Ikusmiran 20: Lan eta bizi baldintzak 2025eko apirilean

Ate aurrean dugun krisira zein baldintzatan iristen garen erakusten digun azterlana

Langileon lan eta bizi baldintzak aztertzen dituen 20. IKUSMIRAN publikatu du Ipar Hegoa Fundazioak. Egoera ekonomikoa lehen mailako kezka da euskal jendartearentzat eta gerta daitekeenaren gaineko galderak ugaldu dira.

Azterlanarekin (Hego) Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzen argazki ahalik eta osatuena eskaini nahi izan du fundazioak. Argazkiak erakusten duena argia da: sistema kapitalistak langileon lan eta bizi baldintzak gero eta oinarri prekarioagoetara eraman ditu.

 

Azterketatik 4 ondorio nagusi nabarmentzen dira:

24 eta 65 urte arteko 2 herritarretik bat prekarietate egoeran bizi da, enplegua eduki arren, diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko. Azterketa lan honetan, prekarietate indizea eguneratu du fundazioak, %49an mantentzen da eta langabeziak behera egin arren eta aktibo kopuruak gora, 1.600€tik beherako diru-sarrerak dituzten langileak ugaritzen ari dira.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da eta lan baldintza duinagoak dituena suntsitzen ari da. Azken hilabeteetan langabezian gero eta herritar gutxiago daude eta erregimen orokorrean afiliazioak gora egiten ari da. Azken urtean sortu den afiliazioaren %89 zerbitzuen sektorean kokatu da, industria sektoreko enpresen itxiera edota langileen kaleratze kolektiboak ugaritzen ari diren bitartean. Datuek, ordea, ez dute industria sektoreko egoera irudikatzen, ERTE asko daudelako indarrean. Bestalde, aldizkako kontratu finkoak igotzen ari dira, 4 emakumetik batek jardunaldi partzialean egiten du lan eta kontratuen %76 inguru behin-behinekoa izaten jarraitzen du.

Bizi baldintza gero eta traketsagoak eskaintzen dizkio langile klaseari sistema kapitalistak.
• Eguneroko bizitza etengabe garestitzen ari den bitartean, langile klasearen erosahalmena galtzen ari da. 2009-2022 urteen artean 5.194€ galdu ditugu, azken bi urteetako hiper-inflazioaren eragina kontutan hartu gabe (ez daudelako datuak).
Politika publikoek ez dute aberastasunaren birbanaketa funtzioa betetzen, soldatek BPGean gero eta pisu gutxiago izateak adierazten duen bezala. Honek, era berean, pobrezia eta ezberdintasun sozialak areagotzen ditu, lan eta kapital arteko arrakalak iraunaraziz.
Osasun sistema publikoa gero eta ahulagoa dugu, merkantilizazio eta pribatizazioaren eraginez. Horren erakusle, Osakidetzan zein Osasunbidean ohe kopuruak urtetik izaniko beherakada esponentziala dugu.
• Azkenik, etxebizitzari erreparatuta: prezioak izaniko gorakada langileon prekarizazioaren aldagai nagusi bilakatu da. Alokairuaren prezioa da gehien igo dena eta soldataren gero eta proportzio handiagoa bideratzen dugu berau ordaintzera. Era berean, etxebizitza soziala edota babes ofiziala eskuratzeko duela urte bete baino 8 urte gehiago beharko lirateke gaur egun.

Beraz, ate aurrean dugun krisira nola, zein baldintzatan, iristen garen erakusten digu azterlanak. Krisi berri baterako oinarriak emanak daude orain arteko egoera kudeatu dutenen aldetik; kezkagarria da prekarietatearen hedaduraren dimentsioa, eta kezkagarria, prekarietate maila horrekin heldu behar izatea etorriko denari. Gauzak ez dira horrela, erabakiak hartu dituzte horrela izan daitezen. Euskal Sindikalismo Eraldatzaileak eremu guztietan lanean jarraituko du, aldaketaren alde.

Ikusmiran 20: Lan eta bizi baldintzak 2025eko apirilean
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri