Forum Subiranistaren VII. Eskola Subiranista
Espainiar estatuko herrietako mugimendu subiranisten fundazio eta erakundeak biltzen dituen elkarteak VII. Eskola Subiranista egingo du azaroaren 28 eta 29an Bilboko Bizkaia aretoan

Forum Subiranista espainiar estatuko herrietako mugimendu subiranisten fundazio eta erakundeak biltzen gaituen elkartea da. Foruma 2016an bildu zen lehen aldiz, eta ia 10 urte daramatza zubiak eraikitzen eta herrien eta erakundeen arteko errespetuzko eta lankidetzako elkarrizketa-gune bat sortzen. Forum honetan Robles-Arangiz Fundazioa, Ipar-Hegoa Fundazioa, Alkartasuna Fundazioa, Betiko Fundazioa, Alternatiba Elkartea eta Iratzar Fundazioa gaude, beste fundazio eta elkarteen artean.
Forum Subiranistak Eskola Subiranistaren 6 edizio egin ditu dagoeneko. Lehenengoa, hain zuzen, Euskal Herrian izan zen 2020ko otsailean. Eta orain, Euskal Herrira itzultzen da azaroaren 28an eta 29an, jarrera demokratiko, integratzaile eta eraldatzaileetatik burujabetzaren eskariaren gaurkotasuna ardatz duen programa batekin. Noiz eta muturreko eskuindarrek konkista sozialak atzerarazteko eta aniztasun ororen kontrako eredu autoritario eta ukatzaileak inposatzeko egiten dituzten presio gero eta handiagoen unean.
Ondoeza soziala balio eta bultzada erreakzionario eta nostalgikoetara bideratzeko asmoaren aurrean, Franco diktadorea hil eta 50 urtera, burujabetza eraldatzaileak mahai gainean jartzen du nazioa, estatua eta subiranotasuna gaur egungo gakoak izateaz gain, funtsezkoak direla gehiengo eraginkorrak egituratzeko gai diren alternatibak eraikitzeko, zerumuga partekatu baten inguruan.
Gaurkotasun amorratua duten gai horiei erantzungo die VII. Eskolaren egitarauak: hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta gogoeta-taldeak. Euskal Herritik, estatu espainiarreko beste herrietatik eta Sizilia, Portugal, Brasil, Feroe Uharteak eta Alemaniatik etorritako hizlari eta lagunek hartuko dute parte.
Aipatzekoak dira, halaber, Hervor Pálsdóttir, Feroe Uharteetako Parlamentuko diputatua, Raquel Varela, historialari portugaldarra, Raul Zelik idazle alemaniarra Mònica Clua intelektual katalana eta Rodrigo Nunes muturreko eskuinari buruzko ikertzaile brasildarra.
Eskola bi bloketan garatuko da: lehenengo blokea, publikoari irekia, ostiral arratsaldean egingo da, eta Paolo Gerbaudo pentsalari italiarrak [estatuaren itzuleran, erakunde politikoen digitalizazioan eta gure garaiko beste erronka batzuetan aditua] hitzaldi magistral bat eskainiko du. Ondoren, mahai inguru bat egingo da espainiar estatuko herrietako adituekin.
Bigarren blokea larunbateko jardunaldi osoan zehar garatuko da, Foruma osatzen duten fundazioetako lagunei mugatuta.
Beraz, gaur egun burujabetzan, munduan eta bereziki Europar Batasunean interesa duten lagunak gonbidatzen ditugu azaroaren 28an, ostirala, 17:30etik aurrera, Bizkaia Aretoko [Bilbo] Baroja aretoan egingo den hitzaldian eta ondorengo mahai-inguruan parte hartzera.


