Pentsio-sistema Ipar Euskal Herrian:
Ezaugarriak eta erronkak

Eguzki Urteaga

Soziologiako irakaslea. Euskal Herriko Unibertsitatea

Frantses estatuak pentsio-sistemaren erreforma berri bat iragarri duen une honetan, komenigarria da aztertzea zein diren Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen pentsio-sistemaren ezaugarriak eta zein erronkari aurre egin behar dien epe motz zein luzeetan, kontuan izanda, biztanleria zahartzeaz gain, lan-merkatua prekarizatzen ari dela eta ibilbide profesionalak ez direla iraganean bezain iraunkor eta linealak.


Gogora dezagun Hexagonoko pentsio-sistema 1945ean sortzen dela Gizarte Segurantzarekin batera, adostasun politiko, sindikal eta sozial testuinguru batean. Funtsean, sistema kontributiboa da, esan nahi baita langile bakoitzak bere lan-ibilbidean zehar ordaindutako kotizazio sozialen araberakoa dela, eta bi printzipioren gainean oinarrituta dago, alegia, belaunaldien arteko elkartasuna eta lanbideen artekoa. Hori dela eta, erregimen orokorraren alboan, erregimen bereziak daude, 42 guztira. Horrekin batera, pentsio-sistemak hiru osagai ditu: oinarrizko pentsioa, pentsio osagarria eta pentsio gehigarria, jakinda, lehen biak derrigorrezkoak diren bitartean, hirugarrena hautazkoa dela. Eta, pentsio-sistema eragile sozialek kudeatzen dute, nahiz eta, 1996ko legeaz geroztik, frantses legebiltzarrak bere zeresana daukan Gizarte Segurantzaren finantziazioan.


Era berean, pentsioa eskuratzeko adin legala 62 urtekoa bada eta 43 urtez kotizatu behar bada pentsio osoa eskuratzeko, urte nahikoz kotizatu ez duten pertsonek 67 urte itxaron behar dituzte pentsio osoa kobratzeko. Funtsean, pentsioen kalkulua hiru faktoreren arabera egiten da, hau da, dagokion pentsio-kutxa, kotizazio iraupena eta ibilbide profesionalean zehar jasotako soldata. Halaber, oinarrizko pentsioak soldata medioaren %50a osatzen du, azken 25 urteak kontuan hartuz, eta sektore pribatuan lan egiten duten langileek Agirc-Arcco izena daukan pentsio osagarriaren kutxan kotizatzen dute. Eta, pentsio gehigarria kapitalizazioaren bidez osatzen da, nahiz eta, guztira, ez duen %5a gainditzen. Azkenik, kotizazio-tasa %6,90 + %0,40koa da langileentzat eta %8,55 + %1,90ekoa enplegatzaileentzat.

Orokorki, erreforma horiek bi norabide hartu dituzte: baldintzak gogortzea eta elkartasun mekanismoak sortzea


Baina, egoera horretara iristeko, hainbat erreforma burutu behar izan dira 1970. hamarkadaz geroztik, eraldaketa sozioekonomiko eta demografikoak argudio gisa erabiliz. Horrela, 1971ko abenduaren 31ko legeak suposatzen du pentsioa osoa eskuratzeko 37,5 urtez kotizatu behar dela. 1982ko legeak pentsioaren adin legala 60 urtera jaisten badu ere, 1993ko uztailaren 22ko legeak erregimen orokorreko baldintzak gogortzen ditu pentsio osoa kobratzeko kotizatu beharreko urte kopurua 40ra pasaz eta pentsioa kalkulatzeko 25 urte hoberenetara igaroz. Halaber, 2003ko abuztuaren 21eko legeak pentsio-sistema eraldatzen du, pentsioa osoa eskuratzeko kotizatu beharreko urte kopurua 42ra igaroz. Eta, 2012ko ekainaren 6ko dekretuak, 60 urtetan erretiratzeko aukera eskaintzen badie goiz lanean hasi direnenei, 2014ko urtarrilaren 20ko erreformak, pentsio osoa eskuratzeko kotizatu beharreko urte kopurua 43 urtera igotzen du.

Horrekin batera, lanbide batzuen gogortasuna kontuan hartzeko asmoz, 10 irizpide finkatzen ditu, baldintza horietan lan egiten duten langileei, gehienik, bi urte lehenago jubilatzeko aukera eskainiz. Beraz, salbuespenak izan badira ere, orokorki, erreforma horiek bi norabide hartu dituzte: baldintzak gogortzea eta elkartasun mekanismoak sortzea, batik bat ibilbide profesional luzea eta lan nekezak dauzkatenentzako.


Era berean, komeni da gogoratzea, 2019an proposatu zen pentsio-sistemaren erreformak eraldaketa sakona proposatzen zuela. Izan ere, puntuzko pentsio sistema unibertsala sortu nahi zuen ibilbide profesional osoa kontuan hartuz eta erregimen bereziak bertan behera utziz. Horrekin batera, 64 urtetan kokatuko litzatekeen adin-pibote bat jartzen zuen, esan nahi baita lehenago ala beranduago jubilatuko litzatekeen langileak kalte ala onura ekonomikoak jasoko lituzkeela. Nahiz eta Asanblada Nazionalak erreforma lehen irakurketan onartu, bertan behera gelditu zen pandemiaren ondorioz.


Aitzitik, Macron-ek berriz heldu dio gaiari, 2022ko presidentetzarako hauteskunde-kanpainan zehar iragarriz, berriz ere aukeratua izanez gero, erretretaren adin legala 65 urtera pasako zuela eta erregimen bereziak ez zirela indarrean izango kotizatzaile berrientzako. Nahiz eta ez daukan gehiengorik Asanblada Nazionalean eta Senatuan, bere egitasmoa aurrera eramateko asmoa berretsi du, behar izanez gero, Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliz. Hala ere, kontrapartida gisa, atea ireki die pentsio osoa eskuratzeko kotizazio urteak dituztenentzat, gutxieneko pentsioa 1200 eurora igotzeko, eta lan nekezak dituztenen egoera kontuan hartzeko. Edozein kasutan, erreforma horrek bereziki kaltetuko ditu ibilbide luzeak dauzkaten eta goiz lanean hasi diren langileak. Era berean, ez du kontuan hartzen, gaur egun, 60 urteko pertsona gehienak ez daudela lanean, batik bat, enpresek kanporatzen dituztelako edota ez dituztelako kontratatzen. Sindikatuek, aho batez arbuiatu dute egitasmo hori eta herritarren gehiengo zabal batek begi txarrez ikusten du.

Pentsioen Orientazio Kontseiluaren aurreikuspenek diote, erreforma hori egin gabe ere, pentsio-sistemaren jasangarritasun ekonomikoa bermatua dagoela


Are gehiago, Pentsioen Orientazio Kontseiluaren aurreikuspenek diote, erreforma hori egin gabe ere, pentsio-sistemaren jasangarritasun ekonomikoa bermatua dagoela. Izan ere, 2022an, pentsio-sistemak soberakinak izango ditu, 2021ean gertatu den bezala, soberakina 900 milioi eurokoa izan baita. Eta, 2070 bitartean, defizit txiki bat izango luke, PIBaren %0,5 eta %0,8 bitartekoa, gehienik ere. Agertoki ezberdinen arabera, PIBarekiko pentsio-sistemaren pisua mantendu ala jaitsiko litzateke epe horretan. Hori gertatuko da, batez ere, pentsioen maila jaitsiko baita gaur egungo %101,5etik, %87,2 eta %75,5 bitartekora igaroko baita 2070ean. Izan ere, pentsioetan inbertituko den dirua mantenduko da biztanleria zehartuko den une berean. Zentzu horretan, Macron-ek iragarritako erreformak erretretadunen egoera are gehiago okertuko luke.


Egoera horren aurrean, zein dira alternatibak Ipar Euskal Herriko herritarrek pentsio duinak eskuratu ditzaten. Argi dagoena da pentsio-sistemaren finantziazioa ezin dela soilik kotizazio sozialetan oinarritu, zerga bidez ere egin behar baita. Diru-iturri gehigarri horiek etorriko lirateke fiskalitatearen progresibitatea areagotuz eta, zehazkiago, aberastasun handien gaineko zerga berrezarriz, kapitalak ordaindu beharreko fiskalitatea areagotuz eta irabazi handiak egiten dituzten multinazionalak gehiago zergapetuz. Halaber, nazioarte ala, gutxienez, Europa mailan, Tobin Tasa eta Google Tasa indarrean jarri edota indartu daitezke. Azkenik, Europako PIBaren %12a bereganatzen duten paradisu fiskalen aurkako borrokak eskatuko luke, besteak beste, datu bankarioen transferentzia automatikoa, sekretu bankarioaren desagerpena eta mundu mailako katastro bateratua.


Iparraldeko erakundeek orokorki eta Euskal Elkargoak bereziki ez badaukate eskumenik pentsio-sistemaren diseinu zein kudeaketan, zeharka bada ere, pentsio-sistema duin batean eragin dezakete dauzkaten eskumenak kontuan hartuz, hala nola, garapen ekonomikoa, gizarte kohesioa ala genero berdintasuna. Esaterako, lortuko balitz zaurigarrienak diren kolektiboen enplegu-tasa igotzea, hau da gazteena, emakumeena eta adineko pertsonena, kotizazio gehiago ordainduko lituzkete eta, pentsio sistemaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzeaz gain, pentsioen mailari eutsiko litzaioke eta pentsio apalenak igotzeko aukera legoke. Era berean, ezerk ez die debekatzen lurraldeko erakundeei pentsio osagarriak proposatzea zaurigarrienak diren erretretadunak laguntzeko.

 

Pentsio-sistema Ipar Euskal Herrian: </br>Ezaugarriak eta erronkak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri