Ikusmiran 24: Industriaren deskarbonizazioa Euskal Herrian

LAB sindikatuak Sindikalismo ekosozialistaren aldeko apustua egiten du eta, hori aurrera eramateko, beharrezkoa da Euskal Herriaren etorkizuneko ekoizpen-ereduari buruz eztabaidatzea.
Trantsizio ekosozialistako programa baterantz jo beharra dugu: sektore estrategikoen kontrol publikoa, plangintza demokratikoa eta eguneroko bizitzako funtsezko esparruen desmerkantilizazioa oinarritzat hartuta. Trantsizio horrek sektore guztiak ukitzen ditu: zaintza, etxebizitza, garraioa, elikadura, energia, hezkuntza eta osasuna. Ez da eraldaketarik lortuko prozesu isolatuen bidez.
2025eko ekainean, LAB sindikatuak trantsizio ekosozialerako industria-politikaren inguruko analisia eta proposamenak aurkeztu zituen. Ildo horretan sakonduz, Euskal Herriko industriaren deskarbonizazioa hartu dugu aztergai txosten honetan. Gai zabala eta estua, aldi berean. Zabala, oso sektore desberdinak ukitzen dituelako, bakoitza bere prozesu ekonomiko eta lan-prozesu bereziekin. Eta estua, alde batera uzten dituelako beste gai garrantzitsu asko, trantsizio ekosozial benetan justu baterako ezinbestekoak direnak halaber.

2026ko Maiatzaren 26ean Bilboko batzar nagusietan egindako Mintegi Soziekonomikoan aurkeztu zuen sindikatutak eta gaur zuen esku jartzen dugun azterlan hau.
Ikuspegi ekosozialista oinarri, hamarkada baten balantzea egin da bertan, eta egungo industria-eredua eraldatzeko eta bidezkoa izango den eta lan-eskubideak eta bermeak zainduko dituen benetako deskarbonizazio baterako bidean aurrera egin ahal izateko sindikatuak proposatzen dituen estrategiak xehatu dira.
Hasteko, Euskal Herriko egoeraren erradiografia bat jasotzen du txostenak, hiru ardatzen inguruan: lana, ekonomia eta energia.
Ondoren, CO2 isuri gehien dituzten sektoreek 2013 eta 2023 artean izandako bilakaera aztertu du.
Hurrena, sektore horiek deskarbonizatzeko bideak deskribatu ditu: eskaria murriztea, batetik, ekoizpena eraldatzea, bestetik. Enpresa-proiektu nagusiak deskribatu eta jaso dituzten laguntza publikoak aztertu ditu.
Azkenik, lan-gatazka batzuetan arreta jarri eta LABen industria-politikarako proposamen batzuk aurkeztu ditu.


