Migrazioa, egiturazko errealitatea, borroka sozialetan ere

Arkaitz Fullaondo

Soziologoa, EHUko irakaslea

 

1998. urtean Hego Euskal Herrian estatutik kanpo jaiotako 35.825 pertsona bizi zien, hots, populazio osoaren %1,4a, 2021. urtean aldiz, 356.306 pertsona ziren eta populazio osoaren %1,a. Jaiotza kopuruari buruz Eustat-ek argitaratu dituen azken datuen arabera, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) 2022 urteko azken lauhilekoan jaio ziren 3.453 umeen %31ak amak estatuz kanpoko nazionalitatea zeukan. Migrazioak gora egiten jarraitzen du eta pertsona migratzaileek beraien bizitza proiektua Euskal Herrian garatuko dutela argi dute. Izan ere, EAEn erroldaturi daudenen kasuan %92ak dio hurrengo bost urteetan hemen bizitzen jarraituko duela eta %84ak epe luzean hemen bizitzeko intentzioa duela. Datu hauek agerian utzi dute jada euskal gizarteak barneratuta duen honako ideia: migrazioa eta migraziotik eratorriko aniztasun multikulturalak euskal gizartearen ezaugarri bilakatu da, egiturazko ezaugarri bat.


Aniztasun multikultural hau gure gizartean errotzeak ondorio desberdinak izan ditu. Horietako bat da populazioaren jatorria, egoera legala, arraza edo erlijioa gizartean ematen diren desberdintasun sozialetan kontutan izan beharreko aldagaiak izatea, ezaugarri hauek desberdintasun sozialetan eragin zuzena dutelako. Feminismoak erakutsi digu intersekzionalitatearen ikuspuntua noraino den garrantzitsua gaur egungo arrakala sozialen konplexutasunak ulertzeko eta konplexutasun honetan migrazioak berebiziko garrantzia du.

Argi dago, beraz, euskal gizartean pobreziak jatorriarekin erlazioa duela, modu batean edo bestean, pobreziaren etnifikazioa ematen ari delako


Datuetara bueltatuz, 2020. urtean EAE populazioaren %5,6 pobrezian bizi zen, aldiz, estatuz kanpoko nazionalitatea zuten biztanleriaren kasuan %36,9ra heltzen zen pobrezian bizi zirenak. Urte horretan, benetako pobrezian bizi ziren biztanle guztietatik %51 estatutik kanpo jaio zen. Nafarroako datuek antzeko errealitate bat islatzen dute. Argi dago, beraz, euskal gizartean pobreziak jatorriarekin erlazioa duela, modu batean edo bestean, pobreziaren etnifikazioa ematen ari delako. Era berean, urte batetik besterako datuek adierazten dute ekonomia eta lan merkatuaren bilakaerak ez duela eragin handirik eta etorkinek egiturazko pobrezia jasaten dutela, ekonomia eta lan merkatuaren egoera dena delako izanik, etorkinen pobrezia %30aren inguruan kokatu ohi da eta.


Lan merkatuan ematen den prekarietatea eta krisi ekonomikoen metaketek desoreka sozialen hazkundea eragin dute. Segregazioa eta klase sozialen arteko desberdintasuna gero eta nabariagoa den honetan, etorkinak gure gizarte egiturako klase baxuetan pilatzen dabiltza. Dinamika hau mantentzen baldin bada eta segregazio sozial honi aurre egingo dion mugikortasun sozialik ez badago, epe ertain-luzean euskal gizartearen klase egiturak, besteak beste, populazioaren jatorria eta azalaren kolorearekin erlazioa izango du.

Migrazio prozesuarekin eta aniztasun kulturalarekin erlazionatutako errealitateak eta problematikak dinamika eta borroka hauetan txertatzea ezinbestekoa da gizarte kohesionatuago bat lortu nahi baldin badugu


Eskenatoki honek Euskal Herrian martxan dauden eta egongo diren borroka eta dinamika sozialetan eragina du. Migrazio prozesuarekin eta aniztasun kulturalarekin erlazionatutako errealitateak eta problematikak dinamika eta borroka hauetan txertatzea ezinbestekoa da gizarte kohesionatuago bat lortu nahi baldin badugu. Arrazakeria, diskriminazioa, paperak izateko eskubidea, mugikortasun eskubidea, zaintza sistema… lanketarako eta borrokarako eremuak izan beharko dira.


Migrazioa, errealitate soziala eraldatzeko eta iraultzeko ahalmena duen prozesua da. Orain dela hainbat hamarkada eraldaketa hori bizi izan genuen eta gaur egungo Euskal Herria garai horretan emandako eraldaketaren ondorioa da. Garai horretan ere, dinamika eta borroka sozialak moldatu egin ziren eta orain aldian ere moldatu beharko dira. Gure esku dago.

Migrazioa, egiturazko errealitatea, borroka sozialetan ere
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri