HEMEN ERABAKI. Eredu ekonomiko, sozial eta politiko berri bat eraikitzea ezinezkoa da burujabetza prozesurik gabe

“Lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerak” leloarekin, otsailaren 19an, jardunaldia egin dugu Donostiako Kursaalen, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldarrikapen historikoaren 25. urtemugaren harira.

Hemen Erabaki Kursaal

 

 

Aurrera begirako gogoeta egiteko asmoz bildu gara Kursaalen, nostalgiak bultzatuta baino, ikasitakoa baliagarria izateko helburuarekin, egungo eztabaidan laguntzeko bidean. Hala ere, atzera egiteko tartea egon da lehen hizlariarekin, duela 25 urte LABeko zuzendaritzako kide zen Txomin Lorcarekin. Berari egokitu zaio jardunaldien kokapena egitea: “Aldarrikapen eta mobilizazio bateratu eta historiko hori posible izan zen LAB eta ELA artean ekintza batasuna zegoelako. Baldintza objektiboak bazeuden horretarako. Hain zuzen ere, industria birmoldaketaren ondorioz, lanpostu ugari galdu ziren 80. hamarkadan. 170.000 langilek galdu zuten lana Hego Euskal Herrian. Honek agerian utzi zuen eredu estatutarioak ez zuela tresnarik industria birmoldaketari aurre egiteko, ezta gatazka politikoari klabe demokratikoetan erantzuteko ere”.

HE txomin lorca

Ondoren, Lorcak galdera bat bota du, iraganetik orainera jauzia egiteko: «Baldintzak antzekoak badira, posible egin zuten erakundeak gaur ere baldin badaude, sektore biek ekintza sindikal hori desiratzen badute, arlo politikoan eta instituzionalean horren beharra badago eta horren emaitza onak eman bazituen… zerk ekiditen du iraganean piztu genuen ekintza sindikala berriro ere aktibatzea?».

Erronka hori eta beste hainbat izan dituzte hizpide gainontzeko hizlariek. Guztien artean egungo argazkia irudikatu dute.

 

Ipar Euskal Herria: elkargoa ez da nahikoa

Lehen solasaldiaren bitartez, Ipar Euskal Herritik hasi dira egungo egoera irudikatzen, nondik gatoz eta nora goazen galdera oinarri hartuta, Eguzki Urteaga soziologoaren, EH Bai-ko kide Anita Lopeperen eta LABeko ordezkari Eñaut Aramendiren eskutik.

HE enaut aramendi

 Espainian gertatu bezala, Frantzian ere lan erreformak izan direla ekarri du gogora Eguzki Urteagak; 2016 eta 2017an, hain zuzen ere. Lege aldaketek hainbat erabaki murritzaile ekarri dituzte, langileen eskubideen kontra; enpresa akordioari lehentasuna, kaleratze ekonomikoei atea zabaldu, kaleratze bidegabeentzat maximoak ezarri, enpresa ertain eta txikietan sindikatuen beharrik gabe negoziatzeko aukera ahalbidetu…

Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkarteari buruz ere aritu da Eguzki Urteaga, eta, erakundearen eskumenak zerrendatu eta gero, arazoa finantzazioan egon daitekeela azaldu du: “Edo finantzazio propioa garatzen du edo proiektua bera ukituta gera daiteke”.

 

Elkargoaren gaiak ireki du hausnarketarako tarte handiena. Anita Lopepek adierazi du elkargoa ez dela abertzaleek amestutako erakundea, baina onartu du abiapuntu bat dela: “Ipar Euskal Herrian urrats txikien kultura dugu, eta urrats txiki bat bada. Eskumen asko jarri dira mahai gainean, adostutakoa anbizio handiarekin egin da, baina bere garapenean izango du arazoa”. Marko propiorik ez izateak dakarren mugari buruz aritu da orduan, eta helburua Lurralde Kolektibitate Berezia dela nabarmendu du, Korsikak duenaren antzekoa. Hortaz, demokrazian sakontzeko eta baldintzak sortzeko eremu bat izan daiteke elkargoa, baina ez da nahikoa, Anita Lopeperen hitzetan.

 

HE eguzki urteaga

 LABeko Ipar Euskal Herriko arduradun Eñaut Aramendik, berriz, langileentzat negoziazio eremu bat izatearen garrantzia azpimarratu du, eta horretarako borondate politikoa ezinbestekoa dela gaineratu du, funtzio publikoari dagokionez, behintzat. Elkargoari zuzendu zaio, hortaz. “Elkargo bat dugu, 300.000 biztanle kudeatzen ditu, eta gure arduradun politikoek urratsak egin beharko lituzkete funtzionarioak Ipar Euskal Herritik kudeatu ahal izateko; eskumen hori hartu. Borondate politikoa eskatzen dugu horretarako. Legez egin daiteke. Bakarrik borondate politikoa behar da. Noizbait apurtu behar dugu egungo ereduarekin”.

 

 

Nafarroa: aldaketa, burujabetza helburu

Ipar Euskal Herritik Nafarrora. Jardunaldien bigarren hitzaldian, Nafarroan emandako aldaketari buruz aritu dira LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera, EH Bilduko Iruñeko Udaleko zinegotzi Patri Perales eta Ernaiko kide Lur Albizu; aldaketak nahikoa aldaketa ekarri ote duen argitu nahian.

 

Horretarako, lehenik eta behin, aldaketaren apustua egiteko arrazoiak azaldu ditu Imanol Karrerak: “Egoera erabat antidemokratikoa zen. Aldaketak salbuespen politika horren amaiera ekarri zuen, 2015ean. Burujabetza prozesua burutzeko ez da nahikoa, baina beharrezko baldintza bat da bide horretan”.

Imanol Karrerak iritzi du aldaketak demokratizazio berria ekarri duela, baina demokratizazio hori erabatekoa ez dela zehaztu du: “Gobernuak jarraitu du patronalaren politika babesten. Patronalak jarraitzen du agintzen politika ekonomikoan”.

 

HE patri perales

Patri Peralesen arabera, “aldaketa zerbait dinamikoa da, bide bat da. Munstro bat deseraikitzen ari gara, eredu berri bat eraikitzen, lau talderen artean, oso anitzak, oso desberdinak direnak. Ikusten ari gara, eta erakusten ari gara, instituzioetan beste eredu bat gauzatu daitekeela”.

Argi du aldaketa herritarrek ekarri dutela, eta herritarrei esker mantendu dela: “Mandatu bat genuen lau taldeok, eta horri esker iritsi gara honeraino. Bide bat da, hainbat eskubide berreskuratu dira. Asko falta da, bai, baina lan hori instituzioen eta herritarren artean egin behar dugu”.

 

HE lur albizu

Hori bai, Imanol Karrerak eta Patri Peralesek ez ezik, Lur Albizuk ere uste du Geroa Bai gertutik zaindu beharra dagoela, “nork agintzen duen” erakutsi nahi izaten duelako: “Foruzainek erabilitako bortizkeria hor kokatuko nuke; Huerta de Peralta eta Maravillas gaztetxearen kasuak, adibide”.

 

 

Bide berrien beharra

Eguneko hirugarren hitzaldian, “25 urte: esparru propioaren eztabaida eta aukerak, egun” lelopean, bete betean heldu diote jardunaldiaren gai nagusiari LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, EH Bilduko parlamentari Larraitz Ugartek eta Mario Zubiaga irakasleak.

 

HE mario larraitz garbine

Garbiñe Aranbururen esanetan, gaurkotasun betea du lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldarrikapenak. Lehentasunezko borroka bat dela adierazi du, eta, orduan bezala, aldaketa soziala aldaketa politikoarekin guztiz lotuta dagoela nabarmendu du: “Eredu ekonomiko, sozial eta politiko berri bat eraikitzea ezinezkoa da burujabetza prozesurik gabe”.

Egoera honetan, eskaintza sozioekonomiko argia egiten asmatu behar dela esan du, jendeak aldarrikapena bere egiteko: “Erabakitzeko eskubidea edukiz jantzi behar da, jendea horretara atxikitu nahi baldin badugu”.

 

HE garbine

Larraitz Ugarteren hitzetan, “zerbait berria asmatu behar da herri hau irabazteko.‘Prueba-error’ fasean gaude. Bide guztiak jorratu behar ditugu, estrategia konkretu bat jarraitu gabe. Herrietatik eta herritarretatik egingo diren aliantzak izango dira emankorrenak”.

EH Bilduko parlamentariaren arabera, “emozioak falta zaizkigu. Tripek eta emozioek ematen duten indarrean sinetsita nago. Emozio horiekin konektatuko duen zerbait berria sortzea falta zaigu burujabetzarako bidea egiteko”.

 

Mario Zubiagak, bere aldetik, adierazi du bide berriak asmatzeko koiuntura analisi egokia egin behar dela, eta jauzi bat ematea beharrezkoa dela: “Herrigintzan mobilizatzeko prest dagoen jende kopurua antzekoa da beti, izan Gure Esku Dago, izan Euskaraldia, izan Korrika. Kristalezko sabaia bat dago, eta hori nola gainditu pentsatu beharko dugu. Hamarkada askotarako ditugu ziurtatuta aldarrikapen hauek, belaunaldi berriek Estatu propioa eta abar aldarrikatzen jarraitzea, alegia, baina noizbait eman beharko dugu jauzia, ezta?”.

 

 

Boterea eraiki

Jardunaldiko azken solasaldiak herrigintza eta estatugintza izan ditu ardatz, Sortuko kide Pello Otxandiano, Bilgune Feministako ordezkari Amaia Zufia eta LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyoren eskutik. Hemen ere bide eta eredu berriei buruz aritu dira gogoetan.

HE boterea

Pello Otxandianoren hitzetan, “herrigintza zikloaren sustapenean ezker abertzaleak zeresan handia du. Erregai ideologikoa izan da urtetan: gizarte antolaketatik oso proiektu potenteak eraiki egin dira. Praktika politiko eraldatzaile bati esker gauza asko eraiki egin dira, baina ziklo hori itxita dagoela dirudi. Berria irekitzeko aurrekoa itxi behar da, agortu egin delako. Beraz, zein testuinguruan gauden, eta nola iritsi garen honera, horretaz hausnartu behar dugu”.

 

Amaia Zufiak iritzi du herrigintza berpizten ari dela hainbat erpinetatik, eta guztioi dagokigula egungo jokaleku desengonkorrean jardutea: “Ez dago estrategia homogeneo eta heroikorik. Kultura politikoa berrasmatu behar dugu”. Era berean, boterearen inguruan hausnarketa interesgarria utzi du: “Boterea eraiki egin behar da, behetik gorako logikan; eskuratu, berreraikitzeko. Gero eta feminista gehiago gara, masa kritikoa asko handitu egin da, baina ez dugu nahikoa botererik gauzak aldatzeko. Boterea behar dugu, baina zer nolako boterea? Boterea kutsatuta baitago. Eraldatzeko botereaz ari gara mintzatzen, eta horretako egiturak demokratizatu egin behar ditugu”.

 

HE amaia zufia

Igor Arroyoren ustez, “agorpen kutsu bat dago naziogintza eta herrigintza eta sindikalismo klasikoari lotuta, baina fenomeno berri batzuen emergentzia ere badago. Zerbait gaizki doanaren kontzientzia dago, bilaketa bat dago, termino indibidualetan beharbada, baina egon badago. Falta zaiguna da proiektu horien inguruan aliantzak leuntzea”.

LABeko idazkari nagusi ondokoak sindikalgintzara ekarri du gogoeta:“Ezkerrak dituen kultura politikoaren ezaugarri batzuk iraunaldia dute, eta harro erakutsi behar ditugu: elkartasuna, babes sareak antolatzea, politizatzea… Hori esanda, kultura sindikala berritu behar da ere. Klase subjektua zein den berrasmatu behar dugu, berrosatu, sektore eta egoera guztiei sarbidea emateko. Konfrontazioaren parametroak ere harago joan behar dira: bizitza versus prekarietatea”.

Igor Arroyok nabarmendu bezala, kapitala eta herritarren artekoa da benetazko gatazka: “Benetazko antagonismoak zeintzuk diren berreskuratu behar dira. Kapitala eta langileen artean; emakumeak eta gizon hegemonikoaren artean. Antagonismo horretan antolatu behar dugu kontraboterea”.

HE igor

HEMEN ERABAKI. Eredu ekonomiko, sozial eta politiko berri bat eraikitzea ezinezkoa da burujabetza prozesurik gabe
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri