Oinarriak ahaztu gabe, gutxienez beste 50 urtez, jarrai dezagun adarrak zabaltzen
Garbiñe Aranburu
LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra
Aurtengo urtea berezia da LAB sindikatuarentzat, 50 urte beteko baititugu. Hasieratik egin genuen kontrabotere sindikalgintzaren alde, kontzertazio sindikalgintza baztertuz, herri honen askapen prozesuaren baitan ulertzen genuelako. Independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokak uztartu eta aldaketa sozial zein politikoak bultzatzearen alde egiten dugu.
Oinarri horiekin, enborra sendotu eta adarrak zabaltzen ari gara. LAB langile guztien tresna izan dadin, sindikalgintza zabaltzen ari gara. Langile sektore berrietara sindikatua gerturatzen ari gara. Feminismoaren, eko-sozialismoaren, anti-arrazismoaren iturri eraldatzaile eta askatzaileetatik edanez egiten ari gara bidea, Euskal Herriari aukera berriak zabalduz.
Sindikalgintza berria da gurea, testuinguru bakoitzera egokitu eta unean une, langileen errealitateari zein herri erronkei hobekien erantzuten dion aldarrikapen zein borroka estrategiak garatzeko etengabeko saiakera.
Herri baten egoera sozioekonomikoaren bilakaera aztertzerakoan, zaintza lanak ez dira aintzat hartzen, bizi baldintzen kalitatea zer nolakoa den ez da erdigunean jartzen eta datu makroekonomikoek ez dute langileen egoeraren inguruko informazio zehatzik islatzen. Aberastasuna sortzeko eragiten den aztarna ekologikoa ere ez da jasotzen. Honela, logika kapitalista heteropatriarkal eta koloniala gailendu eta ikuspegi murriztailearekin egiten dira azterketa ekonomikoak. Era berean, Gobernu desberdinen jarrera, erantzukizun politikoak saihestea izan ohi da, arreta aspektu positiboetan jartzera eta errealitatea zuritzera mugatuz sarri askotan.
Sindikalgintza berria da gurea, testuinguru bakoitzera egokitu eta unean une, langileen errealitateari zein herri erronkei hobekien erantzuten dion aldarrikapen zein borroka estrategiak garatzeko etengabeko saiakera
Guk badugu langileekiko ardura. Bizi duten errealitatea azaleratzea eta egoera hobetzeko borrokatzea dagokigu. Langileen egunerokoari ikuspegi objektibo batetik begiratuz gero, ez dago errealitatea ezkutatzerik. Egoerak okerrera egiten jarraitzen du: sortzen den aberastasuna geroz eta modu desorekatuagoan banatzen da kapital eta lan errenten artean.
Honela zuriz marraztu nahi den errealitatean orbanak jartzen ditugu eta azterketak langile ikuspegitik eginez, langabezi tasak, lan merkatu zein enpleguaren joera adierazle izateari aspaldi utzi ziola esaten dugu. Egin diren lan erreformek langabeziaren beherakada ekar zezaketela bai, baina beherakada hori prekarietatearen kontura egingo zutela salatu genuen. Esan eta izan. Langabeziak behera egin eta enplegua izan arren, bi herritarretik bat egoera ekonomiko prekarioan dago, bizitza duinerako diru-sarrera nahikorik gabe.
Sortzen den aberastasuna geroz eta modu desorekatuagoan banatzen da kapital eta lan errenten artean
Emakumeok gara nagusiki zaintza lanez arduratzen garenak, kasu askotan inolako ordainsaririk gabe. Eremu pribatuaren mesedetan, ahultzen eta kaskartzen ari dira zerbitzu publikoak. Herritarren arteko arrakalak gero eta nabarmenagoak dira. Handitzen ari da egoera zaurgarrian, prekarioan, dagoen langile kopurua, baita diru sarrera altuenak dituzten eta baxuenak dituztenen arteko tartea ere..
Egoera iraultzeko badugu proposamen sindikala. Zaintza erdigunean jarri, dualizazio sozialari, prekarizazioari eta pobretzeari aurre egiteko neurri sorta da Banaketa Hirukoitza. Zaintza, enplegua eta ondasuna banatzeko aldarrikapenak dira, gure eguneroko ekintza sozio – sindikala ardazten dutenak.
Zaintza lanak kolektibizatu, banatu, berrantolatu behar direla eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratu behar dela aldarrikatzeko Greba Orokor Feminista arrakastatsutik gatoz. Lan guztiak dira ezinbestekoak, beharrezkoak, eta lan guztiek behar dute aitortza politikoa eta baita ekonomikoa ere. Zaintza lanen eraldaketa sakonik gabe, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunik ez da izango.
Zaintza denboren banaketa desorekatuari edo sexuen araberako lan banaketari eusten zaion bitartean, soldata arrakalak biziraun egingo du
Zaintza denboren banaketa desorekatuari edo sexuen araberako lan banaketari eusten zaion bitartean, soldata arrakalak biziraun egingo du, emakumeok esfera publikoan aritzeko oztopo handiagoak izango ditugu edo gure denbora libreaz gozatzeko aukera gutxiago izango dugu.
Nork eta nola zaintzen du? Nola zainduak izan nahi dugu? Galdera horiei erantzunak eman behar dizkiegu. Lanaldi murrizketa da egungo desorekei aurre egiteko neurrietako bat. 30 orduko lan astea defendatzen dugu. Enplegua eta zaintza lanak berrantolatzeko edota digitalizazioak, zein garapen ereduak behar duen birmoldaketa eta trantsizio ekosozialaren eraginez murriztuko den enpleguari irtenbidea emateko ere bai. Aldi berean, zaintzagatik lanaldia eteteko aukera planteatu dugu.
Gure bizitzan zehar denok izango ditugu zaintza beharrak, baina egun zaintza duina ez dago bermatua, pribatizatua eta merkantilizatua baitago. Zaintzarako eskubide unibertsala bermatzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzea ezinbestekoa dela deritzogu. Zaintza sistemaren eraldaketa, Mugimendu Feministarekin eskuz esku, Herri Akordioaren sinatzaile izan garenon arteko adostasunak eraiki eta indar bilketa sustatuz egin nahi dugun bidea da.
Zaintza sistemaren eraldaketa, Mugimendu Feministarekin eskuz esku, Herri Akordioaren sinatzaile izan garenon arteko adostasunak eraiki eta indar bilketa sustatuz egin nahi dugun bidea da
Pandemia ostetik, borrokaldien loraldia bizitzen ari gara. Hainbat sektore edo lantegietan enplegua duintzeko borrokak piztuak ditugu. Sexu – genero, arraza, adinak sortzen dituen arrakalei aurre eginez hainbat kasutan. Enplegua duindu behar da eta enplegua, administrazioak herritar guztiei bermatu beharreko eskubidea da. Egun iraupen luzeko langabezia bazterketa sozialerako arrazoi nagusien artean kokatzen da eta administrazioak enplegua bermatzen ez badu, gutxieneko soldataren adinako indemnizazioa ordaindu beharko lioke gure ustez.
Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, bada indar eta tarte berezia hartzen duen aldarria. Soldaten eros ahalmenaren galerari aurre egiteko, soldatak hobetu egin behar dira. Honekin batera, 1400€ko gutxieneko soldata ezartzeko lanean ari gara eta oraindik lortu ez badugu ere, gehienezko soldataren eztabaida mahaigainean dago.
Soldatak duintzea, ondasuna banatzeko bidea da. Hori baino harago goaz, ordea, kapital errentak eta irabazi enpresarialak gehiago zergapetu eta zerga politika progresiboagoa ezartzeko, zerga erreforma beharrezkoa dela aldarrikatzen baitugu. Zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko diru gehiago bildu eta diru publikoa egoki erabiltzeko.
Herritarren, langileen, mesedetan izango diren politika publikoak bultzatu behar ditugu, patronalari boterea lehiatu eta lantokietan, kalean zein instituzioetan aldaketak eragin behar ditugu
Gurea sindikatu soziopolitikoa da, eremu guztietan defendatzen ditugu langileen eskubideak. Herritarren, langileen, mesedetan izango diren politika publikoak bultzatu behar ditugu, patronalari boterea lehiatu eta lantokietan, kalean zein instituzioetan aldaketak eragin behar ditugu. Aldaketa horiek eragiteko, burujabetza maila handiagoak eskuratzea ezinbestekoa izanik, langileon lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko ahalmena izan behar dugu eremu anitzetan (lan harremanetan, babes sozialean edota eremu sozioekonomikoari dagokionean). Bide horretan, euskal esparrua eraikitzeko, marko juridiko politiko berrien alde egiten jarraituko dugu.
Oinarriak ahaztu gabe, gutxienez beste 50 urtez, jarrai dezagun adarrak zabaltzen