Bizitzea merezi duen bizitza, egin dezagun posible

Garbiñe Aranburu

LAB sindikatuko Idazkari Nagusia

 

Konturatzerako amaitzear da urtea eta aurtengoak eman ditu eman beharreko gehienak. Artikulu hau idazten ari naizen momentuan, Madrilen, lan erreformaren negoziazioak zabalik jarraitzen du eta jakin badakigu ez dela lan erreformarik indargabetuko. Ikusteke dago, Gobernu, patronal eta sindikatuen arteko adostasunik egongo den, ikusteke patronalaren beto eskubideak zenbaterainoko pisua izango duen, ikusteke presio sozialerako gaitasunik ez duten sindikatuek zenbateraino amore emango duten. Guztia ez da, hiru eragileen arteko kontu soila eta abisu argia bidali dute alderdi soberanista batzuek. Aurrekontuak ere hizpide izan ohi diren garai hauetan, aparteko arazorik gabe aterako dituzte aurrera Gobernu desberdinek aurrekontu horiek. Beste behin ere, aberastasunaren birbanaketaren aldeko apusturik egin gabe, politika publikoek behar duten norabide aldaketarik bultzatzen ez dituzten aurrekontuak izango ditugu.

Urtea amaitzearekin batera, urte berriko amets edota asmoetan pentsatzen jartzen gara. Bakoitzak baditugu gure asmoak, eta modu batera edo bestera asmo horiek hobeto bizitzeko nahiarekin dute zerikusia. Sena iraultzailea dugunok ez dugu bizirautera mugatu nahi, bizitza duinarekin amesten dugu, horregatik, gaurkoan, asmo on horiek norbanakotik kolektibora eta ekintzara pasatzea da proposatzen dudana, izan gaitezen eragile aktibo bizitzea merezi duen bizitza posible egiteko.

 

Sena iraultzailea dugunok ez dugu bizirautera mugatu nahi, bizitza duinarekin amesten dugu

Hitzetik hortzera darabiltzagu prekarizazioa eta bizitza duina. Zer da bada bizitza duina? 2008ko krisiak sakondu zituen azken urteetako politika neoliberalek agerian utzi dutena da prekarietatea ezin dugula lan baldintzekin soilik lotu. Borroka perspektiba zabaltzea beharrezkoa dugu, bizitza duina edo bizigarria izan dadin soldata eta lan baldintza duinak aldarrikatzera ezin gara mugatu. Lana, zaintza eta ondasun banaketa, lan osasun eskubidea, zerbitzu publiko duinak (osasungintza, hezkuntza, zaintza sistema publiko komunitarioa) edota oinarrizko behar izanak (etxebizitza, elikadura, energia, prestazio sozialak) bermatuak izateko eskubidea dugu. Horixe izan da, hain zuzen ere aurreko Kongresutik hona garatzen ari garen ekintza soziosindikalaren muina.

Kapitala eta Bizitzaren arteko arrakala sakondu egin du pandemiak. COVID osteko jendartean izango diren aldaketen sakontasuna neurtzea zaila egiten bazaigu ere, ez dugu zalantzarik aldaketa handiak izango direla, aro berri batean murgiltzen ari garela konturatzerako. Sistema honek, pertsonen eta planetaren bizitza suntsitzen du eta lehiatzeko prestutasuna izan eta prestatzen ez bagara, aurre ikuspenak ez dira batere goxoak langileontzat.

Lan harremanen eraldaketa sakona gauzatzen ari da, langileak atomizatu eta soldata eta lan baldintzak kaskartuz. Era berean, ez dago borondaterik diskriminazio eta arrakalak eragiten dituen sexuen araberako lan banaketarekin amaitzeko, ez bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren lan horien aitortza politiko, ekonomiko eta sozialerako. Pertsona migrante eta arrazializatuen egoera lazgarria parez pare jartzen digun gertakariek ez dute etenik. Larrialdi klimatikoa ukaezina da eta erantzun egokia eman nahi bazaio produkzio eta kontsumo eredua aldatzea besterik ez dago, aldiz, zuriketa berdearen garaian sartu gara.

 

Lan harremanen eraldaketa sakona gauzatzen ari da, langileak atomizatu eta soldata eta lan baldintzak kaskartuz

Bilakaera demografikoak, erronka berriak dakartza. Geroz eta herritar gehiagok behar dute pentsioa eta abian den erreformak pentsio sistema publikoa ahuldu egingo du. Bestalde, zaintza lanak emakumeen bizkar gainean, eremu pribatuan aitortzarik gabe edo lan merkatu arautuan oso baldintza prekarioetan ematen jarraitzen dute. Bestetik, ekonomia globalizatuaren ondorioak pairatzen ari gara.

Erronka hauek guztiek instituzioen papera indartzea eskatzen badute ere, sektore publikoak, ekonomian jokatzen duen papera gero eta ahulagoa da eta kapitalaren interesei mesede egiten die. Diru publiko gero eta gehiago eskualdatzen da esku pribatuetara kontrapartidarik eskatu gabe. Zerbitzu publikoetan izan diren murrizketa eta pribatizazio politikei eutsi eta behar bezalako garapenik gabe eta aberastasuna birbanatzen lagunduko lukeen zerga erreformaren eztabaiari heldu gabe.

Bizitza kolpatzen duten eta fase oso bat ezaugarrituko duten aldaketak gauzatzen ari dira. Aldaketa horietan eragiteko bokazioa dugu, aldaketa horiek borrokatzen ari gara eta apustu argi bat egin dugu mobilizazio ziklo berri bat abiatzeko. Aktibazio fasea indarrez, ofentsiban ekiteko, Greba Orokorra mugarri oso garrantzitsua litzateke. Estatu mailan irekiak dauden eztabaidetan eragiteko greba eta batez ere euskal agenda indartzeko greba. Euskal Estatua aldarrikatu ez ezik, urratsez urrats eraiki egin behar da eta LABek bide soberanista indartuko duen grebaren alde egin du, aurreko grebaren bidea berreskuratu, eraldaketa sakonak eskatu eta Euskal Herrian Madrilen posible ez den hori posible egingo duen borrokaldiari abiapuntua jarriz.

Sektore publikoak, ekonomian jokatzen duen papera gero eta ahulagoa da eta kapitalaren interesei mesede egiten die

Ez dugu lortu motzean greba horretarako gehiengo sindikalik. Aukera bat galdu bada ere, egindako lana ez da alferrikakoa izan. Sektore eta lantokietako borrokak hauspotzen jarraitzea dagokigu eta suspertzen ari dira borroka sindikalak. Etorriko dira berriak ere, bero dator datorren urteko negoziazio kolektiboa, biderkatuko dira enplegu duina defendatzeko borrokak, eremu pribatu zein publikoan, osasun sistema publikoa indartzeko kalera aterako gara, pentsio duinen alde ere bai eta zaintza sistema publikoaren aldeko aldarrikapenak ere izango du tarterik. Abiatu berri dugu ekintza sozialeko komunitatea, borrokarako aukera berriak irekiko dizkiguna. Beste sindikatu eta eragileekin egindako bidea eta harremanak ere ez dira ezerezean geratuko, dinamika soziala elikatzen jarraituko dugu.

Prest gaude erronka horiei guztiei aurre egiteko. Sindikatua langile guztientzat erreferentzia eta tresna eraginkorra izan dadin, birpentsatzen etengabean gaude. Kurtso amaieran izango dugun Biltzarrean sakonduko dugu hainbat erabakietan eta izango dira berrikuntzak.

Bizitzea merezi duen bizitza amesten eta borrokatzen jarrai dezagun. Bizitzea merezi duen bizitza, egin dezagun posible.

Bizitzea merezi duen bizitza, egin dezagun posible
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Leer más