Azterketa aurrerapena: Lanbide-arteko gutxieneko soldata propio baten beharra

Ipar Hegoa Fundazioak EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin batera lankidetzan egindako azterketa batean Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio bat ezin ezartzeak langileentzat dituen ondorioak aztertu ditu LAB sindikatuarentzat.

 

Azterketa hau Gizarte Segurantzako erregimenean eta Etxeko Langileen erregimen berezian dauden langileen datu errealen gainean lagin zabal batekin egindako estimazioa da. Esan gabe doa, aztertu ezin izan ditugun beste erregimen batzuetan (nekazariak, langile autonomoak,...) dauden langileen eta ezkutuko ekonomian ari direnen egoerak ezin izan ditugula jaso. Beraz, hemen aipatuko ditugu kopuru absolutoak, oso handiak eta esanguratsuak izanik ere, minimozkoak dira. Hemen aurkezten dugun azterlana, aurreago osotasunean argitara emango dugun lan zabalago baten parte da.

Lehenik eta behin azpimarra egin nahi diogu auzi bati: 1500 euroko soldata minimoa erreferentzia gisa hartuta, HEHn LGSaren zorua egon beharko zukeenetik %21 beherago dago eta honek soldata egitura osoa debaluatzen du. Soldata egitura osoa, ez bakarrik 1.500 eurotik behera daudenen soldata. Eta adierazi behar dugu ere, soldatek gero eta pisu gutxiago dutela BPGrekiko, azken 15 urtetan 3 puntuko pisua galdu dutelarik, estatu espainiarrean joera guztiz kontrakoa denean.

Hori esanda, gatozen Hego Euskal Herriko langileengan LGS propioa ezin ezartzeak dituen ondorio zuzenak xehetzera.

• Orokorrean esan behar dugu Hego Euskal Herriko 5 langiletik batek egiten duela lan 1.500 euroko soldataren langatik behera. 5 langiletik batek (%21,55), zenbaki borobiletan horrek 240.000 euskal langile esan nahi du.

• Jakina, langile horien ezaugarriak aztertzera jotzen dugunean, bereziki zaurgarriak diren kolektiboak agertzen zaizkigu argazkian

◦ 240.000 langile horien bi heren emakumeak dira. 1500 euro baino gutxiagoko soldata duten langileen hirutik bi emakumeak dira (160.000, %66,91). Eta ia emakume enpleatu guztien herena dago soldata maila horretan.

◦ Gazteek ere modu berezian pairatzen dute egoera hau. Azterlanean 30 urtetan jarri dugu adin muga, eta ondorioztatu ahal izan dugu 240.000 lagun horien herena gaztea dela (62000, %25,84). Eta emakumeekin gertatzen den bezala, langile gazte guztien herena dago soldata baldintza horietan lanean. Gazteen artean egoera hau emakume gazteen artean modu nabarmenagoan ematen da gizon gazteetan baino.

◦ Eta hirugarrenik langile migranteen egoera ekarri nahi dugu hona. 240.000 langile horien erdia Euskal Herritik kanpora jaiotakoak dira (119.000, %49,67) Eta Euskal Herritik kanpo jaiotako guztien herena dago soldata baldintza hauetan lanean (emakume migranteen kasuan %40ra iristen da tasa hori)

• Soldatak, eta batez ere, 1500etik beherakoak, ez daude Hego Euskal Herrian bizi den egoera sozioekonomikoaren eta dagoen bizi mailaren eta prezioen arabera doituta. Azken urteetan bizi izan dugun hiperinflazioaren fenomenoak erosahalmenaren galera azkartu du.

• Laburpen honekin amaitzeko aipatu behar dugu ez dela diru arazo bat. Enpresen mozkinak gorantz doaz. Gorantz doaz, langileen soldatak igotzen direna baino askoz ere gorago. Mozkin horien barnean kokatzen da 1500 eurotik beherako soldatak ordainduta poltsikoratzen ari diren dirutza. 2024ko abenduko soldatak erreferentzia bezala hartuta enpresari eta administrazioak, 1500 eurotik behera dauden 239.535 euskal langileen soldaten diferentzia horrekin 461 milioi euro gehitu dituzte urte batean euren mozkinetara. Beraz, dirua egon badago gutxienezko soldata igo eta soldatak orokorrean hobetzeko.

Arestian aipatu bezala, gaur aurkezten dugun hau lan osoaren zati bat besterik ez da. Laister lan osoa aurkeztuko dugu.

 

Azterketaren egileak - Ipar Hegoa Fundazioa
- EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleak
Aztertutako datuak -Gizarte Segurantzaren Bizitza Laboralaren Lagin Jarraitua
-Etxeko langileen erregimen bereziko datuak
Lagina Gizarte Segurantzako 36.579 langileko lagina
Ezarritako langa 1.500eko soldata 14 pagatan
Azterketaren datuen data 2024ko abendua
Errore marjina -%5
Azterketa aurrerapena: Lanbide-arteko gutxieneko soldata propio baten beharra
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri