Ikusmiran 16: Euskal herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak 2024ko otsailean
Lan eta bizitzen prekarizazio orokortuak, jandartearen dualizazioan sakontzen du
Jendartearen dualizazio egoeraren sakontze baten aurrean gaude non prekarietate egoera nagusia eta egiturazkoa den. Bizi zein lan baldintza duinak edo oso onak dituztenen eta prekarietatean bizi direnen arteko arrakala gero eta handiagoa da.
Hauexek ondorio nagusiak:
Lehenik eta behin, azterketaren ondorio nagusi gisa, lan bizi baldintzen prekarizazio orokortuak, jendartearen dualizazioan sakontzen duela azpimarratuko dugu. Lan baldintza duinak edo oso onak dituztenen eta kaxkarrak dituztenen arteko aldea gero eta handiagoa da. Afiliazioaren %73,3a prekarietatea nagusi den zerbitzuak sektorekoa den bitartean, 2008.urteko krisialdiaren ondorioz eraikuntza zein industria sektorean suntsitu ziren enplegu kopurua berreskuratu gabe jarraitzen dugu.
Bigarrenik, nabarmenduko genuke, langabeziak aspaldi utzi ziola lan merkatu zein enpleguaren joera adierazle izateari. Langabeziak behera egin arren, 2 herritarretik 1 prekarietate ekonomiko egoeran dago, bizitza duinerako diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua izan arren.
Hirugarrenik, eta azken hilabeteetan behin eta berriro salatzen ari garen moduan, enpleguaren kalitatea lehen mailako kezka iturria bilakatu da. Sortzen den enplegua, lan baldintza prekarioak nagusi diren zerbitzuak sektorean sortzen ari da; langabeziaren beherakadarik nabarmenena egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan jazo den bitartean.
Laugarrenik, emakumea lanaldi bikoitz prekariora behartzen du sistemak. Izan ere, etxeko lanetara emanda dauden gero eta emakume gehiago lan merkatu prekarioranzko igarobidea egin dutela ikusten ari gara (21.700 emakume, hain zuzen ere), bizi unitateen egoera ekonomiko kaxkarrak behartuta, zaintza lanen ardura nagusia mantenduz.
Amaitzeko, aberastasunaren banaketaren bidez aukera berdintasuna ez da bermatzen eta herritarren arteko ezberdinkeriak handituz doaz. Bizitzaren garestitzearen aurrean, langile zein pentsionistak erosahalmenean galera izan dugu. Etxeko kontsumoa beherantz doa, oinarrizko produktuetan gehiago gastatzen den bitartean. Etxebizitza gastuen igoerak herritarren ongizatea itotzen ari da, bereziki egoera zaurgarrian dauden herritarren artean. Hego Euskal Herrian 439.580 herritar daude pobrezia eta bazterketa sozial arriskuan, emakumeen arrisku tasa handiagoa eta etengabe handitzen ari delarik.