Uhinak bekak, pentsamendu kritikoa saretzeko sariak

Bultzada txiki hauekin
pentsamendu kritikoa balioan jarri nahi genuke,
zabaldu eta bistaratu nahi genuke,
errealitatearekin elkarrizketan jarri nahi genuke.

Horretarako saritu, saretu eta argitaratzeko aukera da eskainiko duguna.

Iratzar eta Ipar Hegoa Fundazioek Uhinak bekak sortu ditugu Euskal Herriko pentsamendu kritikoa sustatu asmoz.

Burujabetza politikoa, ekonomia, feminismoa, sindikalgintza, euskara, kulturgintza, gure historia, iragana eta, jakina, gure etorkizuna; horra hor gaitegi zabal bezain anitza. Horretaz guztiaz aritu eta sakonduko duten hausnarketa kritikoak lagundu nahi ditugu eta bereziki aditzera eman, plazaratu.

Uhinak beken xedea, zehazki, aipatu gaien inguruan artikulu luze edo liburuxkak sustatzea da, esan bezala, argitaratzeko helburuarekin eta eztabaida edo ekarpen soziala eragin asmoz. Hau ez da soilik akademian ikertzen ari direnei zuzendutako deialdia, baina egia da bere helburu nagusietako bat ere badela unibertsitateko hormen artean egiten den lan interesgarri horren guztiaren plazaratzea, jendarteratzea.

Euskal herriko zazpi herrialdeetan lan eta bizi diren emakume eta gizonak aurkeztu daitezke deialdira, baita arrazoi politiko, ekonomiko edota sozialengatik atzerrian dauden euskal herritarrak ere. Adituak eta arituak gonbidatu nahi ditugu beka deialdi honetara, akademian ikertzen edota herrigintzan lanean ari direnak. Izan ere, hori ere bada gure asmo nagusietako bat: akademiaren eta herrigintzaren, eta eraldaketa politiko-sozialaren, arteko zubiak eraikitzea, alde batetik eta bestetik datozen uhinak harremantzea.

Proiektuaren aurkezpena zein amaierako lana euskaraz aurkeztu beharko dira. Era berean, dokumentu honetako eranskinean ageri den gaitegia erreferentzia orokor gisa baliatu daiteke sustatu nahi diren gai zehatzez jabetzeko. Edonola, jakina, bestelako gai edo arloetako proiektuak ere aurkez daitezke, beti ere kontuan hartuz pentsamendu kritikoa sustatzea dela Uhinak beken azken xedea.

Uhinak bekak, pentsamendu kritikoa saretzeko sariak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri