Zedarriak

Zorion Ortigosa

LAB sindikatuko industria federazioko kidea

 

Aitortu behar dut enpresa munduko ekimen batek euskarazko izena zuela jakiteak harridura sortu zidala, Fermin Muguruzak diskak izendatzeko duen trebetasun berarekin izendatzen baititu ingelesez Arantza Tapiak zuzendutako sailak egitasmo berritzaileenak. Basque Milestones Innovation Center edo horrelakoren bat espero nuen gutxienez! XX. mende erdialdean baserritar askok herritarren isekak eragozteko gazteleraz egiten saiatzen omen ziren herrira jaitsitakoan, eta orain, nahiko antzera, bertako instituzioek gauza garrantzitsuak erdaraz esan behar direla erakusten digute, kasu honetan ingelesez.

Beharbada izena euskaraz jarri izana da Zedarriak enpresa munduko pertsonAz osatutako presio-taldea edo lobbiea Eusko Jaurlaritzaren hegalpetik kanpo sortu izanaren zantzu argiena. Mezua berria ez izan arren (besteak beste LABek sarritan salatu izan dituelako antzekoak) larritzeko modukoa bada : Euskal Oasian industriaren egoera eta geroaz kezka azaldu dute, nabarmenak diren joerak salatu eta publikoak diren datuak azalaraziz. Haserretzeko asko ez du falta izaten eta horrelaxe erantzun du Urkullu lehendakariak: diagnostikoa ukatu ez arren, formengatik azaldu zaigu kexu: “beste era batera egin behar omen da kritika”. Inplizituki zera adierazi nahi zuen lehendakariak: adostuko ditugu laguntza berriak, baina ez publiko egin horrela, oposizioak nire kontra erabili dezakeelako, eta egunen batean horiek agintera helduta, badakizue gauzak okerrago jarriko zaizkizuela. “Gauza inportanteak, gure gauzak, ez ditzagun publikoki eztabaidatu”, alegia.

Akordioak ezkutuan egiten dira, fokoetatik urrun, eta langile interesetik are urrunago

Izan ere, akordioak ezkutuan egiten dira, fokoetatik urrun, eta langile interesetik are urrunago. Hor erabakitzen da benetako politika industriala. Mercedesen enpresarekin adostutako laguntzen kasuan egin bezala, enplegua banatu beharrean diskriminazioa eta erabateko malgutasuna bultzatuz. Edo Euskaltel eta Gamesaren salmentarekin, desabantaila teknologikoa eta krisi energetikoaren aurrean Euskal Herriarentzat ezinbestekoak ziren bi tresnari uko eginez. Gutxi batzuen interesak gailentzen zaizkie gehiengoaren ongizateari, zuzenean eragindako milaka langile tartean.

Zedarriak izen aproposa da benetan, mugarria edo muga esan nahi baitu, eta halaxe azaldu dute euren azterketan: euskal industriaren egungo mugak nabarmendu dituzte. Baina askotarikoak dira mugak, esate baterako, kritikak egiteko norberak bere buruari ezartzen dizkionak. Eusko Jaurlaritza haserretu eta egun gutxira lobbie hortako kide batzuk, euren ahots propioagatik miretsiak direnak tartean, Zedarriak utzi dute. Hotz egiten du Sabinetxeatik kanpo.

Politika publikoen xede herritarren ongizateak izan behar du. Gizarte gabeko kontratu soziala ezinezko oximorona da

Kontratu sozial berri bat egitea da Zedarriakek (edo Zedarriaken geratzen direnek) egiten duten proposamena. Bitxia, kontzeptu hori erabiltzea, enpresarien eta gobernuaren arteko akordioa aldarrikatzeko. Zerikusirik ez, Rousseauk behinola proposatutako herritarren eskubide eta betebehar multzoarekin. “Hiritar bat beste bati erosi ahal izateko bezain aberatsa inor ez izatea, ezta inor bere burua saltzera behartua izateko bezain pobrea ere ez.” aipatu zuen frantziarrak eta nire iritziz hortxe dago gakoa: politika publikoen xede herritarren ongizateak izan behar du. Gizarte gabeko kontratu soziala ezinezko oximorona da.

Industria politikan aditu diren gehienek “industrientzat ona dena, gizartearentzat ona da” dogma ontzat ematen dute. Enpresek diru laguntzak jasota, eta ordaindu beharreko zergak oraindik gehiago murriztuta, enpresa horien bideragarritasuna edo hazkundea erraztuko litzatekeelako, eta horrek era berean onurak ekarriko lizkiokeelako lurraldeari.

Azken urteetako bilakaerak, ordea, hori zalantzan jartzen du geroz eta gehiago, bereziki gurean bezala deslokalizazioa eta azpikontratazioa legez eta gogoz sustatzen diren lurraldeetan. Ingurumenari egindako kalteaz gain, geroz eta gehiago dira gizartearentzat onura txikia ekartzen duten industria proiektuak. Esate baterako, azpikontratazioan eta lan baldintza prekariotan oinarritutako lan harremanak dituztenak, langilerik ez dutenak, edo lan osasuneko gutxieneko eskubideak bermatzen ez dituztenak. Industria politikaren gutxieneko baldintza eta helburu gizartearen onurak behar du, gogoratu ez ezik, neurtu egin beharko litzateke.

Industria politikaren gutxieneko baldintza eta helburu gizartearen onurak behar du, gogoratu ez ezik, neurtu egin beharko litzateke

Gurean oihartzun handirik izan ez duen arren, ekainaren 21an Madrilen mobilizazioa burutu zuten CCOO eta UGT sindikatuek, Espainiar Estatuan Pacto de Industria delakoaren negoziazioan presioa egiteko asmoz. Sindikatu horiengandik ez dut ezer espero orain egun batzuk Berriozarreko Dynamobelen lantokia ixtea bozkatu berri duten berberak baitira. Espainian aplikatutako industria politika lan kostuen murrizketan lehiatzea izan da, eta ez dut espero aldaketa handirik egingo dutenik. Gehienez, lan erreformarekin egin bezala, kapota ireki gabe pintura kapa bat arrankatzen ez duen autoari. Zuzendariak gidoiak banatu ondorengo antzezpen itxura hartu badiot ere mobilizazioari, eman dit zer pentsatua.

Irakurri dut bertan erakutsitako pankarta bat. El pais no puede esperar. Eta bai, pentsatu dut, hori Euskal Herrira ekarri beharko genuke. Pais bagara, estatu ez, ordea. Noiz izango dugu Euskal Herriko industriak behar duen eraldaketa eztabaidatzeko unea? Eta batez ere, noren artean eztabaidatuko da etorkizuneko industriaren eredua?

langileen borroka da industriaren eta enpleguaren defentsarako tresna eraginkorrena

Une hori iritsi artean, langileen borroka da industriaren eta enpleguaren defentsarako tresna eraginkorrena, eta ez da gutxi. Enplegu suntsiketaren eta enpresen salmenten kasuan, horixe izan da lanpostuak Euskal Herrian errotzea lortzen ari dena. ITP eta Tubacexen egindako borrokak dira adibide garbienak. Langileek borrokarik egin ez balute, Eusko Jaurlaritzaren eta lan erreformaren alfonbra gorria baliatuta langileak kalean leudeke. Tubacexen, adibidez, Abu Dabin eraiki nahi duen lantokian ekoiztuko zuketen beharbada orain Araban ekoizten dutenaren zati bat. Enpresaz enpresako antolakuntza izango da desindustrializazio prozesuaren oztopo nagusia.


Ez dut kooperatibismoa aipatu, nahiz eta niretzat etorkizuneko industria politikan zutabe beharko lukeen. Gogorik ere ez. Ez litzateke bidezkoa, Irizar Groupek Berangoko Alconzatik bidegabeki kaleratu nahi dituen 25 langileentzat. Eutsi gogor!

Zedarriak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri