Langileok eraldaketarako giltza

Garbiñe Aranburu

LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia

 

Maiatzaren lehenak utzitako aho zapore gozoarekin eta gogo berriturik heldu diot tarte honetarako hitz batzuk idazteari. Langileontzat egoera garratza da, Ikusmiran azterketak ondorio hori uzten digu.

Ehun ekonomikoa ahultzen ari da, industria sektorearen gainbehera iraunkorra da, azken hiruhilekoan 3.200 enplegu suntsitu dira, zerbitzuetan oinarritutako ekonomia handitzen ari da. Ahultze honek ez du, sikiera, ikuspegi ekologikotik onurarik ekarri. Larrialdi klimatikoaren alarma guztiak piztuta daude. Berotegi Efektuko Gasen isurketa murrizteko politika publikorik ez da garatzen. Ekoizpen eta kontsumo ereduak eragin negatibo eta eustezinak sortzen ditu.

Zaintza lanak ez dira aitortzen eta berrantolatzen, Lan merkatu arautuan ari diren langileen soldata eta lan baldintzak okertzen ari dira. Oinarrizko produktuen eta elikagaien prezioek gora egiten jarraitzen dute, langileak eros ahalmena galtzen ari dira.

Gure herrian, Europar Batasunaren bataz bestekoaren gainetik sortzen da aberastasuna. Baina beste herrialde batzuetan baina okerrago banatzen da

Guzti hau, sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik ez dagoelako gertatzen da. EHko politika fiskalak, enpresen mozkinak mantentzea du helburu. Gure herrian, Europar Batasunaren bataz bestekoaren gainetik sortzen da aberastasuna. Baina beste herrialde batzuetan baina okerrago banatzen da, kapital eta errenten arteko arrakala handituz. HEHko presio fiskala (%30,2), Europako Bataz Bestekoaren oso azpitik dagoelako (%40,6). Diru gehiago biltzeari uko egin eta biltzen dena behar bezala ez banatzeak, zerbitzu publiko duinak garatzeko aukera mugatzen du, osasungintzan, etxebizitzan edo zaintzan.

Azterketa honek, indartu egiten du sistemari egiten diogun kritika. Krisiak bata bestearekin kateatzen dira, egiturazkoa da krisia. Bizitza duinarekin kontrajartzen da egungo eredu kapitalista zisheteropatriarkala.

Herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea okertzen ari da, langileontzat bizimodua zailtzen ari da, egoera zaurgarrian eta pobrezian dauden herritarren kopuruak gora eta gora egiten jarraitzen du. Langileak desjabetzen diren aldi berean, energia enpresen irabaziak, banketxeenak, zaintzarekin negozioa egiten duten enpresen edo elikagai banaketa kate handien irabaziak gora doaz. Azken aste hauetan, hainbat enpresen eskandaluzko datuen berri izan dugu.

Elite ekonomikoa babesteko, erabaki politikoek ekarri gaituzte sozialki zein ekologikoki sostenga ezina bilakatu den errealitate honetara. Patronalak dirua irabazteko, prekarietatea legeztatu egin da. Irabaziei eusteko prebentzio neurriak alboratu eta langileak hiltzera eta gaixotzera kondenatzen dituen patronala zigorgabe geratzen da. Murritzak diren, prestazio sozialak jaso eta biziraupena ziurtatzeko ezinean dabilenari, jarraipen eta kontrol itogarria. Enpresek gutxiago ordaintzeko, ingeniaritza fiskala eta iruzurraren kontrolik eza. Kolaborazio publiko – pribatuaren iruzurra, sektore publikoaren esku hartzearen ahultzea, esku pribatuetara diru publiko geroz eta gehiago, inolako kontrolik eta konpromiso sozialik gabe.

Hartzen ari diren erabaki politikoak, ez dute norabide aldaketa hori bultzatzen. Ez dira nahikoak bizi dugun krisi ekosozialari erantzun egoki bat emateko.

Bizitza da erdigunean jarri behar dena. Pandemiak indartu egin du kapitala Vs Bizitza talka eta Ukraniako gerra, azken urteetan burutu diren politika neoliberalei eusteko aitzakia berria bilakatu da. Hartzen ari diren erabaki politikoak, ez dute norabide aldaketa hori bultzatzen. Ez dira nahikoak bizi dugun krisi ekosozialari erantzun egoki bat emateko.

Ez da ekonomian doktorea izan behar, arpilaketa honekin amaitzeko, zaintzaren arazoari heltzeko edo larrialdi klimatikoaren erronkari egoki erantzuteko, neurri erradikalak behar direla jabetzeko. Politika publiko neoliberalak alboratu, politiketan norabide aldaketa behar da.

Egoera eraldatu behar da. Eraldaketa hori ekoizpen eta kontsumo ereduan aldaketak eginez eta banatuz bultzatu nahi dugu. Zaintza, lana eta ondasuna banatuz.

Garraztasun honi, gozotasuna ematen diona, Euskal Herriko langileek, aldaketak bultzatzeko duten determinazioa da. Borrokarik gabe, eraldaketarik ez dago, patronala eta Gobernuak behartu egin behar direla esan eta egin. Langile klasea antolatzen, artikulatzen eta mobilizazio ziklo berri bat ureztatzen ari gara.

Iparraldean ere eta balioan jartzekoa da, bazterketa eta oztopoen gainetik, LAB kideak egiten ari diren lan eskerga.

Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Estatu espainiarrean egin diren greben erdia baino gehiago Hego Euskal Herrian egin dira. Datu horiek, ez dira esplikatzen LABen ekarpenik gabe. Gure jendea eredugarria da. Greba eta mobilizazioetan parte aktiboa gara. Langileek badakite hori, grebak deitu, landu eta egin egiten ditugu. Gurea ez da titularrak sortzea bilatzen duen sindikalismoa, LABena eraginkortasuna bilatzen duen sindikalismo umila da, lekuan leku, gure oinarri eta militantziak egiten duen lana goraipatzekoa da. Gure ildo sozio sindikalaren helburua ez baita sindikatu moduan etekinak ateratzea klase bezala aurrera egitea baizik.

IEHan ere gauza bera. Macronen Gobernuak inposatu duen erretreta erreformaren aurka, azken urteetako mobilizaziorik jendetsuenak izaten ari dira, Estatu osoan eta bai Iparraldean ere eta balioan jartzekoa da, bazterketa eta oztopoen gainetik, LAB kideak egiten ari diren lan eskerga.

Aldaketen markoa Euskal Herrian kokatzen dugu. Independentziaren aldarria, praxira eramanez. LHBSEErako esparrua egunez egun eraikiz. Sindikalismotik ekarpen berezitua eginez, langileek burujabetza prozesuarekin bat egin eta Euskal Estaturako bidean urratsak ematen joateko.

Kapitalismoa antidemokratikoa da, lobby moduan funtzionatu eta politikak baldintzatzen dituzte. Aldiz, berriki atera den inkesta batean agertzen zen, nola hiru herritarretatik bik, ez duten uste inolako eraginik izan dezaketenik erabaki politikoetan.

Egoera hau iraultzea dagokigu. Langileok gara eraldaketarako giltza. Borroka sindikal ugari daude irekiak. LABek harago joan nahi du, ez dugu mugatu nahi ekintza sindikalaren bidetik langileen soldata eta lan baldintzak hobetzera, erabaki politikoetan eragin nahi dugu. Lantokietan, kalean eta instituzioetan, langileok, erabakigarriak izan behar dugu. Ez da erronka makala, ez! azken hilabeteek erakusten dute, badagoela oinarria horretarako.

Langileok eraldaketarako giltza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri