Soldatak prezioen pare igotzeko garaia da

Oihana Lopetegi

LAB sindikatuko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko arduraduna

 

Azken urteak gogorrak ari dira izaten langile klasearentzat. Pobrezia eta prekarietatea erruz zabaldu dira jendartean, modu sakonago batean langile sektore jakinetan. Eskubideei dagokionez ez da gauza bera gizona izan edo ez, bertan jaioa edo migratua, zuria edo arrazializatua, gaztea izatea edo ez. Azaroan publikaturiko “Langileen lan eta bizi-baldintzak Euskal Herrian” Ikusmiran txosteneko datuek argi erakutsi zizkiguten errealitate horiek.

 

Bada gure datuak sinisten ez dituenik, errealitate erosoago baten burbuilan bizi denik. Burbuila pittin bat urratzea besterik ez da behar izaten prekarietate forma berriez, sakonagoez ohartzeko, datuek erakusten digutena baino askoz ere errealitate gordinagoak existitzen direla konturatzeko. Eta hori ezinbesteko baldintza izango da agertoki berri baten aldeko borrokak aktibatzeko. Izan ere, errealitateaz ohartzeak tresnak emango dizkigu aldi berean, klase elkartasunerako batetik, borroken aktibaziorako bestetik.

 

Errealitateaz ohartzeak tresnak emango dizkigu aldi berean, klase elkartasunerako batetik, borroken aktibaziorako bestetik

Arrakalaturiko errealitate honekin iritsi zen pandemia, eta ustez berari aurre egiteko neurriak. Krisi guztiak agerian geratzearekin batera hasi ginen naturaz ohartzen, zaintza krisiaz hitz egiten, elkartasun sareak antolatzen. Pandemia jendarte hobe baten eraikuntzarekin gaindituko genuela uste izan genuen momentu batean. Errealitate gordina ordea oso bestelakoa izan da: arrakalak areagotu dira, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago, langileok geure poltsikoan nabaritzen hasi garen krisi sistemiko desberdinak lehertu zaizkigun arte.

 

Oinarrizko produktuak erosten ditugunean, argindarraren edo gasaren faktura iritsitakoan edota kotxeari erregaia botatzen diogun bakoitzean beldurtzen hasiak gara. Izan ere, azken urteetan, batik bat azken hilabeteetan, bizitzaren garestitzea izugarria ari da izaten eta gure soldatek bere horretan diraute. Ikusmiran 10. aleak datu argiak eskaini dizkigu, azken 11 urteen ostean erosahalmena mantendu izan bagenu baino 6165 euro gutxiago ditugu poltsikoan, eta zaku hori handitzen ari da egunez egun. Datu orokor horiez gain, esanguratsua da diru-sarrera baxuenak dituzten herritarrak direla galera handiena izan dutenak, soldata altuenak dituztenen ordainsariak KPIa baino gehiago igo diren bitartean. Langileriaren arteko arrakalak ere handiagotzen ari dira. Hori ez da langileok bizi dugun arrakala bakarra ordea. Azken urte luzeetan kapitalaren eta langileon soldaten arteko aldea izugarri ari da handitzen.

 

Azken 11 urteen ostean erosahalmena mantendu izan bagenu baino 6165 euro gutxiago ditugu poltsikoan, eta zaku hori handitzen ari da egunez egun

Ez da langileok bilatu dugun agertokia, ez gara gu egoeraren erantzule. Ukrainako gerraren ondorio gisa azaldu badigute ere bizi dugun erosahalmenaren galera, lehenagotik hasia zen prezioen garestitzea kezkagarria izaten. Espekulazioa, material fosilen eta energia iturrien agortzea, gerra bera eta gastu militarren areagotzea... hamaika arrazoien atzean edozeren aurretik sistema kapitalista heteropatriarkalaren defentsa eta berau mantentzeko erabaki politikoak ditugu.

 

Ez gara egoeraren erantzule, baina langileok badugu zer egin ondorioak saihesteko. Soldaten igoerak apaltzeko mezuak jaso ditugu patronalaren eta instituzioak kudeatzen dituzten politikari arduragabe batzuen ahotik. Krisitik inor atzean utzi gabe atera behar omen gara. Eslogan merke horien atzean patronalaren boterea mantentzeko nahia besterik ez dago, ondorio gisa langileok desjabetu eta pobretzeko estrategia bihurtuko den horri atea irekitzeko nahia.

 

Krisitik inor atzean utzi gabe atera behar omen gara. Eslogan merke horien atzean patronalaren boterea mantentzeko nahia besterik ez dago

2022an hitzarmena berritu gabe dute langile gehien-gehienek, izan ere, sektore askotan urteak daramatzate negoziazio kolektiboa blokeatuta dutela, gehienak sektore feminizatuak. Are gehiago, Hego Euskal Herriko langileen %8,7k ez ditu inoiz bere lan baldintzak negoziazio kolektibo bidez arautu, 4tik 3 emakumeak dira. Enplegu arautuan errealitate hori badugu, zer esan ekonomia ezkutuan ari diren langile horiei guztiei buruz. Eskubiderik gabe, ikusezin eta antolatzeko ezintasunarekin.

 

LABek egoera horrekin amaitzeko konpromisoa hartua du. Langile guztiontzat baliagarria den sindikalismoa garatzea da gure helburua, eta horretan ari gara, langileria guztiaren aniztasuna kontuan hartu eta egoera bakoitzaren araberako antolakuntza eta borroka eskaintzak eginaz. Bide horretan, urrats bat bera ez dugu atzera egingo. Langileontzat bizitza bizigarriak nahi ditugulako, egoera ezegonkor eta aldakor honetan soldatak prezioen pare igotzeko garaia da. Langile guztiok bat eginda posible izango delako eta posible izaten ari delako, borrokak merezi du!

 

 

Soldatak prezioen pare igotzeko garaia da
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri