Zirkulutik atera eta antolatu gaitezen

Garbiñe Aranburu

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra

Abiadan bizi gara. Kapitalismoak, ahalik eta etekin gehien metatzeko helburuarekin, etengabe berrasmatzeko gaitasuna du, eta gure bizitzako esparru guztiak bereganatu ditu.

Bizi erritmo zoroa inposatzen digu, gure denbora ustiatzeko eremu bat gehiago baita. Denbora librean ere produktiboak izatera bultzatzen gaituzte, zoriontasuna kontsumitzeko gaitasunarekin lotuz. Atseden hartzea, ezer egin gabe egotea —produktiboa ez izatea omen— ez da aukera bat.

Geratu gabe gabiltza bizitzeko beharrezkoak ditugun ondasunak eskuratzeko, eta sortu dizkiguten beharrei aurre egiteko, eta, hala ere, geroz eta eros ahalmen txikiagoa dugu. Honela, zurrunbilo arriskutsu batean murgildu gaituzte, hamster baten antzera zirkuluan bueltaka gabiltza gauzak egin nahi eta ezin iritsi batean. Horrek neke fisiko eta mentala areagotzen du. Nabaritzen eta nozitzen dugu; zergatiez hitz egiteaz ere nekatu gara, ordea. Guztia da politikoa eta politikaz hitz egitea neketsua omen. Horrela desboteretzen du sistemak jendea.

Mundua hankaz gora dagoela jabetuta ere, ez dugu denborarik guztia behar bezala prozesatzeko, ondorioak ateratzeko. Horixe egin nahi dugu Ikusmiran honekin, langile klasearen argazki ahalik eta osatuena erakutsi. Hainbat ertzetatik atera dugu argazkia; jarraian hiru azpimarra egin nahi ditut: lehena, langileen lan- eta bizi-baldintzen prekarizazioa egiturazkoa da; bigarrena, genero arrakalak sistema mantentzen du, eta, gainera, arraza zein adin arrakala ere nabarmentzen ari dira; hirugarrena, politika publikoek ez diotela erantzun egokirik ematen errealitateari, kontrakoa, desberdintasun sozialak areagotzen dituzte.

Azterketa mardula da, entresaka egin eta asko dira nabarmentzeko moduko datuak. Edonola ere, egiturazko joera irauli nahi bada, arreta ekonomia ereduan jarri behar dugu. Langabeziaren bilakaerak erakusten duenez, industrian langabeziak gora egin du iaztik hona, eta kolokan daude hainbat lanpostu. Ekonomiaren tertziarizazioa gertatzen ari da. Zerbitzuen pisua etengabe handitzen da, eta industriarena jaitsi. Orokorrean, zerbitzuetako lan-baldintzak prekarioagoak eta ezegonkorragoak dira; soldatak baxuagoak, eta kontratu gehienak behin-behinekoak. Nagusiki emakumeek* egiten dute lan eremu horretan.

Joera horren ondorioak ezin ditugu neurtu soilik lanaren banaketa sexualaren eta sektore feminizatuetako lan-baldintza prekarioen ikuspegitik. Trantsizio ekosoziala bultzatuko duen industria politikarik ez dago, ezta industriaren egoera zailari aurre egiteko planifikaziorik ere, eta armagintzara bideratutako industriaren aukerak gero eta indar handiagoa du. Onartezina da genozidioarekin eta gerrekin negozioa egitea, eta enpleguaren ikuspegitik ere ez da konponbidea. Inbertsio handiak egitea eskatzen du, eta lanpostu gutxi sortu edo mantenduko lituzke.

Jaurlaritzaren eta Nafar Gobernuaren lehentasunak lekualdatzen ari dira. Kolaborazio publiko – pribatua deitzen diotena industriara ere hedatzen ari da. Hau da, diru publikoa enpresa pribatuetara bideratzen da inolako aurre baldintzarik gabe (enplegua mantendu edo sortzeko, berrikuntza teknologikoan inbertitzeko, enpresa proiektua errotzeko....), eta kontrolik gabe.

Kapitalaren, enpresa pribatu handien interesak zaintzera bideraturiko politikak indartzen ari dira, aberastasunaren banaketa bidezkoagoari bizkar ematen zaion bitartean. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeari uko egiten diote patronalaren betoa onartuz, eta baztertu egiten dute zerga-sistema progresiboa ezarriko duen erreforma baten aukera. Ondorioz, zerbitzu publikoak indartzeko diru gutxiago dago. Osasun sistema publikoa gainbeheran da, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko beharrari ez zaio heltzen, eta etxebizitza lehen mailako arazo bilakatu da. Politika horiek ez dira neutroak, ez digu denoi berdin eragiten. Emakumeek*, migratutako pertsonek, adinekoek edo pobretutako kolektiboek dependentzia handiagoa dute zerbitzu publikoekiko, beraz, gogorrago pairatzen dituzte pribatizazio-politikak. Horrekin batera, zaintza sistemaren pribatizazioak emakumeen* gain uzten ditu bizitza sostengatzeko lanak.

Kapitalak langileak eta planeta ustiatzen ditu; gerra inperialistak bultzatzen ditu. Elkarrizketa gune antzuetan harrapatuta nahi gaituzte, bai patronalak, bai gobernuek. Bigarren Mundu Gerraren ondotik langile klasearen indarraren aurrean, elkarrizketa sozialaren bidez mendebaldeko estatuetan ezarritako oreka instituzionala (ongizate estatu gisa ezagutua) suntsitzen ari da kapitala. Sorreratik izan ginen kritiko eredu horrekin, baina Europako sindikatu askok sinetsi egin zuten elkarrizketaren eta kontzertazio sozialaren bidez posible zela kapitalismo sozialago bat garatzea.

Ameskeria hori amaitu da. Langileon indarra antolatzea da gure eginbeharra, kontrabotere sindikalismo eraldatzailea, feminista eta antiarrazista garatzen jarraitzea. Langileak eraldaketa sozialaren eta aldaketa politikoen alde antolatzen jarraitzea. Zirkulutik atera eta antolatu gaitezen.

Zirkulutik atera eta antolatu gaitezen
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago