eta bueltan betiko kontuen inguruan.

Estatuarekiko bat-bateko gogo-bizi hori desagertzen ari da, botereak interesatzen zaizkion gaietan eztabaida kokatzeko duen trebetasunari esker

Enpleguaren ekuazioan, beti bezala, kontua izango da nola sortu enplegu berria sektore pribatuan. Eta dagoeneko frogatuta dago sektore pribatua ez dela gai enplegu gehiago sortzeko: Onartzen diren lan-erreformak onartzen direla eta adosten diren hobariak adosten direla enplegu osoa izatetik oso urrun jarraitzen dugu Euskal Herrian. Kapitalak irabazi-tasa maximizatzeko beharrezkoa den enplegua sortuko du, ez gehiago ez gutxiago. Eta hortik aurrera ez da pasako, onartzen diren aldaketak edozein direla ere.

Jakina, presioa egiten jarraitu behar da negoziazio kolektiboa berreskuratzeko eta lan-eskubideak legeak babesten dituela bermatzeko, hau da, lan erreforma bertan behera uzteko. Hala ere, sarritan ahaztu egiten zaigu sektore pribatuaren ondoan sektore publikoa dagoela, eta enplegua sor dezakeela. Aukera horri ez zaio arreta handirik jartzen enplegu politikak diseinatzerakoan. Are gehiago, oharkabean pasatzen da. Litekeena da funtzionario eta enplegatu publikoek duten prentsa txarragatik izatea. Irudi txar hori nahiko interesatua da, sektore publikoko profesionalek pandemian erakutsi duten bezala. Baina irudi hori ez da modu inozoan eraiki, enplegu publikoa ahalik eta gutxien izateko baizik.

 

Sektore publikoaren egoera

Enpleguaren ekuazioan, beti bezala, kontua izango da nola sortu enplegu berria sektore pribatuan. Eta dagoeneko frogatuta dago sektore pribatua ez dela gai enplegu gehiago sortzeko

Gainera, pandemiak erakutsi du administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzuek hutsune handiak dituztela; bereziki larriak dira irakaskuntzarekin, osasunarekin eta zaintzarekin lotutakoak. Publikoa desegiteko politika horretan bi indar nagusi elkartu dira. Alde batetik, Europako murrizketa-politikak; eta, bestetik, administrazioa kudeatzen duten indar politikoen zerbitzuak pribatizatzeko estrategia.

2008ko krisiaren ondoren, erakundeak murrizketa drakoniarrak egitera behartzeaz gain, administrazio publikoan birjartze-tasa bat ezarri zen, baita finantza-arazorik ez zutenentzat ere, erretiroa hartzen zuten pertsonen lanpostuei eustea ere ahalbidetzen ez zuena. Sektore publikoa deskapitalizatu dute, belaunaldien arteko erreleboa arriskuan jartzeraino. Denboraren poderioz, eragozpen hori aldi baterako kontratuen ugaritze bihurtu da, eta orain inork ez daki zer egin behin-behineko langile horiekin.

Bestalde, zerbitzuen zuzeneko pribatizazioak ez du hauteskunde-merkatuan kotizatzen; hori dela eta, administrazio publikoek zeharkako bidea aukeratu dute pribatizazioa bizkortzeko, hau da, zerbitzu publikoen kalitatea gutxienekora jaistea, itxarote-zerrendak luzatuz eta zerbitzuen eskaintza murriztuz; horrela, eskaintza eskasaren aurrean, jendeak aukera pribatuaren alde egingo du. Espiral arriskutsua da: behin martxan jarrita, eskaeraren faltak murrizketa handiagoak justifikatzen baititu.

Enplegu publikoa sortu eta lanaldiaren murrizketa orokorra egin beharra dago, gutxitzen ari den enplegua ez ezik zaintza lanak era parekidean banatzeko

Testuinguru honetan, beharbada enpleguaren aldeko borrokan sektore pribatua pixka bat alde batera uzteko unea iritsi da. Izan ere, nahiko garbi gelditu da sektore pribatuak gaur egun dauden lanpostuetatik harago enplegua sortzeko gaitasunik ez duela. Enplegu publikoaren aldeko apustua egiteko tenorea iritsi da, murrizketak berriro aktibatu aurretik.

 

Enplegu publikoaren norabidea

Sektore pribatuak enplegu osoa lortzeko ezintasun nabarmena duenez, sektore publikoak aurrea hartu beharko lioke. Borondate politikoa balego, enplegu osoa helburu lorgarria da. Ez da oso atzera joan behar Europan enplegu osoa errealitate bat zela ikusteko. Horretarako enplegu publikoa da gakoa.

Alde batetik, administrazio publikoak funtsezko zerbitzuen plantillak osatu beharko lituzke, hau da, osasungintza, irakaskuntza eta zaintzaren zerbitzuak. Bestetik, maila lokalean enplegu programa bereziak sustatu beharko ditu: behin behineko programak udal mailako beharrei erantzuteko, tokiko administraziotatik bultzatuta eta gobernutik finantzatuta.

Enplegu publikoaren aldeko apustua egiteko tenorea iritsi da, murrizketak berriro aktibatu aurretik

Pentsa daiteke programa horiek oso garestiak izango direla, baina kontuan hartzen bada, langabezian aurrezten dena batetik, eta zerga bilketan eta gizarte segurantzako kotizazioetan biltzen dena bestetik, administrazioak ez du hainbeste gastatu behar. Gainera, enplegu berriek eskaera handituko dute tokiko ekonomiaren mesedetan.

Enplegu osoak desorekak sortu ditzake. Sistema zurruna bada, zikloaren goranzko fasean sektore pribatua langileen faltan gera daiteke, horrek sortzen dituen desoreka guztiekin: prezioen igoera, ekonomiaren moteltzea eta abar. Hori ekiditeko, enplegu osoaren sistemak sektore pribaturanzko langileen fluxua ahalbideratu behar du zikloaren goranzko fasean, eta sektore publikoan behar besteko enplegua ondorengo fasean.

Horrek eskatzen du enplegu publikoaren esparruan kontratazio malgua izatea. Ezinbestekoa da kontratazio laborala garatzea. Legeak figura hori aurreikusten badu ere, funtzionarizaziorantz jo da eta ez da apenas garatu. Funtzionarioen ondoan, lan-kontratu mugagabeak eta tokiko enplegu programekin lotutako behin behineko kontratuak egon beharko dira.

Enplegu osoa desiragarria izateaz gain, lortzea posible da. Borondate politikoa behar da

Enplegu osoa lortzen bada, kontratuen behin behinekotasuna ez da hain garrantzitsua izango. Are gehiago, enpresariak kontratu mugagabeak ezartzea hasiko dira eskatzen, langileen joan-etorriak ekiditeko eta plantillak egonkortzeko.

Horrekin lotuta, enplegu publikoaren baldintzak gutxieneko estandarra bihurtuko dira. Langileek sektore publikoaren baldintzak ziurtatuta baldin badituzte, sektore pribatuan lan egiteko, azken honek sektore publikoaren eskaintza hobetu beharko du.

Enplegu osoa lortzeko bidean sektore publikoaren benetako inplikazioak, lan harremanen joko arauak goitik behera aldatuko ditu. Enplegu osoa desiragarria izateaz gain, lortzea posible da. Borondate politikoa behar da. Horren faltan, sektore publikoa presionatu behar da egungo enplegu-politikak alde batera utz ditzan, ezer ekartzen ez dutelako, eta kontratazio publikoa areagotu dezan.

Gakoa enplegu publikoa da
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri