Ikusmiran 22: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu desorekatuagoan banatzen da, lurralde barneko ezberdintasunak areagotuz. Horixe egiaztatu dugu Ikusmiran 22, Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzen inguruko azterketan.
Errealitatearen ahalik eta argazki osatuena egitea izan da lan honen ahalegina, herri gisa dugun ikusmira galdu gabe. Zein den benetako egoera objektiboki zehaztu dugu, baina ez balorazio hutsean gelditzeko, baizik eta ekinbide soziosindikala eraginkortzeko, beti ere langileen alde.
Azterketaren zertzelada nagusiak: 2022ko eta 2024ko txostenen joerak berresten dira.
BAT. Nafarroako biztanleen erdiak prekarietate ekonomikoko egoera batean bizi dela esan daiteke, horrek daukan larritasun guztiarekin.
25 eta 64 urte arteko biztanleen %48k bizitza duina mantentzeko diru sarrera nahikorik gabe bizi da, enplegua edukita ere. Suntsitu den enpleguaren lan baldintzak ez dira lehengoratzen ari eta sortzen ari den enpleguak baldintza gero eta ezegonkor zein prekarioagoak ditu. Pentsionisten %38 ere egungo Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik beherako pentsio jasotzen du, muga hori duintasunez bizitzeko gutxienaren oso azpitik badago ere. Bi datu hauek bakarrik, modu argian irudikatzen dute prekarietatearen hedapenaren sakona.
BI. Prekarietatearen hedapen horrek herritarren gehiengoarengan du inpaktua. Are gehiago, desberdintasun sozial eta ekonomikoak handitzen ari dira. Nafarroan, desberdintasun sozialak neurtzen dituzten indize guztiak azken urteetako balio altuenetan daude.
Nafarroako biztanleen %17,9 pobrezia arriskuan dago. 115,728 nafarrez ari gara. Politika publikoek ez dute lortu joera hau gelditzea eta iraultzea. Kontrara, pobrezia arriskua eta desberdintasun soziala hazten ari dira.



HIRU. Etxebizitza eskubidea, eskubide izatetik gero eta urrunago. Izan ere, lan baldintzen kaskartze prozesuarekin eta ezegonkortasun egoerarekin batera, etxebizitza da langileon prekarietatean eragin handiena duen aldagaia, herritar guztion eskubidea beharko lukeena, gutxi batzuen mozkin bilakatuta.





