Geldialdiaren arriskuak eta aukerak behatuz

Oihana Lopetegi Aranguren

Ipar Hegoa fundazioko kidea

 

Covid-19aren pandemia gure herrian zabaltzen hasi eta konfinamendu egoera ezartzeak  ezjakintasunez beteriko agertoki berri batean kokatu gintuen. Bat batean geure buruak etxetik ezin atera ikusi genituen, haurrei azalpenak eman beharrean, geure nagusiak bakartuta… eta supermerkatuko sarreran diru eske egon ohi den Mohamed etorri zitzaigun burura, kalean zapiak saltzen dituen Fatima… eta gure bizilagunak etxean ama zaintzen duen langileari tarte horretan ez etortzeko esan ziola kontatu zigun. Kuadrilako laguna urduri topatu genuen, berak lan egiten duen enpresan Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Txostena aurkeztu omen zuten, eta aurreikuspenak ez zirela onak zioen.

 

Zainketa Intentsiboetako Unitateak lanez lepo zeudela jakin genuen, amonaren bizilaguna izandako Martina zahar etxean hil omen zen koronabirusak jota, bakarrik, azken hatsa maite zutenengandik urrun bota omen zuen. Balkoietan osasungintzako langileen aldeko txaloak, protesta eginez eltze-jotzeak, kontzertu inprobisatuak… errealitatea egunez egun aldatzen eta eraikitzen ibili ginen.

 

Kutsatu eta hildako kopurua zenbaki hotzen bidez entzuten genuen bitartean intuizioak eta inguruan entzundako egoerek langileon egoera okerrera zihoala zioten. Euskal Herriko jendartearen zati handiena ez zen egoera xamurrean bizi dagoeneko, epe-luzeko langabezia handia zen, soldata altuen eta baxuen arteko eta gizon eta emakumeen arteko arrakala handitzen ari zen urtez urte, etxeko langileen lan baldintzak esklabotzatik gertu zeuden.

Kutsatu eta hildako kopurua zenbaki hotzen bidez entzuten genuen bitartean intuizioak eta inguruan entzundako egoerek langileon egoera okerrera zihoala zioten.

3 hilabete baino gehiago igaro dira konfinamenduan sartu ginenetik eta hasiera hartan izandako intuizio horiek betetzen ari dira tamalez, horrela jaso dugu Ipar Hegoak argitara emaniko “Ikusmiran” ez-ohiko azterketan.

 

Hilabete gutxik argazki benetan kezkagarria utzi digute Hego Euskal Herrian. Urtez urteko langabezia  %26 hazi da, eta gazteek izan dute igoera nabarmenena %40ko igoerarekin. Galdu den enpleguaren kontratu motak behatuz, %90 behin-behinekoa zen. Egia esan, ez dugu sorpresa handirik hartu datu hauekin, LABek azken urteetan salatu izan duen moduan azken urteetako ustezko errekuperazio ekonomikoa langile klasearen prekarizazio eta pobretze prozesuaren bizkar egin baita, eta hasierako momentu horretan galdu den enplegua prekarioena izan da. Krisi honi aurre egiteko langileriaren abiapuntua benetan kaskarra izango da.

 

Sektore pribatuetan izaniko enplegu galerak Damoklesen ezpata du gainera buru gainean. Enpleguaren Aldi Baterako Erregulazio Txostenei (EABET) buruz ari naiz, zalantzan egon daitezkeen eta estatistiketan langabeziatik at kokatzen den enplegu kopurua izugarria baita, afiliazio osoaren %21era iritsiz eta galdutako afiliazioa baino bost aldiz handiagoa izanik egoera horretan dauden langileak.

Sektore publikoa urtez urte handitzen doan behin-behinekotasun tasa izugarriekin topatu dugu, berrantolaketa baten beharrarekin, osasungintzan batez ere.
Eta berriz, konfinamenduaren hasierako aste horietan bezala, intuizioekin gabiltza bueltaka, egitate eta informazio konkretuak oinarri hartuz intuizioa baino zerbait gehiago denaren susmoa hartuta.  Etorkizuna arriskuz beterik ikusten dugu.

Ez dugu sorpresa handirik hartu datu hauekin, LABek azken urteetan salatu izan duen moduan azken urteetako ustezko errekuperazio ekonomikoa langile klasearen prekarizazio eta pobretze prozesuaren bizkar egin baita

Madrilen gauzak beste nolabait egiten hasteko imintzio txikienaren aurrean Estatuko indar faktikoek bat egin eta erasora jo dute. Gurean ere kapitalari ez zaio bozeramailerik falta, Urkulluk, Tapiak… leial jarraitzen dute kapitalaren diskurtsoa indartuz, 2012ko lan erreforma defendatzeraino iritsiz.

Kapitalismoa krisi bakoitzetik indartuta ateratzen omen da, eta oraingoan ere, hala izateko arrisku bizia dago.

 

Gure herrian asteak itxita izan dituzte hainbat merkatari eta ostalarik. Irekitzeko aukera izan zutenean, batzuk ez zuten ireki. Kexu dira besteak baldintza berriak betetzeak ematen dien ziurgabetasunaren aurrean. Herriko janari denda handiena kate handi batek hartu zuela ekarri dute gogora, ez lukete nahi euren negozioarekin gauza bera gertatzerik.

 

Amaiak lan egiten duen supermerkatuan ordutegia zabaltzea erabaki omen dute, asteburuan ere lan egin beharko duen beldur da. Langileen segurtasuna bermatzeko hartu omen dute erabaki hori, aforoa gutxituz langile gutxiagorekin lan egin eta segurtasun tartea zaintzeko bermea izango dutela dio. Aurpegia zimurtu du ondoren, zioena benetan sinetsiko ez balu bezala, hilabete batzuk lehenago lanean zegoela izaniko lesioa eta baja ez hartzeko eskaera etorri zaio agian burura.
Sheila telelanean dabil oraindik eta haurren zaintzaren ardura ere bere gain duenez leporaino eginda dabilela dio.

Gurean ere kapitalari ez zaio bozeramailerik falta, Urkulluk, Tapiak… leial jarraitzen dute kapitalaren diskurtsoa indartuz, 2012ko lan erreforma defendatzeraino iritsiz.

Triste dago Mamadou, bere lagun batzuk jatorrizko herrialdera itzuli omen dira, eta berak elkartasun sareei eskerrak jarraitzen omen du bertan. Kezkaz begiratzen dio etorkizunari.

Eta Asier pentsakor dago, bere egoera ez ote da hain txarra? 3 hilabetez lan egin ostean langabezian geratu da prestazioa jasotzeko eskubiderik gabe. Gurasoekin bizi da, “gaitzerdi” dio, baina 58 urte dituzte eta EABET batean daude.

 

Irratian norbait elkartasunari buruz hizketan entzun nuen, Urkullu zen. Halako batean sektore publikoko langileei buruz hasi zen, euren soldata zalantzan jarriz, jendarteko beste sektoreekin elkartasuna erakusteko eskatuz. Elkartasuna ulertzeko modu berezia du nonbait Urkullu jaunak.
Intuizioak etorkizuna beltz ikusten du. Baina intuizioak ere badio beste zerbait.

 

Geldialdi guztiek arriskuak eta aukerak izaten dituzte beraien baitan. Gogorra izan da geldialdi hau, hildakoak, bazterketa sozial handiagoa, kontrol polizialaren areagotzea, langabezia, indarkeria sexista… Baina geldialdi guztiek ematen dute “reseteatzeko” aukera, gauzak beste modu batera berrantolatzeko aukera.

Kezkaz beteriko herri bizi bat da gurea, eta konbentzimendu osoa dut etorkizuna norabide egokian eraikitzeko gai izango garela

 

Gainera, konfinamendu aste hauetan elkartasun sareen zabalpenak ez du etenik izan, zaintza sareak, elkartasun ekonomikoa sustatzeko ekimenak, haurren eskubideen aldeko deialdiak… kezkaz beteriko herri bizi bat da gurea, eta konbentzimendu osoa dut etorkizuna norabide egokian eraikitzeko gai izango garela.

 

Horretarako ez daukagu tresna nahikorik Euskal Herrian. Paris edo Madrilen zentralizaturik jarraitzen dute erabaki nagusiek, eta leloak dioen moduan guk hemen lan egin eta hemen nahi dugu erabaki. Gure lan eta bizi baldintzak duindu nahi baditugu, bazterrean kokaturik dauden kolektiboak lehen planora ekarri, bizitza eta zaintza erdigunean kokatu kapitala beharrean, Amaia, Fatima, Asier, Mamadou, Sheila eta beste guztion beharrei erantzun nahi badiegu, burujabetzan urratsak ematea beste aukerarik ez zaigu geratzen.

Geldialdiaren arriskuak eta aukerak behatuz
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri