Zerga politikak herritarron eskubideak bermatu ditzan, erreforma premiazkoa da
Gorka Vidal
Ekonomialaria
Europa mailan arau fiskalen erreforma adostu berri denean, ezinbestekoa zaigu Hego Euskal Herriko sistema fiskalaren eraldaketa eztabaidaren erdigunean kokatzea. Zerga politikaren helburua aberastasunaren birbanaketa justua izan behar da, eta momentu honetan, ez da diru nahikoa biltzen eta zerga sistema ez dago behar bezala egituratua helburua betetzeko. Eskumenak transferitu zirenetik errenta handiei eta kapitalaren errentak babestu dira, eta langileok dira, lan errenten zein kontsumoaren bitartez, ekarpen gehien egiten dutenak.
Euskal Herrian lan eta bizi nahi duen pertsona orok, errenta eta aberastasunaren araberako ekarpena egin beharko luke, errentaren araberako herritarron arteko ezberdintasunak txikitzeko. Herri gisa antolatu nahi dugu, besteak beste herritar orok eskubide guztiak bermatuak izan ditzan, askatasunean bizitzeko eta babes faltarik inork izan ez dezan.
Euskal Herria lurralde aberatsa da eta nik bi arrazoi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, egun dugun ehun sozio-produktiboa langileon lana eta borrokari esker eraikia izan da: garraio publikoa, errepideak, hezkuntza, osasungintza... eta agerikoa da osagai hauetan oinarrituta garatu direla gure sektoreak (industria, zerbitzuak...). Bertako aberatsek ehun horretaz baliatu da aberastasun handia lortzeko, eta kapitalak zerga gutxiago ordaintzeko beste herrialde batera joatea erabakitzean, arpilatutakoa esplotazioa bidez lortzeaz gain eta kontrakoa saldu nahi diguten arren, jarrera insolidario eta berekoitik egiten dute. Bestetik azpimarra da, zerga sistema ez dela justua izan, diru pilaketa egiteko aukera eman den bitartean, sistema publikoak herritarron eskubide eta behar materialak bermatzerik ez duelako izan (etxebizitza, hezkuntza, pobrezia ataleko baino pentsio baxuagoak...).
Euskal herritar guztien eskubideak bermatzeko, eta errenta zein aberastasunaren araberako baldintzak ez egoteko, gehien duenak gehiago ordaindu beharko luke
Euskal herritar guztien eskubideak bermatzeko, eta errenta zein aberastasunaren araberako baldintzak ez egoteko, gehien duenak gehiago ordaindu beharko luke, eta bizitza duina bermatzeko nahiko diru-sarrera ez duenak sistema publikoaren bitartez eskubideak zerbitzu bidez bermatzeko eskubidea beharko luke.
Europar Batasunaren presio fiskalarekiko aldea handia da gurean, beraz posible da kapitalari eta aberastasun handiei zergak igotzea ondorio beldurgarritan pentsatu gabe, eta Euskal Herriak bere funts publikoa garatu eta sortuko duen arren, momentu honetan euskal herritarrok gabeziak ikusten ditugu gure zerbitzu publikoetan. Azken urteetan aldea murriztu den arren, zertxobait handitu den presio fiskal hori ez da kapital errentei edota aberastasun handiei gerria estutu zaielako izan, baizik eta langileon ekarpenei esker izan da. Egungo politika fiskalak kapital zein aberastasun handiei babesa eman dien bitartean, langile klaseari bizkar ematen dio.
Urte hauetan guztietan presio fiskalean egoniko alde nabarmena, ezinbestekoak zaizkigun zerbitzu publikoak garatzeko aukera galdua izan da. Gaur egungo osasun eta hezkuntza zerbitzuen gastua mugatua da, eta ez da posible eraldatzea diru-sarrera nahikorik bildu ez delako zerbitzu hauetan inbertsioak handitzea ahalbideratuz.
- Osasungintzan bataz besteko gastua 2016-2020 urte bitartean BPGrekiko EAEn %5,02 eta NFEn %5,15 koa izan zen. Epe berean, EBean eta Alemanian nabarmen handiagoa, %8,07 eta %9,87koa, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzak 2024 urterako BPG-arekiko %5,13ko gastua aurreikusi du aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuan.
- Hezkuntzan bataz besteko gastua 2016-2020 urte bitartean BPGrekiko EAEn %3,73 eta NFEn %3,17 izan zen. Epe berean, EBean %4,77 eta Alemanian %4,73koa.
Oso ohikoa da Euskal Herria Estatu Espainolarekin alderatzea. Datuak nabarmen hobeak izaten dira eta balorazio positiboak egiteko joera dago, Euskal Herrian aberastasun handiagoa sortzen delako. Argi utzi behar da, aberastasun hori langileon borrokari esker izan dela, kapitalari bere etekinak banatzera behartuz eta haien poltsikotan bukatzen den kopurua murriztuz. Gure herriaren egoeraren argazki errealagoa egiteko, ordea, urteetan zehar izaniko garapena aztertu beharko genuke eta antzerako ezaugarri sozioekonomikoak dituzten lurraldeekin erkatu. Independentzia eskaera egiten denean, edo Gizarte Segurantzaren eskumena eskatzen denean, arrazoia da Euskal Herrian badelako gehiengo bat besteekiko solidarioa dena eta jakitun dena herri moduan ditugun erronkei aurre egiteko, modurik eraginkorrena elkarrekin egitea dela.
Zerga erreforma premiazkoa da. Gastua handitu behar da babesa ziurtatzeko
Hego Euskal Herrian ez da erabaki amnistia fiskalik, nahiz eta bertan bizi diren iruzurgileak lege horretaz baliatu diren. Hego Euskal Herrian, ordea, beste trimikailu batzuk baliatu ditu kapitalak: urte askotan PFEZren tramuak deflaktatzea errenta handien mesederako, Sozietateen gaineko zergaren karga-tasa modu ezberdinean murriztea, errenta handiek BGAEak baliatzea aurrezteko produktu fiskala bailiran... Trikimailu hauek, ez dira Hego Euskal Herritik kanpo hartutako erabaki politikoengatik izan, PNVek PSOErekin batera hartutako erabakiak izan dira ahalbidetu dutenak, bere nahi politikoa delako, eta langileoi babestu beharrean kapitalari eta aberastasun handiei babestea nahiago dute. Argi utzi dute hartutako azken erabakiekin, Aberastasun Handien gaineko zergarekin nolako jarrera izan duten eta bankari eta hidrokarburo etekinen gaineko zerga bereziarekin zer egin nahi duten.
Gizarte aurrerakoi eta justuan sinisten badugu, dugun aberastasunaren araberako zergak ordaintzea erantzukizunez egin beharrekoa dela uste dugu.
Azken aldian, jendartean gero eta zabalduago dago eskubideak bermatuko dituzten zerbitzu publiko hobeen beharra, hala nola: kalitatezko osasun zerbitzu publikoa, zaintza sistema publikoa, eskola publiko komunitarioa, 1.080€ko gutxieneko pentsioa, energia eta industria birmoldatu, etxebizitzarako eskubidea...
Zerga erreforma premiazkoa da. Gastua handitu behar da babesa ziurtatzeko. Ez du balio Europako arau fiskal berrien aitzakiarekin berriro ere langile klaseari gerria estutzea. Langile borrokaren bitartez kapital eta aberastasun errentei ekarpenak handitzera behartuko ditugu.