Ogia eta larrosak

Naia Kortaberria

Bilgune Feministako kidea

Duela mende bat baino gehiago, Helen Toddek “Bread for all and roses too” (Ogia denontzako eta arrosak ere bai) leloa erabili zuen Lawrenceko (Massachusetts) ehungintzako greba zikloaren testuinguruan. 20.000 langile baino gehiago batu eta nagusiki emakume migratuek gidatu zuten greban, justizia ekonomikoa baino gehiago aldarrikatu zuten: edertasuna, poza eta bizitza duina bizitzeko eskubidea. Zenbaitek, lelo honetan, materiala eta sinbolikoaren arteko dikotomia antzemango dute agian: ogia (kapital ekonomikoa) eta arrosak -zoriontasuna/duintasuna- (kapital sinbolikoa). Baina existitu daiteke materialtasunik gabeko zoriontasunik edo duintasunik? Nik argi daukat ezetz.

Gaur egunera lurreratuta, erraz ikus ditzakegu garai hartako (eta aurreragoko) langile borrokaren eraginak; hala nola, EHko Mugimendu feministatik “Denon bizitzak erdigunean” aldarrikatzen dugunean, edota LABetik “Lan eta bizitza duinak guztiontzat” bezalako leloak defendatzen direnean. “Guztiontzat” edo “denontzat” diogu, baina nork ordezkatzen du talde hau? Noren esperientzia eta interesei buruz ari gara? Eta zeintzuk uzten ditugu albo batera? Sarritan, talkak edo apurketak sortzeko arrazoia izan da subjektu politikoa eta, gaurkoan, honen inguruko erronka batzuk planteatu nahiko nituzke perspektiba feminista batetik abiatuta.
Ikusmiran txostenak erakusten digun errealitateak ez du soilik prekarietatearen banaketa desberdina agerian uzten; langile klasearen iruditeria bera interpelatzera ere eraman gaitzake. Izan ere, txostenak erakutsi bezala, prekarietateak aurpegia du, eta hori, sarritan, emakumea, gaztea, migratua edo sektore feminizatuetan lan egiten duena da. Horrek galdera garrantzitsua egitera garamatza: langile klasearen interes orokorraz hitz egiten dugunean, subjektu horien bizipenak eta beharrak erdigunean daude, ala bazterretan?

Kapitalari onuragarria zaio langileen artean hierarkiak eta desberdintasunak existitzea; batzuen bizitzek besteenek baino gehiago balio dutela normalizatzea; eta, are gehiago, logika hori langileon artean ere naturalizatzea. Gainera, sistemari muturreko prekarietate egoeran dauden sektoreak existitzea baliagarria zaio, gainontzeko langileen baldintzak presionatzeko tresna baita. Horregatik, langile mugimenduaren prismatik ere, sektore hauen borroka erdigunera ekartzeaz ari garenean, ez gara karitate edo elkartasun ariketaz ari, boterea geureganatzeaz baizik. Teoria hau lurreratuz, barneko zaintzaileen –internak- existentziak, adibidez, ezin du “haien” (nagusiki emakume migratu eta arrazializatuen) borroka soilik izan. Barneko zaintzaile figuraren abolizioak langile guztion borroka izan behar du, eta klase osoaren indar korrelazioan eragiten duen auzi bezala ulertzea garrantzitsua da.

Hain zuzen ere, horregatik uste dut ezinbestekoa dela langile klasea bera sektorerik zaurgarrienen optikatik begiratzea. Ez soilik egoera batzuk beste batzuk baino larriagoak direlako, errealitate horietan kapitalismoaren joera bortitzenak ikus daitezkeelako baizik. Eta, gaur egun, prekarietaterik gogorrenak zaintzan, ostalaritzan edo garbiketan pilatzen badira ere... ez dezagun ahaztu krisi ekonomiko edo politikoa nahikoa dela beste sektoreen eskubideetan ere atzera egiteko.

Historian zehar sarritan gertatu dira borroken eta sistemen gaineko irakurketen berrartikulazioak: Silvia Federicik teoria marxistari kritika egin zion, besteak beste, lana oinarritzat zuen teoriak zaintza-lanak aintzat ez hartzearren. Era horretan, fabrika ekoizpen esparruaren erdigunean kokatzea zalantzan jarri zuen. Izan ere, langileak fabrikara iritsi ahal izateko beste ekoizpen espazio batetik irteten zirela argudiatzen du idazleak: etxea. Langileak fabrikara iritsi ahal izateko, ordura arte ikusezinak ziren zaintza lanak behar zituzten: etxe garbia, janaria… historikoki emakumeek betetako lanak. Zentzu honetan, erreprodukzio sozialerako ikuspegiak sistema bera irakurtzeko modua berrartikulatu zuen. Ikuspegi honek ez du langile klasea zatitzen; langile klasearen errealitate osoago bat ikusteko aukera ematen du: errealitate bera beste prisma batetik ikusteko gaitasuna, zapalkuntzaz beteriko beste bizipen batzuk ez estaltzeko eta horien kontra borrokatzeko aukera.

Horregatik uste dut, borrokak formulatzerako garaian, sektore egonkorrenei soilik begiratu beharrean bazterretan daudenen bizipenetatik abiatzea baliagarriagoa dela. Honela, langile klasearen momentuko konposizioa hobeto islatu, inor kanpoan uzten ez duen subjektu askatzaileak sortu, eta borroka bera indartzea posible izango da. Batzuk aniztasuna tranpa bezala ikusteko duten foku interesatutik urruti, errealitate desberdinak artikulatzea klase gisa boterea geureganatzeko palanka dela sinisten dut.

Amaitzeko, behin eta berriro ari gara entzuten egungo garaiak ez direla errazak, eta nik ez dut kontrakoa esango. Kontua da egoera honen aurrean nola jokatuko dugun. Erraza izan daiteke bakoitzak bere espazioa defendatzea edo irtenbide indibidualak bilatzea; baina, langile mugimenduak historikoki zerbait erakutsi badigu, zera da: aurrera egin duenean ez da izan bakoitzak bere ogia defendatu duelako, ogi hori guztiontzat izan dadin antolatu delako baizik.
Agian Lawrenceko langileen “Bread and Roses” leloari begiratu beharko genioke berriz. Emakume migratzaileek gidatutako borroka hark langile klase osoaren etorkizunari buruz hitz egiten zuen eta, gaur ere, hor erronka bat dagoela pentsatzen dut: "denontzat" hori eta nor garen berriz pentsatzea, eta bazterretan daudenen bizipenak zein borrokak erdigunera ekartzea. Izan ere, langile klase bezala indartu nahi badugu, bazterretan daudenen borrokak guztion borroka bihurtu beharko ditugu. Orduan bakarrik izango dira ogia eta arrosak denontzat.

Ogia eta larrosak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago