Gazteok belaunaldi gisa ditugun erronkei aurre egiteko ezinbesteko baldintza

Markel Río Taracido
Ernaiko bozeramalea
G aur egun bizi dugun testuinguruan, gure herria eta mundua eraldatzeko asmoa dugun gazteok bi egiteko nagusi ditugu aurrean: alde batetik, aldaketa bultzatzeko funtsezko elementuak identifikatzea, eta bestetik, eraldaketa hori gauzatzeko beharrezko gaitasun eta tresnak antolatzea. Horren adibide argia da lanbide arteko gutxieneko soldataren aldarrikapena zein honen gauzapenerako zabaldutako lerroa.
Lehenik, komeni da azaltzea zer den lanbide arteko gutxieneko soldata eta zein den gaur egungo egoera. Lanbide arteko gutxieneko soldata lan egiten duen pertsona orok jasotzeko eskubidea duen gutxieneko ordainsari ekonomikoa da; hau da, langile batek jaso dezakeen soldatarik txikiena.
Gaur egun, Espainiako Estatuan 1.221 eurokoa da gutxieneko soldata, eta kopuru hori bera aplikatzen da Hego Euskal Herrian ere. Hala ere, Martxoaren 17an egindako greba orokorraren -LGS propioa oinarri zuena-- aldarrikapen nagusietako bat da gure herriak ez duela bere gutxieneko soldata propioa erabakitzeko eskumenik. Gainera, azken urteotan Espainiako Gobernuak soldata hori pixkanaka igo duen arren, oraindik ere gutxieneko soldata ez da gai herritarron oinarrizko behar izanak asetzeko.
Egoera horren ondorioz, desberdintasun sozialak areagotu egin dira eta bazterketa arriskuan dauden herritarren kopurua handitu da. Adibide gisa, Espainiako Gobernuaren azterketa baten arabera, pertsona batek urtean 19.000 euro inguru behar ditu bizi-baldintza duinak bermatzeko. Aldiz, 1.221 euroko gutxieneko soldatak urtean 15.000 euro inguruko diru-sarrera baino ez ditu bermatzen. Beraz, gaur egungo gutxieneko soldatak ez du herritarren oinarrizko beharrak asetzeko adinako gaitasunik.
Gainera, herritarren egoera ekonomikoa gero eta ahulagoa den bitartean, enpresa handien irabaziak etengabe handitzen ari dira. Haiek gero eta aberatsago bihurtzen diren neurrian, gainerako herritarrak pobretzen ari dira. Baliabide ekonomikoak badaude, baina arazoa da egungo eredu ekonomiko eta politikoak aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatzen duela. Horregatik, beharrezkoa da gutxieneko soldatak gora egitea eta aberastasunaren banaketa herritarren mesedetan antolatuko duen eredu ekonomiko baterantz aurrera egitea.
Bestalde, gutxieneko soldataren inguruko eztabaida osatzeko, azpimarratu behar da batez ere emakumeak, migratutako pertsonak eta gazteak garela soldata baxuenak jasotzen ditugun sektoreak. Hain zuzen, Ikurmira honek hori jartzen du agerian. 65.393 dira egun Hego Euskal Herrian 1.500€ baino gutxiago jasotzen diten gazteak. Alegia, %25,7a gazteak gara. Horrek bi ondorio nagusi ditu: alde batetik, kolektibo horiek egoera prekarioago eta zaurgarriago batean kokatzen ditu; eta bestetik, gizarte kohesioari kalte egiten dio, sektore batzuk baztertzen dituelako eta desberdintasunak areagotzen dituelako.
Gazteen kasua bereziki aztertuta, egoera honek bidegabekeria handia izateaz gain, etorkizunarekiko ardura falta ere erakusten du. Gazteen artean oso hedatuta dago etorkizunarekiko itxaropen falta. Izan ere, jaiotzatik krisi ekonomikoak eta ziurgabetasuna ezagutu ditugu. Lan merkatuan sartu garenean eta gure hezkuntza ibilbidean zehar, krisiaren ondorioak zuzenean pairatu ditugu. Gainera, sistema kapitalistaren krisiak gero eta sakonagoak direnez, etorkizuna are gogorragoa izango dela irudikatzen dugu askotan.
Horren ondorioz, desafekzio politikoa indartzen ari da. Kasu batzuetan, gainera, desafekzio horrek jarrera atzerakoi eta erreakzionarioak elikatzen ditu. Horrez gain, badira belaunaldien arteko talka sustatu nahi dutenak, gazteen eta helduen arteko arrakala handituz. Helburua gazteen etsipena areagotzea eta hori erreakzio politiko eta neurri atzerakoien mesedetan erabiltzea da. Hori oso argi ikus dezakegu pentsioen aurka indartzen ari diren diskurtsoekin adibidez.
Testuinguru hau kontuan hartuta, gutxieneko soldataren igoera ez da neurri puntual edo isolatu hutsa; aitzitik, belaunaldien arteko kohesioa sendotzeko eta gizarte-bazterketari aurre egiteko tresna estrategikoa da. Horregatik defendatu dut artikulu honen hasieran gutxieneko soldataren auzia gaur egungo garaiak eskatzen dituen ildo estrategiko nagusietako bat dela. Arlo askotan eragin dezakeelako eta, bereziki, gazteok belaunaldi gisa ditugun erronkei aurre egiteko ezinbesteko baldintza delako.
Horregatik, gazteontzat funtsezko aldarrikapen bat da hau. Eta horregatik, Hego Euskal Herriak bere gutxieneko soldata propioa erabakitzeko duen eskubidearen alde borrokatuko dugu. Izan ere, gure herriak, gainerako esparruetan bezala, arlo honetan ere burujabetza handiagoa behar du. Gutxieneko soldataren kasuan, alde batetik, Hego Euskal Herriko bizi-kostua Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetakoa baino handiagoa delako; eta, bestetik, hamarkadetako borrokaren ondorioz metatutako baldintza sozial, sindikal, ekonomiko eta politiko propioak ditugulako, horrelako urratsak egiteko aukera ematen dutenak. Azken finean, Euskal Herrian badaude langileak erdigunean jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzeko oinarriak, eta horretarako burujabetza funtsezko tresna da.
Burujabetza ezinbesteko abiapuntua da Euskal Herritik esparru estrategiko guztiei erantzuteko. Gure herriaren indar komunitarioa, soziala, politikoa eta sindikala aktibatzeko garaia da; bai herriaren eraikuntzan sakontzeko, bai bertako herritarren bizi-baldintzak hobetzeko. Horregatik defendatzen dugu herri bat zenbat eta burujabeagoa izan, orduan eta duinagoa izango dela.
Horregatik guztiagatik, gazteok aldarrikapen hone alde borrokan jarraituko dugu. Gure herriaren ahalmen guztiak askatzeko eta gazteen zein herri-sektore guztien mesedetan jardungo duen Euskal Herria eraikitzeko unea delako. Gisa honetako aldarrikapen askatzaileak dira desafekzioaren eta erreakzioaren aurrean dugun tresnarik eraginkorrena. Beraz, Ikusmiran honek eskaintzen digun egoeraren analisitik abiatuta, borrokarako eskaintza zabaltzen eta ahalik eta gazte gehien bide honetan batzeko konpromisoa gure egiten dugu.


