Trantsizioa ekosoziala izango bada, gurea izan behar du hitza

Ainhoa Etxaide Amorrortu

LAB sindikatuko idazkaritza feministako kidea

 

Krisi klimatikoa ukatzen duenik egon arren, bazterrean eta bazterretik egiten den diskurtsoa da gure artean. Etorkizuna baldintzatzen digun eta egunerokoan geroz eta gehiago nabaritzen dugun krisiak badu beraz izena eta izana. Ez da gutxi, feminismoak aspaldi erakutsi zigulako izendatzearen borroka egitea funtsezko urratsa dela gauzak aldatu ahal izateko. Funtsezkoa bai, baina ez nahikoa.

Krisi klimatikoak agenda politiko eta sozialean geroz eta leku gehiago izan arren, ez du egoera ekonomikoa aztertzeko eta irakurtzeko ikuspegia aldatzea ekarri. Ingurumena ez da kokatu egitura eta eredu sozioekonomikoaren osasuna eta egokitasuna neurtzeko erabiltzen diren aldagai nagusien artean. Bi hitzetan, ez da erabakigarria gure etorkizuna goitik behera baldintzatuko badu ere. Egunero ditugu horrela dela esateko arrazoiak, esaterako: Eguraldiaren Mundu Mailako Erakundeak iragarri berri du datozen bost urteetan muturreko beroa egingo duela (maiatzaren 17ko albistea), El Niño delako fenomeno metereologikoaren eta CO2 isurien metaketa iraunkorraren ondorioz. Momentu berean jakin dugu Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, hazkunde ekonomikoa uste baino handiagoa izango dela (maiatzaren 15eko albistea), arrazoi nagusien artean energiaren prezioa egonkortu izana kokatu da. Bi iragarpenen artean loturarik ez egitea eta hazkunde ekonomikoaren albistea nabarmentzea hazkundearen prezioa muturreko beroaldia elikatzea dela ezkutatuz adierazgarria da guztiz. Beste behin ere, pozik agertu dira gobernuak hazkunde ekonomikoa egiten diren politiken arrakasta erakusten dutelako.

Krisi klimatikoak agenda politiko eta sozialean geroz eta leku gehiago izan arren, ez du egoera ekonomikoa aztertzeko eta irakurtzeko ikuspegia aldatzea ekarri

Gauzak berdin egiten jarraituz gero, emaitzak berdinak izango direla esanez abiatu genuen LAB sindikatuan Birpentsatzen prozesuaren baitako gogoeta sakona sindikalgintzaren krisiaz. Begi bistakoak ziren muga eta oztopoak gainditzeko, bide, galdera eta erantzun berriak behar genituela ondorioztatu genuen; inertziak alboratuz deserosoa bezain zaila zen barne hausnarketa egin genuen sindikatua biluzteko eta langileriaren zein euskal herriaren gaurko testuingurura ekartzeko. Zaila izan zen bai, baina beharrezkoa eta emankorra ere bai.

Krisi klimatikoak eredu sozioekonomikoa birpentsatzeko ariketa egitea eskatzen du. Honaino ekarri gaituen eredu ekonomiko eta soziala arakatzea, biluztea, krisi iturriak eta eragileak identifikatzea eta behar beharrezkoa den aldaketa prozesua antolatzea. Inongo asmorik oraingoz. Krisi klimatikoa guztion ahotan egon arren, ez da eredua birpentsatzea eta eraldatzea helburu duen prozesu baten oinarria gaur gaurkoz. Prekarietatea eta pobrezia lan munduaren benetako egoera erakusten diguten adierazle nagusiak diren moduan, ekoizpenak sortzen duen kutsadura maila erabakigarria izan behar luke zer, nola eta zenbat ekoizten den erabakitzeko krisi klimatikoaren testuinguruan. Baina ez da horrelakorik egiten eta ondorioak hor daude 13. Ikusmiran ikusi dezakegunez, azken 14 urteetan ez da gas isurketatan murrizketa esanguratsurik eman Hego Euskal Herrian. Gauzak ez dira berez aldatuko, eta gaurko politika publikoekin gutxiago.

Honaino ekarri gaituen eredu ekonomiko eta soziala arakatzea, biluztea, krisi iturriak eta eragileak identifikatzea eta behar beharrezkoa den aldaketa prozesua antolatzea

Kurtso politikoaren irekieran krisi klimatikoak markatu zuen Urkullu lehendakariak egindako egoeraren azterketa, trantsizioaren beharra azpimarratuz, behin eta berriro. Ondoren, zerrendatu zituen egitasmo eta asmoetan krisia desagertu eta euskal ekonomiak bere bidea egiten jarraitzeko proposamen kate luzea aurkeztu zuen. Aldaketarik ez industria ekoizpena eta kontsumoa ardatz duen hazkunde ekonomikorako gobernuaren programa politikoan. Turismoa aberastasuna sortzeko lehenesten den jarduera ekonomikoa bilakatu da eta herritarron egin beharra ahal bezain beste kontsumitzea, ekonomiak bere martxa jarrai dezan.
Gertuago dugu Nafarroan eguraldia dela eta gertatutakoa. Momentu berean kudeatu behar izan dira lehortea eremu batzuetan eta uholdeak bestean. Hitz egin da aldaketa klimatikoaz, baina erabakiak ura kudeatzeko orain 30 urte pentsatutako politikekin hartu dira eta kalte-ordainen kezkak guztiz irentsi du sakoneko eztabaida. Galdu da, berriro ere, egoerak politika publiko ezberdinak eskatzen dituela esan eta egiteko aukera. Esan zezaketen uholde arriskuaren aurrean politikarik egokiena basoak babestea, zuhaitzak landatzea eta errekak zaintzea dela; arrastorik ez. Izan zitekeen nekazaritzan eta abeltzaintzan nagusi den eredua auzitan jartzeko aukera paregabea; nahiago izan dute lehenengo sektorearen ur kontsumoa neurriz kanpokoa dela esan, ekoizle txikiak eta industria handia parekatuz.

Horrela bada, krisi guztietan bezala, aldaketak egongo dira, zalantzarik gabe. Etorriko dira krisi klimatikoak behartuko dituen aldaketak eta nozituko ditugu sistemak egingo dituenak bere burua betikotzeko. Aldaketok trantsizio ekosozialaren forma hartuko duten, ordea, ikusteko dago oraindik. Hori da erronka, hor dago borroka, eta bete betean gaude lehia horretan.

Ikusteke dago aldaketa hauek sektore publikoak zuzenduko dituen edo merkaturen logika guztiaren gainetik jarriz eremu pribatuaren esku utziko den. Ikusteke dago, fokua energiaren kontsumoan jarri eta kutsadura maila benetan murriztea ardatz duen trantsizioa izango den edo iturriak ordezkatuz dena berdin jarraitzea den helburua - bide batez, krisia negozio itzela bihurtuz betikoentzat-. Ikusteke dago, botere ekonomikoak erabakiko duen edo herriaren parte hartzea ziurtatuz pentsatu eta burutuko den prozesua izango den. Helburua Euskal Herria etorkizunari begira jarriko duen edo helburua sistema kapitalista euskal lurraldeetan betikotzea izango den. Hauek dira, besteak beste, trantsizioaren izaera eta ezaugarria definituko dituzten borrokak, prozesuaren egitura erabakiko dutenak. Burujabetza ardatz duten lehen mailako borroka politikoak jakin dakigunez.

Etorriko dira krisi klimatikoak behartuko dituen aldaketak eta nozituko ditugu sistemak egingo dituenak bere burua betikotzeko. Aldaketok trantsizio ekosozialaren forma hartuko duten, ordea, ikusteko dago oraindik. Hori da erronka, hor dago borroka, eta bete betean gaude lehia horretan.

Eta badaude egunerokoan egin eta irabazi behar ditugun borrokak ere bai. Gertukoak, gure lantokiarekin, bizimoduarekin, herri eta auzo ereduarekin edota mobilizazio agendarekin lotura zuzena dutenak. Gure esku dauden borrokak, hondamendiarekin negozioa egiten jarraitzea ekidin dezaketenak. Berritutako Programa Sozioekonomikoak gure borroka sindikalak krisi klimatikoaren testuinguruan kokatzen ditu. Herri mugimenduaren baitan eta beste eragileekin ditugun aliantzek posible egin dute mobilizatzeko eta borrokatzeko aukerak langileen eskura egotea. Trantsiziorako batzordeak antolatzea da gure proposamena langileria trantsizioaren egile eta eragile izateko. Honek guztiak lantokietan egiten dugun ekintza sindikalean ekarri beharko lukeena aztertzen ari gara. Hitza hartzeko egitasmoak eta ekimenak martxan jartzen, badakigulako ez digutela hitza emango.

Handiegia den krisiaren aurrean txiki nahi gaituzte. Ez gaituzte horretan aurkituko. Eskuetatik joan zaigun egoera delakoan, amore eman eta etorkizuna euren eskuetan utzi dezagun amesten dute eta amesgaiztoa izateko gogo biziz aurkituko gaituzte, honetan ere bai.

 

 
Trantsizioa ekosoziala izango bada, gurea izan behar du hitza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Leer más