Angela Davis: “Ikustezina ikustaraztearen beharra dago”

 Irati Sienra, Laura Mintegi, Iratxe Urizar,  Angela Davis, Ainhoa Etxaide eta Saioa Iraola

Hizlarien mahaiean, Irati Sienra, Laura Mintegi, Iratxe Urizar, Angela Davis, Ainhoa Etxaide eta Saioa Iraola. Ipar Hegoa Fundazioa CC Aitortu

 

Ernai, Bilgune Feminista, GITE-IPES eta Ipar Hegoa Fundazioak egindako deialdiari erantzunez Donostiako Iratzar aretoa gainezka zegoen larunbatean, kanpoan berriz jendea zai. Hamarrak jota, aretoan bildutako 300 lagunek txalo zaparrada batekin jaso zituzten Irati Sienra, Laura Mintegi, Iratxe Urizar, Ainhoa Etxaide, Saioa Iraola ponenteak eta, nola ez, Angela Davis militante afroamerikarra.

 

 

Laura Mintegi izan zen hitza hartzen lehena eta Angela Davisen ibilbidearen zertzelada batzuk marraztu zituen. Han eta hemen ibilitako emakumea da Angela Davis. Estatu Batuetan zein Europan, Hegoaldean zein Iparrean lehen pertsonan bizi izan du kolore, genero zein ideologiaren araberako zapalkuntza. Horregatik, seguru aski, gaztetatik askatasunaren aldeko borroka ezberdinetan murgilduta ibili da.

16 urterekin hasi zen militatzen eta mugak gainditzeko interesak bultzatuta egin du beti aurrera

Angela Davis Euskal Herria, borroka tradizio luzea duen herria dela aipatuz hasi zen. 16 urterekin hasi zen militatzen eta mugak gainditzeko interesak bultzatuta egin du beti aurrera. “Hegoaldeko Johannesburgo”  izendatu zuen bere jaioterria, afroamerikarren aurkako segregazioa eta arrazakeriagatik. Handik iparraldera joan zen, “askatasuna” aurkituko zuelakoan, baina horren ordez beste modu bateko arrazakeriarekin egin zuen topo. Frantziara ere joan zen “Liberté, egalité, fraternité” lemaren atzean dagoen “askatasuna” ezagutzeko asmoz. Garai mugituak ziren. Algeriako iraultza garaian internazionalismoa ezagutu zuen eta Alderdi Komunistan sartu zen.

 

Angela Davis hizketan

Iratxe Urizar, Angela Davis eta Ainhoa Etxaide Ipar Hegoa Fundazioa CC Aitortu

 

Europatik, jarraitu zituen Estatu Batuetan suspertzen ari ziren beltzen eskubideen aldeko mugimenduak. Estatu Batuetara itzuli zenean bat egin zuen askatasun zibilen aldeko mugimendu haiekin. Davisen ustetan zapalketa guztiak elkar lotuta dauden heinean hauen kontrako borroka ere bat eta bakarra da. “Zapalketa eta askapen borroken artean zubiak ikustaraztea eta eraikitzearen garrantzia” nabarmendu zuen.

“Zapalketa guztiak elkar lotuta dauden heinean hauen kontrako borroka ere bat eta bakarra da”
Angela Davis

Beti egon izan da borroken lehen lerroan, eta horrek kartzelaren gordintasuna ezagutzera ere eraman zuen. Nahiz eta errugabe izan, 1970ean kartzeleratu zuten heriotza, konspirazioa eta bahiketa leporatuta. Hiru heriotza-zigor bota zizkioten. Oso gogoan ditu garai haiek, “kartzelan egon nintzen garaian nazioarteko kanpaina ikaragarria antolatu zuten nire askatasuna eskatuz. Eskutitzak eta argazkiak jasotzen nituen”. Milaka lagunek mugimendu bat sortu zuten, horiek izan ziren “ezinezkoa lortu zutenak”. Munduko pertsonarik boteretsuenen kontra ari ziren borrokan: Ronald Reagan zen Kaliforniako gobernadore, Richard Nixon Estatu Batuetako presidente eta Edgar Hoover FBIko burua. Agerian geratu zen zer den mugimendu bat sortzea.
 
Emakumeen lana ere azpimarratu nahi izan zuen. “Emakumeek egindako lana beti ezkutuan geratzen da”. Hala nola Montgomeryko busetan segregazioaren aurka egindako boikotean lehen lerroan egon ziren emakumeak. “Ikustezin ikustaraztearen beharra” aldarrikatu zuen. Borroka hark ez bazuen garapen hura izan beltzen eskubideen aldeko borroka ere ez zen gaur ezagutzen duguna izango. “Garrantzitsua iruditu zait beti konexio horiek agerian uztea”.

 

Iratzar gela, lepo

Iratzar gela lepo eta adi-adi Ipar Hegoa Fundazioa CC Aitortu

 

Kartzeletan gertatzen denari ere gertutik begiratzea garrantzitsu deritzo. Hain zuzen ere kartzela boterearen tresna bat baita herri baten aldarrikapenak ezabatzeko. Gizartearen zaborrontzia da. 98an adibidez, militante talde batek, espetxeari buruzko konferentzia antolatzea erabaki zuen, espetxe konpleju industrialaren nozioa jendearen artean zabaltzeko, zigorra eta kapitalismoaren arteko lotura ikustarazteko modu intersekzional batean. 300 pertsona espero genituen eta 3500 etorri ziren. Hor ikusi genuen mugimendu hori beharrezkoa zela.

“Kapitalismoak arrazakeriaren historiarekin lotura estua du, esklabutza kapitalismoaren oinarria da”
Angela Davis

Angela Davisentzat azken urteetako gertakariek erakusten dute kapitalismoak arrazakeriaren historiarekin lotura estua duela, esklabutza kapitalismoaren oinarria dela, eta beraz honen kontrako mugimenduak sortzea beharrezkoa da. Adibide gisa jarri zituen, 2012an, Travor Martin hil ostean sortutako erantzunak edo “black lifes matter” mugimendua.

Txalo zaparrada baten ostean mahaiko beste hizlarien txanda iritsi zen. Irati Sierna, Ernai erakundeko kideak, emakume eta gazte izateak berarekin dakarren motxila pisuaz hitz egin zuen. Hain zuzen ere “herri mugimendua gizon, heldu, zuri eta heterosexualen arabera egina dago” eta errealitate hau errotik aldatu behar da. Hau da “ertzetako identitate periferikoei lehentasuna eman behar zaie, zentrora ekarri behar dira”.

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari Nagusiak, bere aldetik uste du erronka nagusia boterea eskuratzea dela, hau da “kapitalari erabakitzeko ahalmena kendu behar zaio”. Borroka hau aurrera eramateko estrategia berriak behar ditugu, praktika politiko eta sozial berriak non Herria izango den gakoa. Hain zuzen ere Etxaidek azpimarratu bezala “ezin da Herri prozesurik egon Herririk gabe”.

Bilgune Feministaren izenean Saioa Iraolak hartu zuen hitza eta ezer baino lehen “borroka sozialaren kriminalizazioa bizitzen ari garela” salatu zuen. Bestalde azpimarratu zuen pairatzen ditugun “zapalkuntzak politikoak baldin badira, politikoki sendatu behar direla”. Hau behartzeko “subjetu ezberdinok elkar begiratu, aitortu eta elkarrekin lan egin behar dugu”. Ez da makala aurrean dugun erronka eta beraz “pazientzia” beharko dugu.  

irati
“Ertzetako identitate periferikoei lehentasuna eman behar zaie, zentrora ekarri behar dira”

Irati Sienra

ainhoa etxaide
“Estrategia berriak behar ditugu, praktika politiko eta sozial berriak non Herria izango den gakoa”

Ainhoa Etxaide

saoia
“Subjetu ezberdinok elkar begiratu, aitortu eta elkarrekin lan egin behar dugu”

Saioa Iraola

Publikotik hainbat interbentzio egon ziren. Izaskun Garciak, LABen izenean, aipatu zuen prekarietatea jasaten duten sektore guztiak aktibatu behar ditugula, “antolaketarako eskaintza espezifiko egin behar diegu”. Edurne Larrañagak Eskubide Sozialen Kartaren esperientzia partekatu zuen. Bere hitzetan “prozesu eraldatzailea izan da bitarteko zein helburuetan”. Bestalde azpimaratu zuen prozesu mota hau “aliantzen bidez hauspotzen dela”. Aliantzen gaiari eutsiz Olatz Dañobeitiak batasunaren beharra aldarrikatu zuen, “diferentizak ez dira ezabatu behar, homogeneizazioa borrokatu behar da”.

“Ez dago kontraesan guztiak askatu beharrik lanean hasi aurretik”
Angela Davis

Lorea Agirrek feminismoa eta euskalgintza izan zituen mintzagai. Gogorarazi zuen gaur egun oraindik ere, euskal hiztunok diskriminatuak garela eta Davisek jasandako zapalkuntzarekin lotura eginez azaldu zuen “euskaraz hitz egiterakoan zure azala belztu egiten dela”. Beraz “beste eredu batzuk ezartzeko botere hartu behar dugu”.  Miren Zabaletak kartzeletako argazkia egin zuen, “pertsona biziz betetako hilerria da”. Bere ustez sortuko dugu estatu berrian “ezin da kartzelan oinarritutako zigor-sistemarik egon”.

Esandako guztiaren aurrean Angela Davisek jarri zion amaierako puntua jardunaldiari. “Pazientzia” inportantea dela deritzo baina aldi berean “urjentziaz jokatu behar dugu”. Egoera larria da eta “ez dago kontraesan guztiak askatu beharrik lanean hasi aurretik”. Honetaz gain askatasuna eskatu zuen euskal preso politikoentzat.

Ekarpenak egiten

Ekarpen ugari eta mamitsuak izan ziren. Olatz Dañobeitia berea egiten. Ipar Hegoa Fundazioa CC Aitortu

   

Angela Davis: “Ikustezina ikustaraztearen beharra dago”
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri